Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantzan Bilaka ekimeneko sorkuntza lanak datozen egunetan taularatuko dira

Dokumentuaren akzioak

Dantzan Bilaka ekimeneko sorkuntza lanak datozen egunetan taularatuko dira

2015/10/08 10:30

Dantzan Bilaka, koreografia-sorkuntzari bideratutako ekimena, bere azken fasera iritsi da. Koreografo hasi berriek, beraien lanak urtean zehar landu ostean, jendaurrean aurkeztuko dituzte datozen egunotan.

Zortzi koreografo izan dira bederatzigarren edizio honetan Igor de Quadra koordinatzaile artistikoaren eta Javier Andraka koordinatzaile teknikoaren esanetara lanean aritu direnak. Zortzi hilabetetan zehar koreografo partaideek beraien ideiak azaldu, partekatu eta eztabaidatzeko parada izan dute egin dituzten lan-topaketetan eta azken aurreko fasean beren emaitza gonbidatutako ikusle talde baten aurrean aurkeztu ahal izan dute, sorkuntzari azken ukituak eman aurretik.

Azken fasera iritsita, urriaren 1ean egin zuen lehen aurkezpena Isaak Erdoiza koreografoak Bilboko Azkuna Zentroan. Gainontzekoek urriaren 16, 18 eta 24ean egingo dituzte emanaldiak Bilbon, Gasteizen eta Donostian.

Dantzan Bilaka 2015: Egutegia

Bilbo, Azkuna Zentroa

Urriak 16, ostirala, 19:30ean:

  • Sara Paniagua: 1 cuerpo/8 dias/8 horas.
  • Eva Guerrero: Anotaciones sobre el miedo.
  • Nuria Perez: Elkarrizketa.
  • Luciana Chieragatti: Gag.

Gasteiz, Baratza

Urriak 18, igandea, 19:00etan:

  • Eva Guerrero: Anotaciones sobre el miedo.
  • Denis Santacana: Encuentros.
  • Nuria Perez: Elkarrizketa.

Donostia, Gasteszena

Urriak 24, larunbata, 19:30ean:

  • Garazi Lopez de Armentia: Besteok.
  • Denis Santacana: Encuentros.
  • David Guerra: Punto de fuga.


Dantzan Bilaka 2015: Parte hartzaileak

  • Isaak Erdoiza: Buh!

Isaak Erdoiza (Abadiño, 1975) dantza garaikideari buruzko prestakuntza independentea egin du, eta gorputza aztertu du hainbat artista eta pedagogorekin. Sara Paniagua, Carmelo Salazar, Peter Michael Dietz, Sofia Neuparth, Hisako Horikawa, Fran Van de Ven eta Blandine Calais-Germain dira haietako batzuk. 2007tik 2009ra bitartean Lisboan bizi eta ikasi zuen; hain zuzen, FIA arte-prestakuntza egin zuen CEMen (Centro Em Movimento). 2010ean, Idoia Zabaleta, Igor de Quadra eta Isabel de Naveranek emandako ‘Dantza Kodeak’ dantza-ikasgela teoriko-praktikoa egin zuen. Egun, Olatz de Andres koreografoaren ‘Privolva’, ‘Privolva Landing’ eta ‘El Cielo Ahora’ dantza-piezetan aritzen da dantzari, eta Qualquer kolektiboaren ‘Over’ piezan. Maia Villotekin batera, La Cosa en Casa antolatu du, zenbait diziplinatako artistei beren lana etxe-testuinguruetan erakusteko gonbita egiten dien topaketa bat. Proiektu hori 2012ko maiatzean hasi zen. 

Isaac Erdoiza

Sortze prozesua

Proiektu hau hasi zen nik ‘Esaldi lapurtuak’ deitu diodan material batekin. Askotariko lekuetatik ibiltzen naiz: jendez gainezka dagoen espaloi bat, parke bateko banku bat, supermerkatu bateko sarrera, taberna bat, eliza baten kanpoaldea… Jendea ibiltzen den lekuak dira, eta haietan, jendearen esaldiak entzun, aukeratu eta gordetzen ditut. Esaldi horiekin lan egitea interesatzen zait, eta hiru pertsonako talde bat proposatu nuen, proiektu honetako lehen bloke garrantzitsua sortzeko: ahotsa, hitza eta koru txiki bat.

