Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak "Egoera hau ez da erraza, baina gu horrela bizi gara dantzatik bizitzea erabaki genuenetik"

Dokumentuaren akzioak

"Egoera hau ez da erraza, baina gu horrela bizi gara dantzatik bizitzea erabaki genuenetik"

2021/04/12 08:30
"Egoera hau ez da erraza, baina gu horrela bizi gara dantzatik bizitzea erabaki genuenetik"

Eva Guerrero eta Garazi Lopez de Armentia, Donostia, 2021-03-17. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Batak noiz estreinatu eta besteak noiz erdituko zuen galdezka hasi ziren Gorpuztu ikuskizunarekin Eva Guerrero Doos Colectivo konpainiako zuzendaria eta Garazi Lopez de Armentia dantzaria. Dferian Gorpuztu Laburra aurkeztu ondoren biekin elkartu gara mahairen bueltan, bata koreografo eta bestea dantzari ikuspuntutik, baina etengabe elkartzen dira bien arteko begiradak. Bien arteko konplizitatea nabarmena da eta lanerako giro goxoa dutela igartzen da, alkar zaintzen dira.

Hainbat erlijiotako gorputzaren erabileraren inguruan egindako bilatze lanaren emaitza da Gorpuztu eta Gorpuztu Laburra bertsio murriztua izango litzateke: “biluziagoa, eszenografia eta zuzeneko musika kendu eta dantzaria bakarrik mantendu da”. Garazi oholtza gainean, kimonoa dantzatuz, orekaren bila, barruko animalia atera eta garrasika, otarra buruan...

Gorpuztu Laburra
Doos Colectivo, Gorpuztu Laburra, Garazi Lopez de Armentia, Dferia, Donostia, 2021-03-17. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Erlijioetako mugimenduetatik tiraka

Tai jia, giro derviche, postrazio budistak, yoga... bezalako diziplinak aztertu, landu eta horietatik tira dute ikuskizuna sortzeko. Guerrerok argi zuen, ordea, ezin zuela mugimendu horien kopia izan, “uste dut Garazik denbora izan duela frogak egitekoa, jolastekoa, bere gorputzetik bilatzekoa. Aipatutako diziplinetako mugimenduak modu naturalean transformatu eta lengoaia garaikidea sortzekoa”.

Eva Guerrero
Eva Guerrero, Donostia, 2021-03-17. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Material horiek ailegatzen direnean ailegatzen dira, pentsatzen dugu zer interesatzen zaigun horretaz eta hasten gara praktikatzen. Hartzen dugu literalki eta gero errepikatzearen poderioaz eraldatu egiten dira”, dio Lopez de Armentiak. Argi dute aukeratu dituzten mugimenduak jende askok eta luzaroan eginak direla, erronka da begirada propioarekin gorpuztea, “nahi gabe gorpuzten dituzu beste era batera eta hor aurkitzen duzu zerbait atentzioa deitzen dizuna eta horretan aritzen zara, eta orduan lehertu egiten zara”.

Garazi Lopez de Armentia
Garazi Lopez de Armentia, Donostia, 2021-03-17. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Amatasunak eta covidak etendakoa

Zuk noiz estreinatzeko asmoa duzu, eta zuk noiz pentsatzen duzu erditzea?”. Erdi broman, baina horixe izan omen zen Evak Garaziri Gorpuzturen ideia proposatu zionean izan zuten elkarrizketa. Garaziri proiektua gustatu zitzaion, baina argi adierazi zuen haurdun gelditzeko asmotan zela. Hala ere, Evak baiezkoa eman zion, “eta hori ez da normalean gertatzen eta oso zaindua sentitu naiz. Pribilegioa da hori niretzat, baina mugitu behar zara horrek dakarren guztiarekin”.

Lopez de Armentiarentzat Gorpuztu eten handi batek banandu du: covidarenak eta amatasunarenak. “Orduan, oso organikoa izan da. Etena egon da, baina niri amatasunak asko eskaintzen dit, elikatu egiten nau eta ez da geldik egoteko unea. Gorputzak kristoren aldaketa egiten du”. Eta orduan ikuskizunari berriz heltzeak beldur handia eragiten duela aitortu du, “pieza berhartzeak baino, jende aurrean jartzeak”.

Gorpuztu Laburra
Doos Colectivo, Gorpuztu Laburra, Garazi Lopez de Armentia, Dferia, Donostia, 2021-03-17. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Oholtzan erakusten duen indarra eta garra nondik ateratzen duen galdetu eta hori denok omen dugu barruan, “amatasunak ere ematen du hori, nire bizitzako momentuak orain hori eskatzen dit. Oreka eta gure barruko animaltasuna bilatu beharra egokitu zait”. Eta barruko animaltasunaz hizketan ari dela, Garazik ezin izan ditu jasan semearen negarrak, “esan behar dut nire barruko animaltasuna ari dela oihukatzen, nire txikitxoa negarrez ari da... jarraitu dezakegu, baina eskatuko dut mesedez ekartzeko, ze ez dut aguantatzen”.

Garazi Lopez de Armentia
Garazi Lopez de Armentia semearekin, Donostia, 2021-03-17. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Gorpuztuk emandakoa

Datorrenari kontra ez egiten eta erresistentziarik ez ipintzen erakutsi dio Gorpuztuk Eva Guerrerori, “datorren guztia pasa egitean da, ezer ez da betirako”. Ikusi du pertsonek egokitzeko izugarrizko gaitasuna dugula, bizi dugun egoeran ere hala izan da, baina dantzariek aspalditik jakin behar izan dutela egokitzen dio: “Dantza inguru prekariotik dator, oso prekariotik eta jendea ez da ohartzen. Egoera hau ez da erraza, baina gu horrela bizi gara dantzatik bizitzea erabaki genuenetik”.

Lopez de Armentiak uste du Gorpuztu oparia izan dela, “aurkitu ditut gauza batzuk gorputzak bere egin eta eragin diola nire mugimenduari. Inkluso nire buruari, pentsamenduari eta eragina handia izan dute nigan”. Garazirentzat Gopuztu onarpena izan da: “gorputzaren aldaketa, nire burmuina nola dagoen orain, ze nolako kontzentrazioa daukadan, ze momentutan sartu naitekeen sakoneraino eta noiz nago hain azalean...”

Saskia buruan eta ibili munduan

Komuso monje budisten irudiak bereziki hunkitu zuten Guerrero, “isilean doaz, burua otarrarekin estalita eta txirula joaz herriz herri”. Eta irudi horri heldu diote ikuskizunean, orain, monjeen pare herriz herri ibiltzea da helburua. Guerrerok uste du ikuskizun honek urte askoan iraun dezakeela “uste dut leku eta publiko askotara egokitzeko modukoa dela”.

Gorpuztu Laburra
Doos Colectivo, Gorpuztu Laburra, Garazi Lopez de Armentia, Dferia, Donostia, 2021-03-17. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Garazi Lopez de Armentiak herriz herri eta herrialdez herrialde nahiko luke zabaldu ikuskizuna, “eta hori guk haur txiki batekin bidaiatu behar dugula eta horrek dakarren guztiarekin. Gorpuztuk asko iraun behar du, oraindik asko dugu eta ikasteko”.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.