Dokumentuaren akzioak
Pasioa izango da Dferiaren ardatza
Sharon Fridmanen Dosis de paraiso lanak Dferian egingo du Europa mailako estreinaldia. Argazkia: Sharon Fridman
Pasioak zuzendutako hamabost dantza ikuskizun aurkeztuko dira aurtengo Dferia azokan. Horietako lau pieza lehen aldiz ikusi ahal izango dira Euskal Herrian. Julia Godino i Alexa Moyaren Picnic on the moon, La Tristurararen Future lovers, Cia Mario Vargas & Chloe Bruleren Los cuerpos celestes eta Angel Rojas Flamenco Dance Projecten Ya no seremos. Sharon Fridmanen Dosis de paraisorena, berriz, Europa mailako estreinaldia izango da.
Arte eszenikoetako profesionalen bilgune izango da Donostia martxoaren 9tik 12ra. 32 konpainia, 32 ikuskizun eta 42 emanaldi izango dira datozen egunetan Gipuzkoako hiriburuan. Azken urteetan gai bat hartu dute oinarrian eta aurtengoan Pasioa izango da. Feria ofizialki astelehenean hasten bada ere, martxoaren 7an izango dira lehen ikuskizunak. Horietako bat, Aukeran dantzan konpainiaren Biz Hitza lana.
Antolatzaileek nabarmendu dute, publiko berria erakarri nahian, gazteei eta familiei zuzendutako ikuskizunak ere programatu dituztela. Arte eszenikoetako profesionalei zuzendutako feria bada ere, publiko zabalari irekita daude emanaldiak. Ikuskizunetako sarrerak Donostia Kultura webgunean daude salgai.
Dantza egitaraua
Martxoak 7, larunbata
- 20:00 Aukeran Dantza Konpainia: Biz Hitza. Victoria Eugenia Antzokia
Martxoak 9, astelehena
- 12:30 Proyecto Larrua: Otsoa. Gazteszena (Egia)
- 14:00 Adriana Bilbao: Eclat. Tabakalera
- 16:30 La Tristura: Future lovers. Tabakalera-Patioa
- 18:00 La Macana: Keep going. Boulevard (Kioskoa)
- 20.30 Julien Lestel Konpainia: Dream. Victoria Eugenia Antzokia
Martxoak 10, asteartea
- 11:30 Sharon Fridman: Dosis de paraiso. Gazteszena (Egia)
- 13:15 Eszena Dantz (Victor Fernandez & Igor Calonge: Reverso + Lasala: Fight + Fabio Liberti: Don't, kiss + Julia Godino i Alexa Moya: Picnic on the moon). Victoria Eugenia Club
- 16:30 Eszena Dantz (Victor Fernandez & Igor Calonge: Reverso + Lasala: Fight + Fabio Liberti: Don't, kiss + Julia Godino i Alexa Moya: Picnic on the moon). Victoria Eugenia Club
- 20:30 Cia Mario Vargas & Chloe Brule: Los cuerpos celestes. Victoria Eugenia Antzokia
Martxoak 11, asteazkena
- 18:30 Kukai Dantza: Gauekoak. Antzoki Zaharra
- 20:30 Angel Rojas Flamenco Dance Project: Ya no seremos. Victoria Eugenia Antzokia
Martxoak 12
- 11:30 Osa+Mujika: Kenophobia. Gazteszena (Egia)
Ikuskizunak eta taldeak
- Aukeran Dantza Konpainia: Biz Hitza Victoria Eugenia Antzokia | 20:00 | 65 min
Euskaltzaindiaren Mendeurrenaren testuinguruan, euskara batuaren historia dantzatua. Ikuskizun honek munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du dantzaren bidez.
- Proyecto Larrua: Otsoa. Gazteszena (Egia) | 12:30 | 64 min
Otsoa… garrasi bat da. Taldeak askatasun asmatu bati egindako ulu bat bezalakoa. Helmuga bat da, leku bat nora heldu beharra baitago. Prestatuenek baino ezin dute lortu hori. Ametsetako leku bat, gaur egungo gizarteari (ustez) falta zaion guztiak janzten eta inguratzen duena.
- Adriana Bilbao: Eclat. Kutxa Kultur (Tabakalera, 4. solairua) | 14:00 | 15 min
Dantza Obra honetan, zapalkuntza-, borroka-, askapen-, freskotasun- eta pragmatismouneak adierazten dira. Emakumeentzako modan ikoniko diren zenbait elementu hautatuta, galdetzen da zerk ekarri zuen haien agerpena, bai eta zer eragin izan duten emakumearen jokaeretan, adierazpideetan, hots, bizitzeko eran.
- La Macana: Keep going. Boulevard (Kioskoa-Quiosco) | 18:00 | 15 min
Miguel Unamunokoak zioenez, iltzea behin jotzeko, ehun aldiz jo beharra dago ferra. Keep going mugimendu bat behin eta berriz errepikatzen duen dantzari baten gorputza da. Gorputza eta aske izango bada –aske egingo bagaitu– mugimendua behar duenaren izaera. Hona hemen dinamikaren aldeko aldarri bat.
- La Tristura: Future lovers. Tabakalera-Patioa | 16:30 | 80 min
Udako gaua, hiri handi baten kanpoaldean; sei gaztek, institututik unibertsitatera pasatzear, leku hartan dute jarria hitzordua edateko, dantzan egiteko, hitz egiteko eta elkarri musu emateko.
