Dokumentuaren akzioak
Zuberoako Elgoihen dantza-maisuari buruzko erakusketa Maulen
Beñat Elgoihen (1888-1959) Atharratzeko dantza maisuari buruzko erakusketa ikusgai da Maiatzaren 13ra arte Mauleko Ondarearen etxean. Bertan paratua da Euskal Kultur Erakundeak antolatutako Soka-Euskal dantzaren urratsetan erakusketa eta horren gehigarri da Elgoiheni buruzko informazioa.
Beñat Elgoihen Atharraztarra Zuberoako dantza-maisu aipagarrienetakoa dugu. Soldaduska Ozitaniako Tolosan egin eta dantzan ederki aritzen zenez, bere agintari-militarrek bertako Capitole antzokira bideratu zuten dantza klasikoko eskolak har zitzan. Bertan ikasitako teknika eta irakasteko metodoa Basabürüko dantzari asko eta asko bilduko eta formatuko zituen eskolan jarri zituen praktikan. Berak zabaldu zuen eskola eta semeak —Juje Elgoihen-ek— jarraidura eman. 1970.eko hamarkadara arte jarraitu zuten lanean.
Beñat Elgoihenen ikasleek dantzari on fama gaitza bildu zuten berehala eta XX. mende hasierako primaketan —dantza norgehiagoketan— aritu izan ziren haietako zenbait. Zuberoako herrietan eta inguruetan dantzatzeaz gain, kanpoan ere haien dantzari dohainak erakutsi zituzten Elgoihenen ikasleek. Miguel Angel Sagasetak 'Luzaideko Dantzak' liburuan dioenez, 1927an Londreseko Royal Albert Hall antzokian dantzatu zuten dantzari zuberotarren prestaketaz arduratu zen dantza-maisua izan zen Elgoihen. Donostia (1951) eta Iruñea (1953) bezalako hirietara ere birak egin zituzten bere eskolako dantzariek. Dantzari trebazale aritzeaz gain, maskaradetako errejent ere ibili zen Elgoihen, baita pastoraletarako dantzari prestatzaile ere. Esaterako 1953ko Sainte Hélène pastoralean, bost emakumez osatutako kantiniersa taldea taularatu zuen satanen ordez.
Elgoihenen eskolako ikasleetako bat izan zen Dominique Nicibar Bürgüburü (Atharratze, 1930). Dantzari famatuen familia bateko kide, bere osabarekin ikasi zituen Zuberoako dantzen hastapenak. Ondotik, Beñat Elgoihenekin eskolatu zen eta baita dantzari trebe bilakatu ere. Mauleko erakusketak leku berezia egiten dio Bürgübürüri ere, Elgoihen eskolari eta bere dantzari ibilbideari buruzko bideo lekukotasunekin. Erakusketa apaintzen duen argazki bilduma ere, Dominique Nicibar-en eskaintza izan da.
Soka erakusketa Maule-Lextarren
- Maiatzaren 13 bitartean, Ondarearen etxean (J.B. Heugas karrika, 10)
- 9:00-12:00 /14:00-18:00 - Igandez itxia
- Sarrera dohainik
Dokumentuaren akzioak