Dokumentuaren akzioak
Dantzazekin dantzan 20 urtez
Gipuzkoako Dantzagunean hartu gaituzte Adriana Pousek (Montevideo, 1965) eta Fernando Saenz de Ugartek (Gasteiz, 1968), Dantzaz-en egoitzan, etxean. Erakundeko bi zuzendariak dira eta dantzarien bazkaltzeko tartea aprobetxatu dugu dantza gelara sartu eta bertan egiteko elkarrizketa. Dantzariek goiza lanean pasa dutela sumatzen da, dantzako oinetakoak, entseguetako arropak... bazter batean gelditu dira. Tripak bete eta segituan izango dira bueltan. Horixe da Dantzazen oinarria, eguneroko diziplina, dantzari gazteen profesionalizazioa bultzatzea. 20 urte dantzan, 20 urte sektorea sendotzeko lanean. Bi hamarkadatan egindako ibilbide hori dokumentatu eta Dantzaz Exploradora proiektuan ari dira jasotzen.
2002ko apirilean eman zituen lehen urratsak Dantzaz konpainiak. Nola gogoratzen dituzu, Adriana, garai haiek?
Ilusio handiarekin, ezerezetik proiektu berri bat hastea izan baitzen; beraz, kapitulu ireki bat genuen. Filgi Claverie izan zen proiektuaren ideologoa eta lehen zuzendari nagusia, eta Iparralde eta Hegoalde elkarlana egiteko egitasmo bezala hasi zen, non Malandain Ballet Biarritz, Donostia Kultura eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera lan egiten genuen. Ez ginen konpainia bezala sortu, dantzaren sentsibilizaziorako mugaz gaindiko proiektu batekin hasi ginen.
Zu, Fernando, beranduago batu zinen proiektura ezta?
Hori da, hamar urte beranduago.
Dantzaz lehen kanpotik eta orain barrutik ezberdin ikusiko duzu ba?
Bai, hasieran konpainia bezala ezagutzen nuen gehiago, hau da, bere ekoizpenak gehienbat; baina gero barruan ohartzen zara zer den Dantzaz eta zer nolako pisua, bilakaera izan duen.
20 urteko ibilbidean ze irabazi eta galdu du erakundeak?
A: Nik uste dut ez duela ezer galdu eta %100 irabazi duela, eta oraindik irabaziko duela. 20 urteko bizitzan ikasi egin dugu. Eboluzionatzen goaz, beraz ez dugu ezer galdu.
F: Nik uste Dantzazen ezaugarria dela beti irabaztea, hainbeste dantzari, koreografo, erakunde... pasatzen da hemendik beti irabazten dugu horrelako aberastasun berri bat.
Jendea etorri eta joan egiten dela diozu. Egun, nork osatzen duzue Dantzaz?
F: Adriana (Pous) zuzendari artistikoa da eta ni (Fernando Sáenz de Ugarte) zuzendari orokorra. Lan taldean beste hiru pertsona daude: Sofia Alforja Dantzaguneko koordinatzailea, Iker Bengoetxea administraria eta Bertha Bermudez hainbat proiekturen koordinatzailea. Eta gero, nola ez, 10-12 dantzari daude beti, baina beti txandatzen.
Zenbat dantzari pasa dira hemendik?
A: 160 inguru. Unibertsitate batekin alderatuta ba gutxi da, baina herrialdearen dantzaren testuinguruari erreparatzen badiogu asko da.
F: 160 dantzari eta 60 bat koreografo pasa dira. Mundu osoan zehar aurkituko duzu Dantzazekin aritu edo loturaren bat duenik. Partaide izandakoekin harremana mantentzen dugu eta horrek informazioa ematen digu sektorea nazioartean nola dagoen jakiteko eta gure estrategiak birplanteatzeko.
Ze egoeratan zegoen dantza garaikidea Euskal Herrian duela 20 urte?
A: 2002. urtean iritsi ginen, Maiatza Dantzan jaialdia bukatu (2000. urtean egin zuen azken edizioa) eta gutxira. Jaialdi horrek dantza garaikideari leiho asko ireki zizkion. Garai hartan akademia asko zeuden, baina maila profesionalean pertsona gutxik hasten zuen bere ibilbidea. Nik uste dut garai magikoa izan zela.
Eta orain?
A: Nik uste Dantzazek lagundu duela dantza garaikidearen hazkundean. Koreografoek ibilbideak hasi dituzte, konpainiak sortu dira eta hemendik pasa diren dantzariak egungo konpainiatan dabiltza.
Dantzagunearen sorrera ze izan zen Dantzazentzat?
F: Dantzazek eta beste hainbat eragilek Eusko Jaurlaritzari proposamen bat helarazi genion dantza etxeen ideiarekin EAEn dantza sektorea bultzatzeko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak pausu ausarta eman zuen. Gipuzkoako Dantzagunea garrantzitsua izan da dantzarako leku bat izateko, baina ez banan-banan aritzeko soilik, elkartzeko lekua da. Ahaldundu egin gaitu eta ikusi dugu posible dela dantzan profesionala izatea, nahiz eta kondizio prekarioetan, baina egunero horretan ibiltzeko leku bat beharrezkoa da.
A: Dantza sektoreko protagonista guztiak jasotzen dituen euritakoaren gisakoa da Dantzagunea.
