Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Explica Dansa euskal dantzari begira

Dokumentuaren akzioak

Explica Dansa euskal dantzari begira

2019/09/25 08:45
Explica Dansa euskal dantzari begira

Toni Jodar, Helena Tornero, Mikel Sarriegi, Beatriu Daniel eta Aitor Furundarena. Beasain, 2019-09-10.

Bi hamarkada daramatzate Toni Jodar eta Beatriu Daniel dantzari eta sortzaile katalanek Explica Dansa proiektuaren bidez dantzaren dibulgazio lanak egiten. Dantza tradizionala jarri du jomugan hurrengo proiekturako eta euskal dantza tradizionalean lanean diharduten dantzari, koreografo, sortzaile eta ikertzaileekin bildu dira egunotan Explica Dansa proiektua osatzen duten kideak.

Explica Dansa
Toni Jodar, Lide Arana eta Beatriu Daniel. Dantzagunea, 2019-09-09.

Explica Dansa
Barbara Raubert, Toni Jodar, Juan Antonio Urbeltz, Iñaki Arregi, Helena Tornero, Jexux Larrea, Beatriu Daniel. Donostia, 2019-09-12.

Dantzaren kodeak

Hitza eta gorputza, testua eta dantza elkarrekin lanean jarriz dantzak hizkuntza artistiko moduan dituen kodeak eta osagaiak azaldu eta eszenaratzen dituzte; dantzaren lengoaia arrotz gertatzen zaien ikusleei alor honetara hurbildu eta gozatzeko bidea eskainiz. Dantza garaikidea ezagutzera ematen zuen hitzaldi-dantzaldia arrakasta handiz aurkeztu dute urteotan, eta orain hurrengo proiektuaren prestaketan burua-belarri sartuta dabiltza.

Explica Dansa
Explica Dansa, Indagacion deituriko saioa. Dantzagunea, 2019-09-13.

Explica Dansa
Jon Maia, Toni Jodar eta Helena Tornero. Dantzagunea, 2019-09-09.

Dantza tradizionalari begira jarri dira Explica Dansako kideak, dantza eszenikorako baliabide eta lehengai oparoa izateaz gainera, dimentsio sozial zabala eta errotua duela ikusita. Euskal dantza tradizionalaren dinamika aberatsak erakarri ditu eta Gipuzkoako Diputazioa eta Dantzagunearen laguntzarekin, zenbait egun egin dituzte Gipuzkoan euskal dantza tradizionalaren alorreko kideak elkarrizketatuz, ezagutuz eta zenbait dantza ekitaldi zuzenean ikusiz.

Plazan eta aretoan

Toni Jodar eta Beatriu Daniel dantzariak, Helena Tornero eszena zuzendaria, Barbara Raubert kazetaria eta Gala Jodar dantzari eta antropologoa izan dira Euskal Herrian euskal dantza tradizionalaren ahots, izen eta urratsetan barrena egindako bidean. Uda aurretik egin zuen lehen bisita Toni Jodarrek, eta Juan Antonio Urbeltz ezagutu eta Martin Zalakain ikuskizuna zuzenean ikusteko aukera izan zuen. Orain lantalde osoa izan da Euskal Herrian, Dantzagunetik koordinatutako egonaldi mamitsuan parte hartuz.

Explica Dansa
Toni Jodar eta Juan Antonio Urbeltz. Arrasate, 2019-06-01.

Donostian, Errenterian, Beasainen, Iruñean, Eibarren, Lasarten eta Baionan izan dira, eta Gari Otamendi eta Sofia Alforja Dantzaguneko langileen eskutik elkarrizketatu eta ezagutu dituztenen zerrenda oparoa izan da: Juan Antonio Urbeltz, Claude Iruretagoiena, Aitor Furundarena, Lide Arana, Joseba Tapia, Ane Albisu, Jon Maya, Patxi Laborda, Edu Muruamendiaraz, Jon Iruretagoiena, Mikel Sarriegi, Jexux Larrea, Iñaki Arregi, Ihitz Iriart, Amaia Rodriguez, Aiert Beobide, Aritz Ibañez eta Oier Araolaza besteak beste.

Explica Dansa elkarrizketa Dantzan-en
Patxi Laborda, Toni Jodar eta Helena Tornero, Explica Dansa proiektuarekin inguruan Eibarren, Dantzan bulegoetan, 2019-09-11.

Emaitzaren zain

Explica Dansaren lantaldeak dantza tradizionalaren alorrean egiten diharduen mamitze eta janzte lanaren ondoren dantza tradizionalaren kodeak, sinboloak eta ideiak azalduz ikuskizun dibulgatiboa prestatuko du. Oraindik bidea dute egiteko, baina euskal dantza tradizionalean ikusi eta bildutakotik izango da aztarnarik azken emaitzan.

Explica Dansa
Ane Albisu eta Toni Jodar. Dantzagunea, 2019-09-10.

Explica Dansa
Beatriu Daniel, Barbara Raubert, Helena Tornero, Joseba Tapia, Toni Jodar eta Sofia Alforja. Lasarte, 2019-09-11

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.