Proposatutako bigarren blokea mugitzen den gorputz bat da, mugimendu horrek ahotsek esandakoarekin lotura zuzena duela. Ahots-taldearen eta mugitzen den gorputzaren arteko erlazio-jarduera batzuk proposatzen ditugu, hitzaren eta mugimenduaren arteko topagune baten bila. Esaldiak esaten ditugu, usatu egiten ditugu. Hitz batzuk luzatu egiten dira, beste batzuk errepikatu egiten dira, testu bat sortzen da beste testu baten barruan… eta informazio hori guztia jasotzen duen gorputz bat dago. 25 eguneko lana, prozesuan… hitzak esaten eta gorputzak mugitzen, edo gorputzak esaten eta hitzak mugitzen. 

Laburpena

Kale batean zehar nabil, norbaitek esaten duen esaldi bat entzuten dut, esaldi horrek harritu egiten nau, erraz ikasten dut buruz, eta hurrengo metroetan, nire baitarako esaten dut behin eta berriro. Beste esaldi bat entzuten dut, lehenarekin nahasten da, eta beste bat entzuten dut, eta esaldi berriak entzuten jarraitzen dut, nire buruan ordenatu eta desordenatzen ditudan mezuak. Horrela, hitz horiek leku bat hartzen dute nire gorputzean, arrastorik ere utzi gabe (edo ez) desagertzen diren arte.

  • Eva Guerrero: Anotaciones sobre el miedo

Eva Guerrerok (Bilbo, 1982) BAIn (Bizkaiko Antzerki Ikastegia) ikasi zuen, eta ondoren, Leeds Beckett University-n; hor lortu zuen Contemporary Performance Practices (BA) delakoa. 2005ean hasi zen haren karrera, lan eszenikoak sortzen. Bere heldutasun artistikoak bultzatuta, bideodantzari, performanceei, instalazioei eta narratibari ekin zien; izan ere, Destrucción mutua asegurada liburua argitaratu du 2015ean. Mugimenduaren, emozioaren eta hitzen benetakotasuna lantzen du. Haren koreografien iturri dira manipulazioa, testua, beso eta eskuen adierazkortasuna, sustraitutako oinarria, gorputz itsusiak, arte martzialetako posizioak, nekea, keinuak, musika jartzea eta ezer bilatu barik dantzan egitea...

Eva Guerrero

Sortze prozesua

«Gai nagusitzat beldurra hartu dut. Beldurrak muga batzuk sentiarazten dizkit. Mugek korrika irteteko, ihes egiteko, gogoak ematen dizkidate. Ihesak ni ez egotea eragiten du; alegia, ez naiz joaten joan behar dudan lekura, edo hartatik korrika joaten naiz, han nire hutsunea utzita. Beraz, duela urtebete, agertokian egoteko eta ez egoteko modua ikertzen hasi nintzen. Nola konta diezazuket zerbait, nik zuzenean kontatu gabe eta, hala ere, horrek esanahia galdu gabe? Zenbait proba egin ditut jendaurrean, eta proba horiei 1. oharra, 2.a eta abar deitzen diet. Eta haiek guztiek ‘Anotaciones sobre el miedo’ osatzen dute. Oraingoan, 4.a aurkeztuko dut.

Agertokian nire presentzia ordezteko modua bilatzean, erruz erabiltzen ditut ikus-entzunezkoak, audioak, testuak... Probatzeko, publikoari ibilbideak sortu dizkiot, agertokian sartu dut, haiekin laugarren horma balego bezala jokatu dut... Oraindik ez dut egiturarik errepikatu, oraindik ez da lan itxi bat, ohar bakoitza proba bat da, prozesuan dagoen lan bat da, gure beldurrei aurre egitea prozesu bat den bezala».

Laburpena

«Egun batean jaiki, eta dena bertan behera uztea eta alde egitea pentsatu nuen. Jadanik ez zegoen zergatirik. Beldurra nahikoa handia zen, nire burua pisutsuegia zen, entzun nezakeena baino zarata handiagoa zegoen, eta beste behin ere, hau galdetu nion neure buruari: zer egiten dut nik hemen? Zergatik ez dut alde egiten? Burua nahastua eta hotsez betea, begiak barrurantz, urdaila harrizkoa eta eztarria lehorra. Matrailezur gogorra eta bihotz gaiztoa. Ezgai sentitzea kaka bat da. Leku batean sartzen naizen bakoitzean, irteera bilatzen dut. Joan naitekeela jakiteak lasaitu egiten nau, baina gaur uste dut ez naizela sartuko. Asko borrokatu behar dut oraindik».

