Dokumentuaren akzioak
Euskal Herritik Eskoziara dantzara
Etxepare Institutak bultzatzen duen "ScotlandGoesBasque" egitasmoaren barruan, hainbat euskal dantzarik Eskoziako kultur jaialditan parte hartuko dute. Programa horren bidez, hainbat diziplinetako euskal artistek eta sortzaileek, tartean dantzariak, emanaldiak eskainiko dituzte Eskozian urtarriletik urrira bitartean. Helburua da Eskozian eta nazioartean euskara eta euskal kultura ezagutaraztea eta prestigioa ematea. Kultura, arteak eta hizkuntzaren bidez Eskoziarekin harremanak estutu nahi dira.
Ekimenaren bidez literatura, arte eszenikoak, musika eta zinea jorratuko dira, besteak beste. Dantzari dagokionez, euskal dantza talde batek Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionalak uztartuko dituen ekoizpen amateur batean hartuko du parte. Eskozian egiten den mundu mailako kaleko ikuskizunen jaialdirik handienean ere izango dira euskal konpainiak. Bestalde, Sra. Polaroiska talde artistikoak, "kaleko dantzariak" dokumentala erakutsiko du.
Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionala
Euskal dantza talde batek egonaldia egingo du Eskoziako Highlands-etan, Eskoziako dantza tradizional talde batekin ikuskizuna prestatzeko. Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionalak uztartuko dituen ekoizpen amateur bat egingo da, eta hortik ateratako dantza piezarekin Glasgow eta Edinburgoko kaleetan emanaldi bana egingo dute. Bi taldeek prestatutako ikuskizun hori Euskal Herrian ikusteko aukera ere izango da, Eskoziako dantza taldea Euskal Herrira etorriko baita, irailean Errenterian egingo den Atlantikaldia jaialdira.
Edinburgoko Fringe jaialdia
Mundu-mailan, kaleko ikuskizunen jaialdirik handiena da Edinburgoko Fringe jaialdia, abuztuan ospatzen da. Milaka artista eta ehundaka emanaldi egoten dira hiriko zenbait gunetan, kalean zein leku itxietan. Euskal konpainiak jaialdian izateko helburuarekin, National Center for Dance (Eskoziako Dantzagune nazionala) erakundearekin landu da programazioa. Bertako programatzaile bat irailean Euskal Herrian izan zen, ADDErekin, Dantzagunearekin, eta La Fundicion-ekin landutako bisitan. Aurrez programatzaileak berak aukeratutako zortzi konpainia ikusi zituen zuzenean eta ikusitakoen artean lau aukeratu ditu. Edinburgoko Fringe jaialdian izango dira Krego Martin konpainia, HQPC kolektiboa, Akira Yoshida dantzaria eta Tio Teronen semeak taldea.
Maria Martinek eta Judith Ruizek sortutako Krego Martin konpainiak dantzaren humanizazioa islatzea helburu duen "(Non) comfort zone" ikuskizuna aurkeztuko dute. Mailys Arrabit dantzari Baionarrak, berriz, "Habrá Que Ponerse Cachas" (HQPC) ikuskizuna eramango du Eskoziara Xabier Madina Manterola eta Ebi Soria Coron dantzariekin batera. Akira Yoshida dantzari nafarrak, "Home" pieza erakutsiko du eta Tio Teronen semeak taldeak Fresh Cool antzezlana aurkeztuko dute Edinburgoko kaleetan.
"Kaleko dantzariak" dokumentala
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzatik ateratako Europa Transit enbaxada ibiltaria, gerra edo gatazken lekuko izan diren edo diren Europako hamar hiritara joan zen eta dokumentalak egin zituzten. Orain dokumental horietako batzuen emanaldiak izango dira Eskozian. Horien artean izango da "kaleko dantzariak" dokumentala, Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxek osatzen duten Sra. Polaroiska talde artistikoak egina. Dantza tailer bat antolatu zuten Plovdiven (Bulgarian). Bertan, ijito-etniako zenbait gaztek hartu zuten parte eta, elkarrekin, dantza ekitaldi bat aurkeztu zuten hiriko erdigunean. Parte hartu duten gazteen eta antolatzaileen artean garatutako harremanari esker, Bulgariako ijito etniaren egoera latza ezagutzea du helburu dokumentalak. Dantza, artea eta kultura, aurreiritzien, gizarte-bazterketaren edo ezberdina izatearen beldurraren aurkako antidotoak direla erakutsi nahi du “Kaleko dantzariak” dokumentalak.
Informazioa: ScotlandGoesBasque-programa (PDF)
Dokumentuaren akzioak