Euskal dantzari buruzko berezko titulua eskainiko du EHUk

2018/09/20
Euskal dantzari buruzko berezko titulua eskainiko du EHUk

Euskal dantzaren inguruko hiru modulutan banatutako berezko titulua antolatu du EHUk ikasturte honetarako. Diplomak, euskal dantzaren ezagutzan, tradiziotik sorkuntzarako ibilbidean sakontzeko aukera eskaintzen du. Dantza tradizionalaren oinarriak, egiturak, sistemak eta historiaz gain, euskal dantzak sorkuntza eta eraldaketaren bidez tradiziotik abangoardiazko formetara egindako ibilbidea ezagutzeko bidea emango du, teoria eta praktika uztartuz.

Ikasketa hauen bidez, euskal dantzetan adituak diren dantzariei eta irakasleei Unibertsitateko Aditua izateko aukera eskaini nahi zaie, euren dantza ekimenetan oinarrizko maila akademikoa ziurtatuz. Klaseak asteartetan eta ostegunetan izango dira, 15:30-20:30 Leioako Campusean dagoen Bilboko Hezkuntza Fakultatean.

Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Arregi EHUko Tradiziotik Sorkuntzara ikastaroan. Leioa, 2017-03-27. Argazkia: Oier Araolaza-Dantzan.eus CC-BY-SA

“Euskal Dantza Tradiziotik Sorkuntzara” izena eman dioten Unibertsitate Hedakuntzako Diploma honek hiru Ikastaro Osagarritarako sarbidea eskaintzen du. Hiru modulutan dago banatuta titulua; osoa jarraian edo zatika egiteko aukera dago.

Hauek dira moduluak:

Euskal Dantza Tradiziotik Sorkuntzara (UHD) (30 ECTS)

 

EHU, Tradiziotik Sorkuntzarara. Bilbo Bizkaia Aretoa, 2016-11-07. Argazkia: Garikoitz Otamendi-Dantzan.eus CC-BY-SA

Lehenengo modulua urritik azarora izango da, bigarrena urtarriletik martxora eta hirugarrena martxotik ekainera. 2016/17an "Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara" ikasketa osagarria egin zutenei, 2018/19an lehenengo moduluaren kredituen trukea errekonozituko zaie. 

Informazio gehiago: Unibertsitate Hedakuntzako Diploma: Euskal Dantza, Tradiziotik Sorkuntzara