Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal dantzak eta generoa, heteronorman kateatuta?

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantzak eta generoa, heteronorman kateatuta?

2013/06/14 11:36

Iloba dantzan egiten ikustean euskal dantzan generoek eta rolek duten paperaz sortzen zaizkion gogoetak plazaratu ditu Amelia Barquin-ek. Gaia sakon ezagutu gabe, ikusle moduan soilik hitz egiten duela dio. Jakinmina du "euskal dantzan, adibidez, generoaren inguruko hausnarketarik egin den" jakiteko, eta aitortzen du "ikusle moduan behintzat" ez duela horrelakorik igarri.

Ilobaren taldean ikusitakoa deskribatzen du: "Neska ala mutila zaren arabera, oso arropa desberdina egokitzen zaizu. Bikoteak heterosexualak izaten dira eta generoen rolak diferenteak dira. Mutil dantzak eta neska dantzak ere badaude, baina dantza mistoetan ez ditugu ikusiko bi mutilek bikote bat osatzen eta rol desberdin horiek egiten; bi neskek bai osatu dezakete bikotea, mutilen faltan. (Dantza taldeetan mutil gutxiago apuntatzen direnez, oso preziatuak dira). Neska batek mutil rola betetzea ondo ikusita dago; beste arloetan bezala, prestigio estatusean igotzea da eta. Mutil batek neska rola betetzea, berriz, barregarria da besteen aurrean, gizonek emakumeen gauzak egitea estatus jaitsiera delako. Bestalde, gay moduan agertzeko beldurra handiegia da gizonek emakumearen rola jokatuta; bollerak, berriz, existitzen ez direnez (gizarteak haiekin itsuarena egitea erabaki du), errazago zaie neskei bikoteak osatzea."

Bi gizon baztertuak Donostiako plazan

Mutilek osatutako bikoteei buruz Donostian plaza dantza saio batean gertatutakoa aipatzen du Amelia Barquin-ek. Bi gizonek osatutako bikoteak Berrian argitaratutako artikuluan salatu zuten baztertuak izan zirela dantza ekitaldian dantzarako bikotea osatzeagatik. Heteronormaren indarra beste dantza mota batzuetan ere antzekoa dela azaltzen du Barquin-ek, adibidez, Gasteizen swing talde batzuetan antzeman du rolen banaketa genero araberakoa, e.a.

Kezkaz betetako galderak plazaratzen ditu Ameliak: "Noiz arte izan behar da horrela? Noiz irekiko dira beste aukera batzuk? Dantzaren munduak tradizioari begira egon behar du soilik (eta tradizioa patriarkatua da) edo etorkizunari begira ere ba al dauka zer hausnartu?". Urrats positiboak antzematen ditu dantzaren zenbait eremutan, eta Tangoa aipatzen du, non Tango queera zehazki, bakoitzaren identitatea aintzat hartu gabe, baikoitzak nahi duen rola jokatuz dantzatzen den bikote dantza eredua.

Ekarpenak eta erantzunak

Kinka blogean bertan zenbait erantzun izan ditu Amelia Barquin-en gogoetak. Ana I. Morales-ek txalotu egin du Barquin-en azterketa, eta gaineratu du "Dantza garaikidea kenduta, nik dakidanagatik dantza guztiak guztiz estereotipatuak dira genero rolei dagokienez".  Ana I. Moralesek ballet klasikoaren eredu esterotipatua jasanezina gertatzen zaiola azaldu du.

Aritz ibañez-ek Baztanen gertatzen ari denarekin lotu du, eta aurretik beste toki batzuetan (Zuberoa, Kortes, e.a.) egin diren gogoetak eta urratsak aipatu ditu. Bere esanetn "dantzaren munduan bizien dagoen eztabaidetako bat da hau". Bere esanetan, gizarteko beste zenbait funtzioetatik apartatuta egon diren bezala, dantzaren mundutik parte egon dira emakumeak, gizonek apartuta, baina "XXI. mendean, guretako hori ez da onargarria eta honi buruzko erreflexio bat ezinbestekoa da."

Generoak baldintzatu gabe antolatutako zenbait ezpata-dantza aipatu ditu Ibañez-ek, "neskak edo mutilak ez, dantzariak hartu genituen aintzat dantzak eta jantziak sortzerakoan, eta beraz, dantzariek dantzatzen dute bertan, zango artean zer duten, horri erreparatu gabe".

Tradizioa gaitz guztien erantzulea?

Tradizioa balore ezkorrekin lotzeko ohiturari erantzun dio Aritz Ibañez-ek: "Tradizioa patriarkatua dela diozu, eta ez naiz ni hori ukatuko duenik, baina niri min egiten dit tradizioa beti balore txarrekin lotzea! Tradizioan gizonek elkarrekin dantzatu izan dute, Argentinara joan behar izan gabe. http://www.dantzan.com/bideoak/zeberio-intxaurraga-jota (00:37) Edo http://www.dantzan.com/bideoak/bizkaiko-jotak-arratiako-jotak"

Oier Araolazak ere utzi du erantzuna Amelia Barquin-en blogean. Onartzen du Barquin-en kritikaren funtsa: "Arrazoi duzu, euskal dantzan, oro har, ez dago zirrikitu askorik heteronormatik kanpo.", eta gogoetak eta ekarpenak urriak direla oraindik, "oso eremu txikietan eta urratsak ere oso urri eman direla, baina urrats txiki-txiki batzuk eman dira, hala ere". Urrats txiki horien artean "genero bereizketarik gabeko dantzen eremutxo bat" eraiki izana aipatzen du, eta hor daudenak "genero markarik gabeko dantzariak dira, dantzariak besterik gabe, generoa aintzat hartu gabe, ez jantzi eta ez koreografiari dagokionez".

Tango queera

Tangoaren adibidearen inguruan ñabardura egiten du Araolazak, "hasierako tangoak nagusiki gizonek gizonekin dantzatzen baitzituzten", eta harrigarria gertatzen dela, nola "bikote homoarekin (gizon-gizon) hasi, gero bikote heterora (emakume-gizon) pasatu, eta transizio horretan genero rol sendoak eraiki diren". Bere esanetan, orain "pozik gaude jokatu beharreko rola hautatu dezakegulako gure genero identitateak baldintzatu gabe, baina irudipena dut rol-ak tangoarekiko konsunstantzialak direla dioen arraina irentsi dugula."

Ibañez-ek jarritako adibide bera jarri du Araolazak tradizioan gizonezkoen bikoteak orain baino arruntagoak zirela erakusteko: "Iaz zenbait dantza solte txapelketetan bi neskak osatutako bikotea aurkeztu zen. Zenbaitek, aitzindaritzat jo zuen. Gure tradizioa zein gutxi ezagutzen dugun frogatzen dute horrelakoek. Genero bereko dantzariek bikotean dantza egitea gure tradizioan ohikoa izan da. Emakumeek, lehen eta orain, elkarrekin dantzatu izan dutela jakina da, baina gizonezkoek ere, emakumeekin baino maizago beraien artean, bikote dantzetan ere bai, dantzatu izan dute. Horra adibide polit bat: http://www.dantzan.com/bideoak/bizkaiko-jotak-arratiako-jotak".

Iturria: Euskal dantzak eta generoa. Ba al dago “neska/mutil” binarismotik ateratzerik? (Amelia Barquin)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.