Dokumentuaren akzioak
6 herri eta 10 dantza talde Durangaldeko ezpata-dantzari Egunean
Abadiñon egingo da larunbat honetan, irailaren 23an, Durangaldeko ezpata-dantzari-eguna. Erakustaldian parte hartuko duten taldeak honakoak dira: Abadiñoko Talde Batuak, Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo, Durangoko Kriskitin, Tronperri eta Txoritxu Alai, Iurretako dantzariak, Mallabiko Gazte Alai eta Zornotzako Udabarri.
Abadiñoko San Trokaz plazatik kalejirarekin hasiko dute arratsaldeko 17:30ean eguneko ospakizuna. Probaleku aurreko parkingerako bidea egingo dute dantza taldeek Zelaieta zeharkatuz. Bertan, dantzari-dantzako bederatzi piezak dantzatuko dituzte: agintariena, zortzinangoa, ezpata joko txikia, banangoa, binangoa, ezpata joko nagusia, launangoa, makil-dantza eta txotxongiloa. Amaieran, soka-dantza edo erregelak egingo dira. Egunari amaiera emateko, 20:30ean hasita, Oxabi taldearekin poteo musikatua egingo da tabernaz taberna.
Beherakadari aurre egin asmoz
Dantzari-dantza ondare inmaterial aberatsa da, eta hainbat aditureen ustez, lurralde zabalago baten egiten ziren dantzen ondorengoak dira, baina XIX. mendean Durangaldeko herri batzuetan baino ez ziren gorde. Gero, XX. mendeko loraldiari esker, berriro zabaldu ziren Bizkai guztira. Egun ez dago eskualdeko dantzariak elkarren berri izateko sarerik Durangaldean eta herri gehienetan zailtasunak dituzte plazara aterako den taldea eratzeko.
Dantzari-dantzaren gainbehera sumatzen da eta horren aurrean eskualdeko dantzari batzuk Gerediaga Elkartera laguntza eske jo dute aurten Durangaldeko ezpata-dantzari Eguna berreskuratzeko. Horregatik, eskualdeko dantza talde guztiei egin zaie parte hartzeko gonbita. Gauzak errazteko, aurreko edizioetan jartzen ziren parte-hartze irizpideak malgutu egin dira aurtengoan. Adibidez, dantzari-dantzako zikloko pieza guztiak jakin gabe ere egongo dira plazan dantzariak eta bakoitzak bere aldaerak erakutsiko ditu.
Durangaldeko dantza taldeak elkar ezagutu eta saretzeko ahalegina izatea ere nahi dute antolatzaileek. Herriaren ondarea den heinean bere garrantzia nabarmen azaleratzea nahi da, eta eskualdeko herritarrek eta erakundeek merezi duen arreta eskaini diezaiotela.
Durangaldeko ezpata-dantzari Eguna
Noiz: Irailaren 23an
Non: Abadiñon
Parte-hartzaileak: Abadiñoko Talde Batuak, Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo, Durangoko Kriskitin, Tronperri eta Txoritxu Alai, Iurretako dantzariak, Mallabiko Gazte Alai eta Zornotzako Udabarri.
Egitaraua:
- 17:30 San Trokaz Plazatik kalejira. Jarraian, Probaleku aurreko parkingean dantzari-dantzako bederatzi piezak dantzatuko dituzte. Amaieran, soka-dantza edo erregelak egingo dira.
- 20:30ean hasita, Oxabi taldearekin poteo musikatua tabernaz taberna.
Dokumentuaren akzioak