Ezpelurreko erraldoi dantzariak Azpeitiko plazan dantzan. Irudia: Itierra de Gigantes
Erraldoiak, izaki handi eta beldurgarriak, dantzari eta maitagarri bihurtu dira. Urteetan bilakaera nabarmena izan dute figura hauek: testuingurua, materiala edota itxura bera. Garai batean erraldoi gehienak itsusiak, zatarrak eta gaizto tankerakoak ziren, baina orain itxura samurragokoak ere agertu dira, tartean, dantzarien itxurakoak.
Beldurrari beldur?
Folkloreko hainbat pertsonaia beldurgarri izan dira tradizionalki, horixe izan dute jokatu beharreko funtzioetako bat, beldurra eragin. Olentzeroren beldur ziren umeak igitaiarekin lepo mozten baitzien esna harrapatzen zituen umeei. Erraldoi izaera hori bera eta tankera zantar eta deformatuak izua eragin du historikoki. Erraldoia asezinaren irudia dela esaten du Urbeltzek, Gargantua moduan dena irentsi eta inoiz bete ezin den piztia. Halakoak izan dira tradizioan erraldoiak, Olentzero, Mielotxin, eta abar.
Erraldoiak eta buruhandiak, Irun, 1925. Argazkia: Marin Ricardo - Kutxateka
Badirudi azken aldian, umeen iruditeriatik beldurra sor dezaketen ipuin, kontakizun edota pertsonaiak baztertzeko edo goxatzeko joera hartu dugula. Erraldoiak ere beldurra sortu izan dute, oraindik ere izua ematen dutenik bada, baina haurrak erraldoien lagun egin ditugu: “Herriko txikienek oso maiteak dituzte erraldoiak”, “erraldoiekin lasai jolastu eta ikasten dute”, “umeak ere animatu dira erraldoiak dantzatzera”. Haur eta gaztetxoen konpartsak ere sortu dira eta beraientzako erraldoi txikiagoak sortu. Ez ote gara ari beldurraren, zirrararen eta ilusioaren jokoa galtzen?
Buruhandiak, Yanguas, Soria. Argazkia: Ceferino
Erraldoiak dantzan
Erraldoiak zintzoak eta dantzariak dira orain, erraldoiak sistematikoki dantzatzea, ordea, duela 40 urte inguruko tradizioa dugula dio Patxi Labordak eta erraldoien tradizioaren inguruko zenbait kontu interesgarri azaldu ditu. Luzaroan musikaz lagundurik desfilatzen zuten figurakizan dira. Orain, ordea, zaila da imajinatzea dantzatzen ez den erraldoirik.
Erraldoiak dantzan dabiltza eta azken urteetako joera berrietako bat dantzari itxura duten erraldoiena da; erraldoi dantzariak eta dantzari erraldoiak. Hemen bildu ditugu Euskal Herriko dantzari itxurako zenbait erraldoi.
Iruñeko Donibane auzoko erraldoiek Zubietako inauterietako joalduna, Zuberoako maskaradetako kantiniersa, Otsagabiko Boboa eta Luzaideko bolant-dantzariaren itxura dute. 1990eko hamarkadan Alfredo Felipe Sada eskultoreak egin zituen eta 2020an berritu egin dira.
Iruñeko Donibane auzoko erraldoiak, Joalduna, Kantiniersa, Boboa eta Bolant-dantzaria.
Urduña: Ezpata-dantzaria eta Gorularia
Urduñako Bihotza konpartsako erraldoiek Durangaldeko Ezpata-dantzari eta Gorulari dantzarien itxura dute. 1971akoak dira, Aragonesa de Fiestas fabrikak eginak. 2004an berreskuratu ziren.
Urduñako erraldoiak, ezpata-dantzaria eta gorularia.
Tolosa: Bordon-dantzaria
Tolosako erraldoi eta buruhandien konpartsako erraldoia, Bordon-dantzaria. 1995ko maiatzaren 1ean atera zen kalera lehen aldiz.
