Dokumentuaren akzioak
Enrique Aierbe, "Euskal Dantza. Sinboloen inguruan" liburuaren editorea hil da
Dantzan
2020/09/15 09:45
Enrique Aierbe Etxebarria. Hileta oharra
Pasa den irailaren 5ean hil da Hernanin Enrique Aierbe, Gipuzkoako azkenaldiko kultura historiako pertsona esanguratsua, argitalpengintzari sutsu emana, ez-ohiko kalitatezko bilduma bibliografikoan ageri duenez.
Ezagutu dugunok bere aldarte kixotezkoa estimatu diogu, bere eskuzabaltasuna proiektu editorialei aurre egiterakoan, haize-errotek Mantxako heroiarena
bezala liluratu baitzuten bere bizi-ibilbidean.
Pertsonalki, berarekin eta bere argitaldari-lantaldearekin ―egoitza Lasarten duena― harreman estua izateko zoriona izan nuen Euskal Dantza: Sinboloen inguruan gauzatzeko ekimena izan genuenean. Sarrera ederra idatzi zuen bertan Enriquek, eta hor geratuko da, betirako.
Elkarren belaunaldi-kidetzaz gure etxean ohartu zen Enrique, liburutegiko apaletako batean Teilhard de Chardin-en El fenómeno Humano ikusi zuenean, gure lehen gaztaro irrikatsuko halabeharrezko irakurketa. Gure "bigarren" gaztaroan edo helduaro hasiberrian, Jorge Oteiza bisitatu genuen Zarauzko bere etxean. Gogotik eskertu zuen Jorgek, izan ere, gure Enrique maitearen formazio intelektual sendoak gaualdi ahaztezina pasarazi baitzion.
Uneotan, Enriquek eta Jorgek, gure nagusien zeruan, Euskaldunon Ortzian, Zarautzen izandako elkarrizketaren harietako batzuk berrartuko zituzten. Ziur naiz Enriqueren arimaren ontasuna eta edertasuna irribarre eta besarkadarekin hartu dituela Jainkoak zeruan.
Eta orain, zuen baimenarekin, gure Foru Gobernuari eta bere Kultura Sailari eskatzen diot, gure liburutegi probintzialean, ireki dadila gela bat, irakurketa edo ikerketarako, liburuen maitale izan den gure ameslariaren, Enrique Aierbe Etxabarriaren izenarekin.
Juan A. Urbeltz
Euskal Dantza. Sinboloen inguruan
Sarrera-hitzak Enrique Aierben eskutik:
Bi hitz liburu berezi hau aurkezteko, bi hitz beharrezko berezitasun hori nabarmentzeko eta ikerketa antropologikoen barne baloratzeko eta bere testuinguruan kokatzeko.
Agian, dantza izango da kultur adierazpen guztien artean, bere jarduera erritoetan bilatzen duena, eta, horrenbestez, bere zentzu eta adiera sinbolikoa galtzeko arriskurik handiena duena. Izan ere, elementu formalak asko zaintzen badira ere, bere zentzua zuten keinuak mugimendu mekaniko soilak izatera bihur daitezke, bere izaera galduz, nahiz eta estilizazioan irabazi eta itxura estetiko eguneratu bat lortu. Ikuskaritik ondoriozta daitezkeen agerpen folklorikoek, batez ere dantzekin gertatzen dena, kultur fosil gisa gera daitezke, bere materialtasunetik areago ezer gutxi adierazten duten gisara gera daitezke, eduki ezagunik gabeko moduetara murrizten, adiera jakin gabeko adierazpenetara, bere ingurunetik kanpo dauden testuetara. Zenbait kasutan dantzaren keinuen zentzu hori adiera eduki berriez bete da, jatorrian eman zienetik desberdinak badira ere.
Juan Antonio Urbeltz folklorista da, folklorismoaren adiera tekniko garbienean gainera, Etnografiari buruzko jakintza izugarria du, herrialdean zeharreko ibilaldi patxadatsu eta arretatsu baten bidez jaso bilketa lan gogotsua egin baitu. Zientzia euskarri honek, datuen ezagutza zorrotza eta errespetua dakarrenak, hemen, liburu honetan egiten dituen lan etnografikoak egiteko legitimatzen du.
Gure herri honetan dantzak gaur egun dituen forma, funtzio eta adieraren gaineko ezagupen handi horrekin, beste herrialdetako dantzak behatzeko, aztertzeko eta haiekin elkartzeko aukera ezin-hobea ematen diote. Eta liburu hau da, hain zuzen ere, euskal dantzei buruzko eta beste herrietakoekin izan ditzakeen parekotasunen eta loturen gaineko behaketa askoen emaitza, beti ere formari eta sinboloei dagokionean.