  • Sara Paniagua: 1 cuerpo/8 dias /8 horas

Koreografoa, ikusizko artista eta performerra. Arte Dramatikoa eta Dantza ikasi zuen Madrilen eta Euskadin. Ondoren, Arte, Performance eta Antzerki-izaerari buruzko espezializazio-graduondo bat egin zuen Anberesko Unibertsitatean (Belgika).

Sara Paniagua

Sortze prozesua

«Dena pertzepzioan jokatzen da». Pablo d’ors.

Zentzu dago proiektu honen proposamena. Haren sorkuntza eta ikerketa koreografikoko prozesua eremu zabal batean dago, maila kulturalean, geografikoan eta artistikoan. Ikuspegi horretatik, deslokalizazioa oinarrizko tresna metodologikoetako bat da, koreografikoa denera hurbiltzeko kontzeptuen artean.
Esparru horretan, dantza gorputzak desberdintasunaren bidez onartzen laguntzen digun esperientzia bat da, bestearen onarpenean hasten den pluralismo bat txertatuz, eta horrek nork bere nortasuna onartzea dakar. Bestea, ulermen-iturri gisa, eta ez ulergarritasun-termino bat gisa soilik. Garrantzitsua da kontuan hartzea beste entitate batzuk daudela edo egon daitezkeela, kontuan hartu ohi ditugunez gain. Giza talde bakoitzak bere koherentzia-, uniformetasun- eta harmonia-sistema du. Zorionez, niak ezin du benetakoa agortu, ez da horren muina.

Ikerketaren euskarria hau da: Ekialdeko filosofiako klasikoen berrirakurketa konparatua, lehen errituak eta lehen erakunde kultural eta sozialak azaltzen saiatzen diren sistema soziologiko, etnologiko eta analitiko nagusiei buruzko eztabaida ezartzeko ikerketan, kontzientziaren izaeran jartzen da arreta, hori baita iruzurren, ilusio iragankorren eta agerpen fenomenikoen indar adierazgarria baita.

Harago / ez dago diskurtsorik. errealitate hau ez-kontzeptuala da, baina misterioaren ahotik irekitzen diren hitzak eta mugimendua zezeltzen dituen aurreko dantza baten akatsa. Ikusezinak erantzuten du.

Laburpena

«Zerbait konprimitu nahi baduzu, beharrezkoa da lehenago behar bezala lasaitzea». Lao Tse.

‘Gorputza’: Gelditasun-egoera bat ez den bertikaltasuna. Zorrotz antolatutako eta bere baitan bukatutako osotasun baten mugimenduaren deskribapena. Mugimendu hori lege finkoen arabera egiten da, bere baitan amaitzen da, eta beraz, une oro berritzen da: amaiera bakoitzaren ondoren beste hasiera bat duen mugimendu bat.

Barrurantz zuzenduta, mugimendua amaierara iristen da: arnasgoraren inspirazioa, sistolea, kontzentrazioa; mugimendu hori beste hasiera baterantz abiatzen da, eta horretan, bultzada kanpora doaarnasbehera, diastolea, espantsioa.

  • Luciana Chieragati: Gag

Coletivo Qualquer taldea 2008an sortu zen Lisboan, Luciana Chieregati (BR) eta Ibon Salvador (Euskadi) ikertzaile eta koreografoek topo egin zutenean. Urte hauetan, filosofia garaikidearekin gurutzatzen eta elkartzen diren dantza-piezak sortzea izan da haien interesa. Egunerokoarekin lotura estua duten lan mugakideak egiten ahalegintzen dira, antzerki-espazioaren antolaketa aldatuz, eta batik bat, koreografian oinarrituta hizkuntzak nola sortu ikertzen dute.

Gaur egun, kolektiboa Bilbon dago, eta beste proiektu batzuen artean, ‘Over’ pieza ari da lantzen, Esti Olabarri, Isaak Erdoiza eta Idoia Zabaletaren laguntzarekin.

Luciana Chieregati

Sortze prozesua

Gag sortzeko prozesua 2014an hasi zen, Arte-Aren Jarduera Eszeniko eta Ikusizko Kulturari buruzko Masterra egiten ari zirela, Madrilen. 2014ko uztailean eman zuten lehen aldiz, Pradillo antzokian. Emanaldi horren ostean, proiektuak sortzen zituen materialak ikertzen jarraitzea erabaki genuen, publikoarekiko kontaktua ardatz hartuta. Dantzan Bilaka programaren bitartez, egonaldi bat egin dugu, pieza eszenikoa amaitze eta fintze aldera.

