Dokumentuaren akzioak
Ezpata-dantza, brokel-dantza eta aurreskua Añorgan
Eguerdiko 12:00etan jendea biltzen hasi zen Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen aurrean. Txistulariak, dantzariak, auzokideak eta mezatik ateratzen zirenak. Arkaitz-eko 40 dantzariek ezpatak eskuan, ezpata-dantza osatu eta txistularien ondotik jo zuten frontoira. Bertara iritsi eta ezpata-dantza eskaini zuten. Segidan, arkua osatu zuten ezpata luzeekin eta azpitik pasa ziren dantzari beteranoak eta Añorga elkarteko lehendakaria.
Brokel-dantza eskaini zuten segidan: agurra, belauntxingoa, makila handiekikoa, makila txikiekia, uztai txikiena, uztai handien dantza, zinta-dantza, brokel-makilena... Jose Lorenzo Pujanarekin orain 83 urte abiatutako taldeak, denbora guzti horretan landu dituen dantzak aletu zituen banan-banan.
Brokel-dantza bukatu eta soka-dantza egiteko prestatzen hasi ziren dantzari beteranoak. Baina lehenengo Jose Mari Gutierrez atabalaria izan zuten gogoan. Ez da urtebete Gutierrez hil zela taldeak emanaldia Donostian eman behar zuen egunean. Seme-alabei oroigarri bat eman diete eta minutuko ixilunea eginda soka-dantzari heldu diote. Belaunaldi desberdinetako dantzariak sokan eta dantzan ikusteko aukera eskaintzen du beteranoen aurreskuak. Abarketak dantzatzerakoan garai bateko dantzaera eta urratsak ikusteko aukera izaten da.
Tradizio luzeko taldea da Arkaitz, baina 2009ko Karmen egunean tradizio hori berretsi eta aurrera begira urrats bat ematea erabaki dute. Jaso duten Gipuzkoako dantzen ondarea orain arte bezala zaindu eta erakusteaz gain, urtero karmen egunean ezpata-dantza eta brokel-dantza eskaintzeko erabakia hartu dute, eta neska-mutilak bereiztu gabe, dantzari soil bezala aintzat hartuta, ekin diote lanari.
Dokumentuaren akzioak