- Julien Lestel Konpainia: Dream. Victoria Eugenia Antzokia | 20:30 | 80 min
Dream, gure desirarik sekretuenak ezkutatzen diren lekura garamatzan pieza, leku hori non gure larriak eta gure beldurrak babesten baitira; gehienetan guk geuk ere ezagutzen ez dugun leku bat.
- Sharon Fridman: Dosis de paraiso. Gazteszena (Egia) | 11:30 | 50 min
Topo egin zuten eta nork bere burua eman zion besteari. Nahasmenduaren ohitura aurkitu zuten, besarkadaren aukera eta bakardadearen beldurra. Paradisuan irautea ez zen gertatu erraza; orainean irautea, iraganaren islarik gabe eta etorkizunaren proiekziorik gabe.
- Eszena Dantz. Victoria Eugenia Club | 13:15+16:30
Victor Fernandez & Igor Calonge: Reverso. Kalerako duoa da Reverso, ohikoak ez diren guneetarako. Bi-bitarako sortze-prozesu bat, topaketatik eta duo fisiko zorrotz bat ekinean jartzeko beharretik sortzen dena.
Lasala: Fight. Gizakiak borrokarekin duen harremana antzina-antzinakoa da. Denboraren hasiera-hasieratik dator. LASALAkoek osagai funtsezkotzat dute borroka, bizitzan oro har eta dantzan bereziki.
Fabio Liberti: Don't, kiss. Pertsonen arteko harremanetan gertatu ohi diren menpekotasun emozionalei buruzko azterketatik sortu da. Zilbor-heste etenezin batek ezarritako lotura fisikoak harreman sinboliko horren zer-nolakoa nabarmentzen du, norberak hala nahita eta hala behar duelako irauten baitu. Interpreteentzat, erronkarik handiena piezak iraun bitartean musuari eustea da. Musua, muga eta une gorena adierazten duen ukipen-puntu bat, borondate baten unea eta marruskadura anker eta animala, erraz bihur daitekeena kontzesio eta derrigortze.
Julia Godino i Alexa Moya: Picnic on the moon. Bi pertsonaiaren tableau vivanta da. Picnic batean daude bi pertsonaiak, eguzkitan, eta haize leunak igurzten die ilea. Ingurua zoragarria da, dekoratua akasgabea, eszenatokia ideala. Gauza bakoitza egon behar duen lekuan dago. Politegia, erreala izateko. Baina zer gertatuko litzateke eguzkia ez balitz eguzkia, eta brisa ez balitz brisa? Eta haur baten jolas txoroko txotxongiloak bagina?
- Cia Mario Vargas & Chloe Brule: Los cuerpos celestes. Victoria Eugenia Antzokia | 20:30 | 70 min
Los Cuerpos Celestesek paisaia batzuk eskaintzen ditu, non bost interpretek topo egiten baitute eta elkartu egiten baitira definiezina den zerbait aurkitzeko. Duoak, hirukoteak, laukoteak eta boskoteak eratzen dira, eta gogoetan sartzen bakoitzaren lekuaz eta bestearekin duen harremanaz. Unibertsoaren ikuspegi unitario eta organikotik, non dena baitago lotuta eta batak besteari eusten, zentzumenen bidaia bat proposatzen da etereotasunetik gorpuztasunera.
- Kukai Dantza: Gauekoak. Antzoki Zaharra | 18:30 | 60 min
Gaua etorri eta argiak amatatzen diren garai berean, arima batzuk piztu egiten dira. Idazten, kantatzen, dantzatzen duten piztia horiek dira, bizitza geratzen den garaian pizten direnak. Gauekoak dira. Pentsamendu eta gogoeta intimoenak biltzen dituen gauerokoa da ikuskizuna; ibilbide oso bati musika eta dantzaren bidez begirada bat eskainiko dion ikuskizuna. Isilhizketa intimo, goxo eta pertsonala.
- Angel Rojas Flamenco Dance Project: Ya no seremos. Victoria Eugenia Antzokia | 20:30 | 70 min
Hasiera, iritsiera, bidaia… eraldaketa, ahal dena berriro izateko. Norberaren buruari joaten uztea, bidea egoeren eta emozioen iragaite bihurtzeko, agur esan behar baitzaie ezinbestean. Jauzi egitera ausartzea, urdinaren salbatzaile izatearekin amets egitea, beltzaren arrantzale izatearekin, eta, oraindik ahal badugu, zilarra ere salbatzea datorrenari zentzua emateko. Dagoeneko ez garenari agur esatea berriro izan ahal izatea da.
- Osa+Mujika: Kenophobia. Gazteszena (Egia) | 11:30 | 50 min
“Amaitu da festa. Jendeak alde egin du, dena dago hutsik, beldurra sentitzen hasi naiz”. Kenophobia hitzak hutsari zaion beldur irrazionala esan nahi du, eta lotura zuzena du bakardadearen beldurrarekin. Pertsonaia bakoitzak bere beldurrak eta hutsuneak erakutsiko ditu, eta gai izango dira beren traumak garrasika esateko eta jendaurrean ospatzeko.
Informazioa: Dferia 2020 egitaraua (pdf)
Dokumentuaren akzioak