Dokumentuaren akzioak
Dantzan Ikasi: dantza tradizionalaren formakuntzan eragiteko ekimena
Bizkaiko jota zaharrak
Bizkaian jota eta porrua dantzatzeko gorde den modu zaharra ezagutzeko aukera emango dute Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeko Kepa Artetxe eta Mikel Goitiak. Arratia eta Zeberio inguruetako jotalari eta dantza-maisu garrantzitsuekin ikasitako erromerietako dantzak erakutsiko dituzte. Jotaren hiru zatiak bereiztu, zati bakoitzerako zenbait urrats ikasi eta dantzarako estilo irizpideak emango dituzte. Jota horiek dantzatzen zituzten dantza-maisuei –Bartolo Lasa edo Silbestre Elezkano "Txilibrin" adibidez– egindako bideo grabazioak erakutsiz, jota eta porru zaharren testuingurua ezagutzeko aukera izango da.
Ikastaroa: Jota eta Porrua
Irakasleak: Kepa Artetxe eta Mikel Goitia - Andra Mari dantzari taldea
Data: Maiatzaren 9a, larunbata
Lekua: Arteleku (Donostia)
Informazio gehiago
Baztango mutil-dantzak
Borobil irekian eta ordulariaren aurkako norabidean dantzatzen dira Baztango mutil-dantzak. Iparraldeko jauzi eta Bearneko sauts-ekin loturak antzematen zaizkie, baina ezaugarri propio eta bereziak dituzte baztangoek. Baztango hiru dantza-maisu, Patxi Larralde, Xabier Larralde eta Rafa Barron izango dira ikastaroaren arduradunak. "Ertizke, hiru urrats, ezker batekin, aitzina pasa, gibelerat pasa" eta beste zenbait urrats ikasiko dira ikastaroan, eta ondoren horiek lotzen ikasiko da. Ikastaro praktikoaren aurretik, sarrera teoriko bat eskainiko du Mikel Aranburu Urtasun-ek, Baztango mutil-dantzen nondik norakoak eta testuingurua ezagutu ahal izateko.
Ikastaroa: Baztango mutil-dantzak
Irakasleak: Patxi Larralde, Xabier Larralde eta Rafa Barron
Sarrera hitzaldia: Mikel Aranburu
Datak: Maiatzak 23 eta 30, larunbatak
Lekua: Arteleku (Donostia)
Informazio gehiago
Goierriko dantzak
Gipuzkoako dantza tradizioa anitza da eta, ondorioz, herri eta auzo bakoitzean besteengandik bereizten dituen ezaugarri bereziekin ospatzen dira jai eta tradizioak. Goierrin, eta bereziki Goierri behealdean, aurkitu dezakegun dantza-ondarea aztertu eta ezagutzera emango da ikastaro honetan: bai gaur egun eskualdeko tradizioan bizirik dirauten dantzak (ezpata-dantzak, soka-dantzak...), bai orain gutxi-asko galdu ala desagertu direnak eta berreskuratze bidean dauzkagunak (inauteria, dantza-jolasak, erromeria...). Mikel Sarriegi, Aurtzaka dantza taldeko zuzendariak Goierriko dantzen inguruan hainbat lan egin ditu azken urteotan, eta bilketa eta berregite lan horiek Aurtzaka taldearen bidez aurkeztu dira, besteak beste "Goierriko dantzen ikuskizuna" emanaldiaren bidez.
Ikastaroa: Goierriko dantzak
Irakaslea: Mikel Sarriegi
Data: Irailak 26, larunbata
Lekua: Arteleku (Donostia)
Informazio gehiago
Dantzan Ikasi
Dantza tradizionalaren irakaskuntzan laguntzeko asmoz sortu da Dantzan Ikasi egitasmoa. Dantza tradizionala irakasgai duten irakasleei eta ikasten jarraitu nahi duten dantzariei, beren formazioan sakontzen jarraitu ahal izateko aukera eskaintzea da helburua. Etengabeko irakaskuntza alor guztietan indarrean dago gaur egun eta dantza tradizionalaren alorrean ere bide horretan urrats batzuk eman nahi dira egitarau honen bidez. Dantza tradizionalaren sektorearen osasunaren inguruko azterketak egin direnean formazioa izan da dantza alorreko eragileek azpimarratu duten hutsuneetako bat. Kulturaren Euskal Planean maiz agertu da dantza tradizionalean formaziorako dauden aukera urriekiko kezka. Hori kontuan hartuta jarri du abian Dantzan Ikasi egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ikastaro, mintegi eta taller teoriko zein praktikoen bidez, dantza irakasleen eta dantzarien formazioa osatzeko aukera eskaini nahi da ekimen honen bidez.
Ikastaro eskaintzarekin hasi aurretik, Gipuzkoan dantza tradizionalaren alorrean irakasten diharduten dantzari eta irakasleen berri jasotzeari ekin dio Dantzan Ikasik. Ikastaroak jasotzeko interesa izan dezaketen irakasle eta dantzariekin kontaktuan jartzeko aukera eman du horrek, eta batez ere, egitasmo honetan interesa izan dezaketen irakasle eta dantzarien berri izan da modu horretan: zein prestakuntza duten, noiz eta norekin ikasi duten, zein baldintzatan ari diren dantzaren irakaskuntzan, eta zein hutsune eta behar antzematen diren dantzarien prestakuntzan, besteak beste. Ikastaroen antolaketarako eta dantzari eta dantza irakasleen beharrei ahalik eta zorrotzen erantzuteko informazioa biltzea izan da inkesta honen helburua. Inkestan parte hartu duten guztiei helaraziko zaizkie inkesten emaitzak, eta interesa duen edonoren eskura jarriko dira sarean.
Antolatuko diren ikastaroak eta mintegiak norabide jakin eta egituratu batean bideratu ahal izateko dantza tradizionalaren curriculum bat osatzeko urratsak emango ditu Dantzan Ikasi egitarauak. Dantza tradizionalaren formazioan lanean eskarmentua duten adituen eta elkarte esanguratsuen proposamen eta irizpideak jasoko dira lehenengo, eta inplikatutako agenteen partehartzearekin, adostasunean oinarritutako lan-dokumentu bat prestatzeko urratsak emango dira.
Dantzan Ikasi Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da. Dantzan.com elkartea arduratzen da egitasmoaren kudeaketa teknikoaz. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra eta Ikerfolk elkarteek gainbegiratzen dute proiektuaren ibilbidea Dantzan Ikasiren Jarraipen Batzordetik.
Dantzan Ikasi
ikasi@dantzan.com
Tfnoa. 943 53 04 40
www.dantzanikasi.com
Dantzan Ikasi 1 boletina (pdf 2,8 MB)
Dokumentuaren akzioak
Informazioa cursoarenak,apuntatzeko