Bestalde, Urbeltzek zenbait euskal dantzatan eta beste jai eta koreografia adierazpenetan zentzu aldaketak izan direla uste du eta, beste zenbait kasutan, bere lehen zentzu hura ahaztu dela. Horregatik gure autore honek folklore erritualaren berreskuratze bat proposatzen du, antzezpen irudikapenaren azpian zegoen irudimena eta haren zentzua berraurkitzeko eta jatorrizko sinbolismoa berreskuratzeko.
Liburu honetan kultur arkeologia egiten da dantzaren aztarnategian sakonduz, keinuak bananduz eta kulturaren oroimenean ikertuz, gorputz agerpenak eta jardueraren sekuentziak, mugimendua eta erritoari zentzua eman eta dramatikoak egiten zituen kontakizun galdu hura bilatu nahian.
Ikerketa honek bide desberdinak jorratu ditu eta horietako bat ikonikoa da, kultura desberdinen artean formatan dauden parekotasunek, antzeko zentzua izan dezaketela kontuan hartuz. Eta liburu honetan ekarpen ikonografikoa oso garrantzitsua da, parekotasunak eta hipotesiak indartzen baititu.
Sumatu diren parekotasunak eta kointzidentziak espazio zabal batean barne sartzen dira eta denbora atzera hainbeste egiten dute, badirudiela dantzaren bidez lehen zibilizazioak eratzen direla; eta horrenbestez kultura desberdinetan ageri diren arketipoak agertzen direla. Hala euskal dantzak, gutxienez Europako espazio testuinguru zabal horretan eta neolitikotik datorren denbora perspektiba baten barne kokatzen dira.
Aztarnetan ageri den bateratasunak dantza desberdinei zentzuari buruzko hipotesi ausartak egiteko aukera ematen dio eta, bide batez, erantzun asegarriak bilatzeko erronka diren galdera aski iradokitzaileak planteatuz. Ona izango litzateke honek guztiak euskal etnologia dinamizatzea gai honen inguruan.
Eta kasuren batean tesi eta hipotesi berri hauek ez balira onargarriak, hipotesi horiek berak proposamen poetiko gisa erabili behar dira eta kontakizun berriak sortzeko eta dantzen mugimenduak berrasmatzeko eta hutsuneak zentzuaz betetzeko.
Planteamendu hauei aurre egin ondoren irakurlearen jarrera euskal dantza folklorikoaren aurrean beste era batekoa izango da, ez baita liburu hau informazio etnografiko hutsa ematera mugatzen; hemendik aurrera, ikusle gisa, geure burua definitzera behartuta geratuko gara, jarrera hartu beharko dugu informazio proposamenaren aurrean eta ematen diren datuak aztertzera: gure irudimena berrikusi eta berregokitu beharko dugu.
Dantza ez da keinuaren estetika formalera mugatzen, erritmoaren eta taldearen ekintzara. Hemen agerian jartzen da, koreografiak, narrazioaren indarraren bidez drama egiten dela; eta drama horrek kulturaren historiaren zatiak kontatzen dituela: zibilizazio faseak, sozializazio formak, sineskeriak eta mitoak.
Dantza keinuaren poetika da; eta dantza folklorikoa kulturaren oroimenaren keinu-poetikoa da. Eta liburu honek dantza folklorikoari bere maila hori itzultzen dio. Baina ez datu arkeologiko gisa, isil eta hila bere materialtasunean, baizik eta informazioa eman, poetizatzen, iradokizuna eta sugestionatzen duen tradizioko elementu gisa.
Inauterietako ttuntturroen soinuak, soinuaren izaera araotzaileaz hitz egiten digu; Besta Berriko prozesioan gizarte taldeak bere sorrera naturatik bereiztutako gune batean ospatzen du; ezpatak intsektuaren eztenaren mimesia dira; taldeko dantzatan dantzariak eskuak lotzen direnean, gizarte kohesioa sortu eta sinbolizatzen dute; zinta dantzek bizitzaren hariak bilatzen dituzten perkaren mitoa poetizatzen dute. Aipatutako ikuspegi sinboliko hauek eta beste asko, liburu honetan ageri zaigun sinbolo aukera handia eta poetikoa da, gure euskal dantzak modu aktiboan ikusteko eta, esango nuke, beste edozein dantza folkloriko ikusteko.
Ikusle gisa ere, dantza keinuan bilatzen den oroimenaren birsorkuntza gisa ikusi eta begiratzen dugu. Ikuslea begiratzen ari den ekintza dramatikoan murgildu eta bere kontakizun autobiografikoaren zati egiten du tradizioaren testuinguru zabalaren barne.
Enrique Aierbe Etxebarria
Dokumentuaren akzioak