Dokumentuaren akzioak
Jesus Eloseguiren bildumaren dantza argazkiak laster sarean
Jesus Elosegui Irazusta (Tolosa, 1907-1979) kirol, kultura eta zientzia alorretan ekarpenak egindako gizona izan zen. Gazterik hasi zen txistulari eta dantzari, eta aurreskulari bezala Eugenio Iturrioz-en azken ikaslea izan zen, eta irakaslearen esanetan, izan zuen ikaslerik onena. Eresoinka musika eta dantza elkartean parte hartu zuen, eta emanaldiz emanaldi Europa zeharkatu zuten.
Aranzadi Zientzia Elkarteko sortzaileetakoa izan zen 1947an, eta elkarteko idazkari eta sustatzaile izan zen hiru hamarkada luzez. Dantzarekiko izan zuen zaletasunaren erakusgarri da 1969an argitaratu zuen Juan Ignacio de Iztueta Etxebarria (1767-1845) liburua, Iztuetaren bizitzari buruzko dokumentazio ugaria jasotzen duena.
Lazkaoko Benediktarrekin elkarlan-hitzarmenari esker antolatu du Aranzadik Jesus Elosegui Irazustaren Argazki Funtsa. 2002an hasi ziren digitalizatze-lanak eta, 2006an bukatuta, hainbat euskarritik (zeluloidea, kristala eta papera) jasotako 18.000tik gora irudi digital jasotzen ditu bildumak.
Eloseguiren bizitzako testigantza ageri da bertan, erbestekoa (Eresoinka, Oiartzungo langileen batailoak, familiako bizitza, etab.), baita ere Eloseguiren afizio eta argazkilaritza-lanena (atletismoa, argazkilaritza-lan profesionalak, dolmenen mundua, etab.). Dantza argazki ugari dago ondarean, bai bere zaletasunetako bat zelako, eta baita ere, Eresoinkaren ibilbidea argazkitan islatzeko ardura bere gain hartu zuelako. Hona adibide batzuk. Goiko argazkia Oñatin egindakoa da 1936an.
Azpian dagoena Tolosan, 1942an egin zuen Eloseguik, eta Jose Lorenzo Pujana ageri da dantzak zuzentzen. Azken argazkia Eresoinkaren emanaldi batekoa da, 1937-1939 bitartekoa.
Datozen egunetan guregipuzkoa.net webgunean sareratuko dira Jesus Elosegui Irazusta bildumako 16.000 argazkiak.
Dokumentuaren akzioak