Dokumentuaren akzioak
“Erabaki gogorra, baina gauzak gaizki egiteko hobeto da ez egitea”
Oñatz dantza taldearen zutoinetako bi dira Jesus Irizar Txutxin eta Maite Irizar aita-alabak. Pasioz eta oso barrutik bizi dituzte Oñatz dantza taldearen gora-beherak, Korpus jaiak, eta euskal dantzari buruzko guztiak. Aurtengo urtea data garrantzitsua da taldearentzat, 50. urteurrena ospatzeko programa zabala antolatuta zuten eta ilusio handiz zebiltzan, baina pandemiak hankaz gora ipini ditu aurrez eginiko lanak eta prestatutako planak.
Aurtengoak urte berezia behar zuen Oinatz dantza taldearentzat, ezta?
Maite: Guretzako urte berezia zen, Oñatzen 50. urteurrena. Horrek taldeari ilusioa eta lana ekarri dio; jendea gogotsu zegoen urteurrena ospatzeko. Data borobila izanik tamaina horretako ospakizun batekin ospatu nahi genuen eta horretarako urte bete gindoazen lanean hamasei lantaldetan banatuta.
Orain dela 50 urte imajinatzen al zenuten mende erdi beteko zenutela?
Jesus: Ez, urrik ere ez. Denborak hala nahi izan du eta horrela gabiltza. Berrogeita hamar urte daramatzat Oñatz taldean, aurretik udaletxeko taldean ibili ginen.
Ez dira ba asko egongo 50 urte taldean aktiboki dabiltzanak?
J: Bueno... bateren batzuk egongo dira.
M: Bakarra, bakarra.
J: Nire satisfazioa da hasi hutsetik eta oraindik hor gaudela. Orain, ordea, gauzak barreratik ikusten.
M: Barreratik?
J: Kar, kar kar!
Baina ospakizuneko ekitaldiak urtebete atzeratu behar izan dituzue.
M: Zeinek esango zuen urtarrileko eta otsaileko ekintza arrakastatsuak pasata martxoa iritsi eta mundua geldituko zenik. Horrekin batera uztailera arteko gure ekintza denak gelditu behar izan ditugu, egoera horretara iritsita pentsatu genuen zirt edo zart egiteko momentua zela. Denontzat hobea izango da, bai disfrutatzeko eta baita buruan geneuzkan ekintza horiek pentsatuta moduan gauzatzeko. Urtebete itxoin, deskantsu bat hartu, ikusi egoera nola dagoen eta 2021. urterako indarrak batuko ditugu. Berregituratu behar bada hala egingo dugu, baina hasierako ilusioekin jarraitzea da asmoa.
Urteurrena, ordea, elkarrekin dantzan hasi zenuten ezta?
M: Niretzako oso berezia izan zen. Alde batetik, aitak dantzan erakutsi dit eta dantza informaletan eta aldamenean eduki dut dantzan, baina berarekin dantza egiteko aukera zuzena ez dut sekula eduki. Bestetik, soka horrek zuen sinbolismoa... sokaren buru izatea eta aita bigarren eskua eta hor sinbolizatu behar zenak daukan pisua, ba, niretzako oso hunkigarria izan zen.
J: Niretzat gauza handia izan zen, gauza asko baitzeuden sokaren barruan: 50 urte, hainbat jende...Sokaren azkenean 12 urteko gazteak zeuden, hori niretzako izugarria izan zen. Kristoren jende pila plazan eta horrek jendea emozionatu zuen. Hor ikusi zen soka-dantza batek ze balore daukan. Urteurrena horrekin hastea erabaki bikaina izan zen.
Gauden egoeran nola hartzen dituzue erabakiak, nola funtzionatu duzue azken asteetan?
M: Ba orain gauden moduan, bideo deien bidez. Taldeko hileroko batzarra egiten jarraitzen dugu. Horrez gain urteurreneko koordinatzaileak eta lan taldeetako arduradunak gehiagotan bildu behar izan dugu urteurrenari zegozkion erabakiak hartzeko. Aste honetatik aurrera ea modu presentzialean elkartzeko aukerarik daukagun.