Dantzarien jardunak diziplina handikoa da, egunero zortzi orduko lan dinamikan aritzen dira ez?
A: Oinarrizkoa da, jarraikortasunarekin eta errepikapenarekin kalitatea eta garapena bilatzen da.
Dantzari gazteen arteko trukeak ere bultzatu dituzue urte hauetan eta nazioartera zabaldu dituzue sorkuntzak.
A: Kasik gure proiektuaren oinarria da. Internazionalizatu, profesionalizatu, gazteei esperientzia jasotzeko laguntza eman eta hori modu irekian eginda denok hazten gara.
F: Dantzaz sortu zenean Euskal Herriko dantzariak eta koreografoak kanpoan ziren eta Dantzazek hartzen zituen dantzariak, batez ere, kanpokoak ziren. Azken urteetan gure dantzari gehienak hemengoak dira. Lehen bazirudien kanpora joan beharra zegoela dantzaria edo koreografoa izateko. Egoera aldatu egin da, baina hasieran egin genituen nazioarteko saretzeak oso baliagarriak zaizkigu orain ere.
Sona handiko koreografoak eta hasiberriak, denetarik aritu izan da Dantzazekin.
A: Iruditzen zait gauzak nahasteak fruituak ematen dituela; bata bestearengandik elikatzen da. Esperientzia duen koreografo bat, bera hasi zeneko ilusio horrekin aurkituko da eta koreografo gazte batek gogo ikaragarriak ditu dantzariekin lan egiteko. Dantzariak hori guztia jasotzen du eta horrela sortzen dira piezak.
Dantzariak profesionalizatzeaz gain dantza sentsibilizatzeko ekimenak egin izan dituzue.
A: Bai, hori ere bada gure proiektuaren oinarrietako bat. Hasieratik saiatu izan gara publiko berriarengana iristen, ikastetxeekin lan egiten. Horretarako antzokietara eman behar da jendea eta antzokietarako lanak sortu behar dira, dena lotuta dago. Bitartekaritzan lan handia dago egiteko, gizartean dantzari lotutako ezjakintasun handia baitago.
Gizartean ze paper beharko luke dantzak?
A: Ezinbestekoa da, ona da osasunarentzat, umorearentzat, gauzak elkarbanatzeko... Adinekoek zein umeek dantza dezakete elkarrekin. Hala ere, kostatzen zaigu... Zergatik? Gure heziketan burua garatzen da, baina ahaztu egiten gara gorputza ere badugula.
F: Orain pandemiaren ondoren, inoiz baino gehiago ikusi da dantzaren garrantzia, gorputza mugitzearena. Gure eta besteen gorputzak deskubritzeko eta espazioarekin eta besteekin harremantzeko.
Dantza sektorearen duintzea izan da zuen borroketako bat, eta oraindik bada lana horretan ezta?
A: Bada lana, baina baita energia ere, beraz aurrera jarraituko dugu. Mota guztietako arazoak daude beti, baina historiari erreparatzen badiogu artistek beti jarraitzen dute.
F: Duintzeko denbora da beharrezkoa. Eguneroko lana beharrezkoa da eta lan hori ordainduta izan behar da. Dantzazen leloetako bat hori da. Sektoreak ahalik eta gehien profesionalizatu behar dugu.
Dantzazen 20 urtetako ibilbidea jasotzen duen “Dantzaz exploratzailea” proiektua argitaratu duzue. Zer dela eta?
A: Pandemian jaio zen. Derrigortuta geunden 20 urteko eguneroko erritmoa gelditzekoa. Inoiz ez nintzen gelditu hainbeste denbora. Bakarrik jaio zen, ikusi nuen idazteko momentua zela, jasota gera dadin 20 urteko lana. Interneten dago Dantzaz exploratzailea lana edonork jarraitu dezan elikatzen, lan irekia da.
Zehazki zer jaso duzue?
F: Adrianaren kontakizuna eskeleto moduko bat da. Dantzazen bilakaerak Euskal Herriko dantza garaikidearen bilakaerarekin hainbat paralelismo ditu, horrela beste hainbat testigantza sartzeko aukera ikusi genuen. Beraz, ez da kontakizun lineala, hainbat adarreko zuhaitzaren gisakoa da. Artxibo bat egin dugu eta oso interesgarria da hori. Gauza batzuk kokatu ditugu baina oraindik asko falta da.
Zeintzuk dira Dantzazen egungo erronkak?
F: Lehena, Dantzaz egonkortzea eta hori sektorearentzat onuragarria izango da. Dantzaz exploratzailea idazteko arrazoietako bat hori da, ohartzeko zein izan garen eta hemendik aurrera zer izan nahi dugun. Baita dantza goraipatzea, dantza osasungarria izateaz aparte, sorkuntza eta gorputzarekin lotuta dagoen lengoaia hori garatu, goraipatu eta aldarrikatu behar dugu gizartearentzat garrantzitsua delako. Bigarrena, publikoa eta dantza garaikidea elkartzea. Pandemiaren ondoren ez dakigu oso ondo zer gertatzen ari den publikoarekin, dantza praktikatzen dutenekin...
A: Dantza gehiago aitortu dadila. Badugu lana e? Kar, kar, kar!
Dokumentuaren akzioak