Euskal kultura izango da Smithsonian Folklive jaialdian protagonista
Aurretik jakinarazi genuen moduan, euskal kultura izango da Smithsonian Fundazio entzutetsuaren Folklive jaialdiko protagonista nagusia. Aurkezpen ofiziala joan zen ostiralean egin zuten Donostiako Tabakalera arte garaikidearen zentroan, Smithsonianeko Michael Atwood, eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailburuak eta EAEko hiru diputatu nagusiak buru zituen instituzio-ordezkaritza batek. Haiekin batera izan zen izendapena lortzeari bultzada handia eman dion John Garamendi Amerikako Estatu Batuetako (AEB) ordezkarien etxeko kidea.
Urtero egiten da Folklive jaialdia Washingtonen, AEBetako ikur politiko nagusiak diren Etxe Zuriaren eta Kapitolioaren artean, eta helburu nagusitzat du AEB osatzen dituzten kulturak ezagutaraztea. Aurtengo gaia kultura erresistenteak izanik, euskal kultura aukeratzearen motiboa da jaialdiaren aurtengo gaian erabat kokatzen dela. Izan ere, kultura erresistenteen inguruan egituratuko da aurtengo egitaraua.

Euskal kultura aukeratzeko motiboen artean oso garrantzitsutzat jo zuen, “euskal diasporako kideen eskakizuna”, eta izendapena “diasporaren eta Euskal Herriaren arteko lotura sendotzeko garrantzitsutzat” jo zuen. Atwooden hitzetan, “Euskal Herriak egungo munduaren une globala irudikatzen du. Oso herri zaharra da, eta era berean, mundu osora heltzen ari da. Mundu osoan konexioak dituen tokiko kultura da. Horregatik, Euskal Herriak gaur egungo errealitate garaikidea ulertzeko laguntza handia eman diezaieke milioika estatubatuarrei”.
Informazioa: Basque. Innovation by Culture (Smithsonian Folklife Festival)
Dantzan