Korpus jaiak ere bertan behera gelditu dira.
J: Bai, ikusita jai handiak bertan behera gelditzen ari zirela kofradiako, parrokiako, udaleko eta Oñatzeko ordezkariak elkartu ginen erabakia denon artean hartzeko. Erabaki bateratua hartu eta denok batera, aldi berean, publiko egin genuen.
Pena handiz hartu duzuen erabakia izan dela pentsatzen dugu.
J: Erabaki gogorra, baina gauzak gaizki egiteko hobeto da ez egitea. Nire beldurra zen, dantzariek entseatzen ez badute, nola egongo dira, sasoia nola hartuko dute, ze gaitasun izango dute dantzarako? Egoera ikusita, suspendituta lasaiago nago. Hori bai, taldeari esan diot hau bukatzean, nahiz Korpusetan dantzarik egin ez, hilabetean gogor entseatuko dugula.
Zuentzat korpus jaiak bereziak dira oso, ezta?
J: Beti zelebratzen dugu etxean, familia artean. Guretzako izaten da egun bat “de gorbata”.
M: Dantzarekin hain lotutako festa izanik, txiki-txikitatik jaso dut ilusioa. Ingurura begiratu besterik ez dago (kamerari buelta eman eta etxeko hormak erakutsi dizkigu, Korpusetako koadro erraldoiez beteta). Guk pasioz bizi dugun zerbait da eta pena da, baina egin dugu aurtengorako plana eta beste era batera ospatuko dugu.
Txutxin, egun honetan paper bat baino gehiagotan aritu izan zara ezta?
Bai, uste dut denak bete ditudala, San Migel eta apostoluarenak kenduta. Dantzari hasi nintzen, gero maisu eta gero kofrade moduan. Urte batean Ama Birjinaren sinboloa ere eman nuen. Orain emakumeek ematen dute, ni izan nintzen eraman zuen azken gizonezkoa.
Dantzari hasi zinen orduan.
Aitarekin hasi nintzen, hiru urte egin nituen dantzari. 1968tik 1971ra. Urte horretan aita irten zen kapitain eta ni gorriz. Berak prozesioa hasi zenean mina hartu zuen eta erretiratu egin behar izan zen. Prozesioa kapitainik gabe egin genuen, baina ni kapitain izanda. Arratsaldez jantzi nintzen lehenengo aldiz urdinez. Gero 1996an, semeari pasa nion kapitainaren errelebua.
Eta orain kofrade.
J: Kofrade moduan ateratzen naiz, gehienbat dantzariak koordinatzeko. Lehen abadeak koordinatzen zuen prozesioa, geldialdiak, dantzarien joan-etorriak...
M: Kofrade moduan ateratzen da prozesioan, baina dantzariak gidatzen ditu. Dantzariei lana errazten die, bera prozesio barruan egotea dantzarientzat lasaitasuna da.
Beste noizbait utzi izan al dira korpusak bertan behera?
J: Azken 100 urteetan behintzat ospatu da, gutxienez meza. Suspenditu izan da prozesioa euriagatik, adibidez, 1957an, 1972an eta 1999an. 1972an ez zen irten prozesioa kalera eta lehenengo aldiz dantzariek parrokia barruan, aldarean, dantzatu zuten. Ordutik hala dantzatzen da urtero.
M: Dokumentu batzuetan agertzen da debekuak egon izan direla prozesioa ateratzeko, baina jasotzen da oñatiarrek beren ilusio eta grinarekin borrokatu eta beti lortu izan dutela jaia ospatzea. Hor ikusten da herriak nola bizi duen jaia.
Ospakizunak eta jaiak bertan behera gelditu arren dantzak ez du etenik, hala?
M: Etenik ez egotea izan da helburua, taldetasun hori bizirik mantentzea. Nahiz eta etxean eta baldintza konplikatuetan izan, pare bat entsegu egin dira online eta erronka moduan bideo batzuk ere grabatu ditugu. Orain, ea noiz entseatu ahal dugun elkarrekin!
Dokumentuaren akzioak