Tolosako erraldoia, bordon-dantzaria. Argazkia: Tolosa Turismo
Beasain: Igartzako ezpata-dantzaria eta San Joan esku-dantzako dantzaria
Igartzako ezpata-dantzaria eta Beasaingo San Joan esku-dantzako dantzaria: Mattin eta Jone. Beasaingo Ekaitz erraldoi eta buruhandiak konpartsako erraldoiak, 2014an sortuak.
Argazkia: Beasaingo erraldoi eta buruhandiak
Ezpelur: Otsagabiko dantzaria eta Boboa, Erronkariko dantzariak, Joalduna, Zamaltzaina, Iruñeko ezpata-dantzaria eta Boboa
Barañaingo Ezpelur konpartsak dantzarien itxurako hainbat erraldoi ditu, denak Aitor Callejak eginak. Erraldoi “txiki” eta “ertainen” konpartsa honetako lehenak Otsagabiko dantzaria eta Erronkariko emakume dantzaria izan ziren, 2014an eginak. Urtebete beranduago, berriz, Otsagabiko Boboa eta Erronkariko gizonezko dantzaria atera ziren plazara.
Iturengo inauterietako joalduna, Zuberoako maskaradetako zamaltzaina eta Iruñeko Duguna dantza taldeko ezpata-dantzaria eta Boboa ere badaude Ezpelur konpartsan. Urtebeteko aldea dute guztiek; Ezpata-dantzaria 2017an egin zen eta Boboa 2018an, Joalduna 2019an eta Zamaltzaina 2020an.
Ezpelur erraldoiak, Joalduna, Zuberoako zamaltzaina, Iruñeko ezpata-dantzaria eta boboa. Argazkia: Arkaitz Bengoa (Ezpelur)
Egues: Dantzariak
2016an kaleratu ziren Egueseko bi erraldoi dantzariak, Irati eta Peio. Makilak daramatzate eskutan, dantzarako prest. Aitor Callejak eginak dira.
Egueseko erraldoi dantzariak. Argazkia: Aitor Calleja
Bermeo: Ezpata-dantzaria eta Gorularia
Bermeoko Kietb Erraldoiak konpartsak bi dantzari ditu, Durangaldeko ezpata-dantzariaren itxurakoa bata eta gorulariaren itxurakoa bestea. Erraldoi “txikiak” dira 2,20 metrokoak. Ezpata-dantzaria 2019an sortua da eta gorularia 2021ean. Eneko eta Izarra izena dute eta biak Aitor Callejak eginak dira.
Huarteko erraldoi dantzaria 2022an atera zen plazara dantzara, Suzzane izena eman zioten. Aitor Callejak eginikoa da Mundo Gigantes taldearen enkarguz. Erraldoia eskuak igota dantzarako beti prest.
Huarteko erraldoi dantzaria. Argazkia: Aitor Calleja
Elgoibar: Errosarioko Amaren ezpata-dantzariak
Elgoibarko Haritz dantza taldearen 50. urteurrenean eginikoak, 2023an, Mikel Ibarzabal Beitia bergararrak. Taldeko bi dantzari historikoren aurpegia dute, Jon Lizarralderena eta Arantza Aginakorena eta Errosarioko Amaren ezpata-dantzarako arropak dituzte jantzita. ERBUZEko, Elgoibarko erraldoi eta buruhandien konpartsako, erraldoi dantzariak dira.
Zorotxo Oñatiko gaztetxoen buruhandi eta erraldoi konpartsako erraldoi "txikiak" dira erraldoi korpus-dantzariak. Migelito eta Rosario izena dute eta 2023an eginak dira, Xabi Mendizabalek eta Joanes Diezek.
Oñatiko Gaztetxoen buruhandi eta erraldoi korpartsako erraldoiak, korpus-dantzariak, Migelito eta Rosario. Argazkia: Goiena