Dokumentuaren akzioak
Duguna dantza taldea sanferminetako txupinazoa botatzeko hautagaietako bat
“Sanferminetan, dantzan ari garenean plazatik begiratzen diogu udaletxeko balkoiari. Aurtengo uztailaren 6an, udaletxeko balkoitik begiratu nahiko genioke dantzan ari den plazari”, dio Aritz Ibañez Duguna dantza taldeko kideak; herritarrek hala aukeratuz gero Duguna dantza taldeko kideek botako baitute sanferminetako txupinazoa udaletxeko balkoitik.
Aurreko astean jakinarazi diete Iruñeko dantzariei udalak aurkeztu dituen bost hautagaien artean daudela. La Pamplonesa musika bandak, Erraldoien konpartsak eta Iruñeko gaiteroek eta txistulariek proposatu zuten Dugunaren hautagaitza eta Sanferminetako Mahaian finalistatzat aukeratu da. Orain, maiatzaren 27tik ekainaren 9ra bitarte herritarrek bozkatu ahal izango dute honako talde hauen artean: Duguna Iruñeko Dantzariak taldea, Amudisna Desgaitasunen Bat Duten Emakumeen Nafarroako Elkartea, Iruñeko San Joan Jainkoarena ospitalea, Fraile Anai-arrebak gaitero taldea eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioa. Zazpi hautagaietatik bost aukeratu dituzte bukaerako bozketara pasatzeko, eta zazpi horien artean zen Ortzadar dantza taldea ere.
Ibañezek ezin du imajinatu ere egin ze izango den txupinazoa botatzea, “irabazi gabe ere prozesua bera polita izaten ari da. Behin hautagaitzak aurkeztu direnean jendearen babesa eta zorionak jasotzen ari gara”. Hiriak badituela sari edo errekonozimenduak azaldu digu, hiriaren urrezko domina, hiriko zapia eta hirugarrena, nahiz eta fisikoa ez izan, txupinazoa jaurtitzeko aukera litzateke, “sanferminak sona handia duten festak dira, iruindarrentzat egun bereziak dira oso eta festei hasiera ematea ohorea da”.
Duguna eta dantza jaien erdigunean
Iruñean dantza tradizio luzea egon da XVI. mendetik eta batez ere sanferminetan izan da dantzarien presentzia; Iruñeko taldeena eta kanpotik etorritakoena, “Iruñeko Udalak hori guztia kontuan izanda sortu zuen 1949an. Gure taldea esan dezakegu kasik San Fermin jaietan dantzatzeko sortu zela. Gure dantza taldea izateko arrazoia diren festa horiei hasiera eman ahal izatea borobila litzateke”.
Festak iragartzen dituen festetako kartelean ere presente izan dira ia-ia Dugunako dantzariak, “kartelerako 10 hautagaitzak atera zituztenean gure dantzarien oinak agertzen ziren hautagaietako batean. Sorpresa polita izan zen. Hasteko diseinatzaile batek gu aintzat hartzea eta gero aurkeztu ziren 600 kartelen artean epaimahaiak gu protagonista ginen kartel bat aukeratzea. Ezin izan zuen irabazi, bigarren postuarekin konformatu behar, baina asko eskertu genuen keinua izan zen”.
Badirudi Duguna taldeak azken urteetan hartu duen bidea fruituak jasotzen hasi dela, “lehen ez genuen horrelako presentzia hirian eta hiritik kanpo". Jaietan taldeak duen presentzia handitu egin da azken urteotan, "hiria bera jarri du helburu taldeak eta hiriarentzako errepertorioa osatzen joan dira, poliki-poliki hiriaren imajinarioan sustraitzen doazen dantzak”
Nor izango da udaletxeko balkoian?
Iruñarrek aukeratuko dute nork botako duen txupinazoa; Iruñean erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek. Gaur hasi eta ekainaren 9ra arte zabalik dago aukera. Aurrez aurre Civivox sareko zentroetan, 010 telefonoan eta Iruñeko Udalaren webgunean bozkatu daiteke. Ekainaren 11n iragarriko dute irabazlea.
Dokumentuaren akzioak