Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Duela ehun urte bezala emakumeen aurreskuarekin ospatuko dituzte Santurtziko arraunlarien garaipenak

Dokumentuaren akzioak

Duela ehun urte bezala emakumeen aurreskuarekin ospatuko dituzte Santurtziko arraunlarien garaipenak

2021/09/22 07:35
Duela ehun urte bezala emakumeen aurreskuarekin ospatuko dituzte Santurtziko arraunlarien garaipenak

Aurreskua, Santurtzi, 2018-09-29. Argazkia: Amaiur Aristi Arregi - Dantzan CC-BY-SA

Igande honetan, irailak 26, Santurtziko hainbat emakumek aurreskua aterako dute duela ehun urte egin zuten gisan. 1921ean Abrako uretan Santurtziko traineruak irabazi zuen estropada ospatzeko hainbat egunetako ospakizunak antolatu ziren herrian. Irailaren 11n herriko emakumeek arraunlariak omentzeko aurreskua dantzatu zuten parke zentralean. Ehun urteren ondoren, leku berean aterako dute aurreskua, eguerdiko 13:00etan.

XX. mende hasieratan estropadarik entzutetsuenetakoa zen Abrakoa, eta santurtziarrek bereganatu zuten 1921ean. Mende bat pasata, aurtengoan ere egungo estropadarik garrantzitsuena irabazi dute santurtziarrek, Kontxakoa, hain zuzen ere. Horrez gain, Sotera traineruak Eusko Label liga ere bereganatu du. Herriko arraunlarien denboraldi bikaina ospatzeaz gain, Mendi Alde dantza taldearen 60. urteurrena eta erraldoien konpartsaren 25. urteurrena ospatuko dituzte aurreskuarekin. Mendi Alde dantza taldeko 14 bat dantzari aterako dira sokan eta bukaeran Itsasoko Ama arraun elkarteko zuzendaritzako kideak, dantza taldeko hainbat belaunalditako dantzariak eta erraldoien konpartsako kideak gonbidatuko dituzte sokara dantzara.

Ehun urteren ondoren dantzan

1921ean, Ildefonso de Arrolak Santurtziko alkateak kontratatu zuen produktorak grabatu zuen aurreskua, iruditan jasota ezagutzen dugun aurreskurik zaharrena da. 96 urte eta gero, Mendi Alde dantza taldeak aurresku hura oinarri hartuta berriro atera zuen soka 2017an. Oinarrizko urratsak hartu eta soka-dantza osatu zuten. Filma mutua zenez, Jon Gaminderi eskatu zitzaion aurreskuarentzako musika.

 2017an herriko arraunlariak omendu zituzten, 2018an koadrilleroak eta 2019an harri-zulatzaileak. 2020an ez zen dantzatu pandemia egoera zela eta, baina aurten berriro aterako da aurreskua urtebeteko etenaren ondoren. Azken urteetan Sardinera egunean dantzatu dute, aurten oraindik festarik ez da egingo, baina aurreskua dantzatu beharra dagoela erabaki dute, bada zer ospatua eta herrian.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.