2015. urtean, proiektuko materialak berrantolatzen, kentzen eta aldatzen aritu gara, haren beste antolaketa koreografiko batzuk sortzeko eta haren galderetan sakontzeko tresnak bilatu nahian. Sortze-prozesuak eta pieza eszenikoak bizia duten, etengabe mugitzen eta aldatzen ari diren zerbait dira, gure ustez, eta ildo horretan, garrantzitsua iruditzen zitzaigun materialak beste komunikazio-modu batzuetan probatzea. Beste modu batean antolatzen genituen, Gag agertokian proposatzen duen galdera edo problema elkarbanatze aldera. Dantzan Bilakako emanaldian, muntaketa horietako bat erakutsiko dugu. Pieza, bere osotasunean, urriaren 31n emango dugu Bilboko La Fundición aretoan, Festival BAD 2015 jaialdian.

Laburpena

Gag galdera bat da, agertokian problema bat adierazteko ahalegin bat da (problema: hor aurrerantz jaurtitako zerbait –zailtasun bat agertokira botatzea–, Diego Agullóren hitzalditik hartua). Gauzei –kasu honetan, mugitzen ari den gorputz bati– esanahiak esleitzearekin zerikusia duen gonbidapen bat. Ezintasun-lurralde bat sortzeko ahalegin bat da, interpretazio-gehiegikeria batetik esanahiak adierazteko ahalegin bat. Hustea? Potentzia? Asperraldia? Esanahiak eraketa bat izango dira, ala materiari atxikita daude? Zer gertatzen da gorputzaren eta hitzen gainjartze-erlazioen logika bat eteten duten esanahien gaindosian? Zer gorputz? Gag gaur agertokian dantzan dagoen gorputz bati buruzko galdera bat da.

*Ahoan hitza galarazteko sartzen den zerbait adierazten duen terminotik, eta ondoren, aktorearen inprobisazioa, oroimen-hutsune bat edo hitz egiteko ezina konpontzeko.

  • Nuria Perez: Elkarrizketa

Bartzelonan jaioa, Nuria Pérez gimnasia artistikoaren bidez hasi zen gorputza lantzen. Biologian lizentziatu zen; gorputz-prestakuntzarekin jarraitu zuen, dantza garaikidearen bidez, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Ikertzaile gisa, mugimenduan du interesa, eta Bilbon beste etapa bati eman dio hasiera Plataforma Tirante kolektiboan. Dantzan Bilaka programan Eva Guerrerorekin sartu zen ‘re-vestimientos’ piezarekin. Sorkuntza eta pedagogia uztartzen ditu, dantza zenbait ikuspuntutatik ikertzen du, eta bere sorkuntzetarako beharrezkoa de elkarrizketa ematen dio.

Nuria Pérez

Sortze prozesua

Komunikazioa hizkuntzen arteko ulermenean datza. Hizkuntza bakoitzak bere kodea du, elkarrizketa-sekuentziak eratzen laguntzen diguten arau eta tresnen multzo bat. Zer gertatzen da kode desberdineko hizkuntzen arteko elkarrizketa eragiten dugunean?

Lan-prozesuaren abiapuntua bi kode/partitura dira: Aurreskua (dantza tradizionala) eta ‘Elisarentzat’ (Beethoven). Elkarrizketa piezaren helburua mendekotasunik eta nagusitasunik gabeko elkarrizketa bat lortzea da. Kodeen arteko oreka bat, adierazpenik handienean. Interpreteen arteko komunikazioa tenis-partidu batean oinarritutako jolas baten bidez bideratuko dugu.

Elkarrizketaren prozesuari buruzko hitz hauek idazten ari naizela, neure buruari galdetu diot zer arau diplomatiko sortu behar ditugun, ikuspegi desberdinetatik elkarbana dezakegun eta elkarrekin garatu dezakegun lan-metodo edo kode bat formulatzeko.

Laburpena

Elkarrizketa. Tenis-partidu batean oinarritutako jolasa.
Aurresku jokalaria. Gorputza du jolas-tresna.
Elisarentzat jokalaria. Ozentasuna da haren jolas-tresna.
Aurresku eta Elisarentzat partiturak aldatu egin daitezke. Interprete bakoitza ahal duen gehiena jolastu ahal izango da bere kodearekin, jatorrizko partituren konposizio garaikidea lortuz.
Elkarrizketaren arauak sistema hirurogeitarretik datoz (tenisa: 15, 30, 40 eta jokoa). Hiru jokotik gehien irabazten duena garailea izango da.
Partiduaren helburua bi partituren (gorputzarena eta soinuarena) arteko elkarrizketaren bidez jolastea da.

    Dokumentuaren akzioak

    Erantzun

    Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.