Dokumentuaren akzioak
Dantzan Bilaka 2011: Koreografiak sortzeko prozesuak
DANTZAN BILAKA programan parte hartzen duten sortzaileak aukeratzeko, koreografia-ikerketarako dirulaguntza deialdia egiten da urtero. Dirulaguntza emateaz gainera, sorkuntza-prozesuaren jarraipen artistikoa eta teknikoa ere egiten zaie hautagaiei, beren sormen-prozesuetan.
DANTZAN BILAKA programak euskal sortzaileen elkarrizketarako eta gogoetarako topaleku izan nahi du, koreografia-lanak sortzerakoan izaten dituzten kezkak eta zalantzak aztertzeko.
Zortzi hilabetean, koreografoek eta partaideek hainbat lan-topaketa egiten dituzte, sortzaileak eta sorkuntza-prozesuaren aldi desberdinak aurrez aurre jartzeko. Talde-gogoetarako espazio bat sortu nahi da horrela, sormen-prozesuetan funtsezkoak diren tresnez eztabaidatzeko, partaide bakoitzaren proiektua garatzen laguntzeko, eta partaideak egile eta sortzaile burujabe bihurtzeko.
Hala, proiektuak aurkezteko topaketa bat egingo da aurrena, eta lanak mahai-gaineratzeko eta haien inguruan hitz egiteko beste bat, gero. Nork bere proiektua, bere ideiak, proiektua zer fasetan dagoen, nondik eta nola lan egin nahi duen eta abar azalduko du. Gero, hirugarren topaketa bat egingo da, lanak eszenaratzeko, prozesuaren edozein fasetan egonda ere. Garrantzi handiko unea da hori, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, hasierako ideiak gauzatzen hasten direlako; bestetik, ideia horiek talde osoarekin (koreografo, dantzari, teknikari, musikari eta bestelako laguntzaileekin) partekatzeko aukera eskaintzen zaielako.
Euskal Herriko Unibertsitateak uztaileak Bilbon antolatutako Arte eta Kultura topaketetan, dantza garaikideko ikastarora gonbidatutako koreografoarekin elkartzeko aukera eskaini zaie DANTZAN BILAKA programako koreografoei. María Muñoz koreografoak (Mal Pelo konpainiakoak) eman zuen ikastaroa bigarren urtez jarraian. DANTZAN BILAKA programan parte hartu zuten koreografoek sorkuntza-prozesuari buruzko beren kezkak azaltzeko aukera izan zuten bertan.
Irailean, proiektu bakoitzak dituen behar teknikoak aztertuko dira lan-aste batean. Egun horietan, koreografoei aukera emango zaie nork bere lanerako diseinatutako argiztapena eta soinua saiatzeko eta lana bera eszenaratzeko, teknikoki behar bezala hornitutako areto batean.
Azkenik, prozesu honi amaiera emateko, DANTZAN BILAKA programaren bostgarren ekitaldi honetan parte hartu duten bederatzi koreografoen lanak Euskadiko hiru hiriburuetako formatu desberdineko espazioetan jarriko dira ikusgai.
Aurten, bederatzi lan horiek lau gunetan egongo dira ikusgai: horietako hiru italiar erako antzoki batean (Gazteszena, Donostia); beste bi areto zuri batean (Artium Museoa, Gasteiz); beste hiru areto alternatibo batean (La Merced aretoa, Bilbo); eta bederatzigarrena Guggenheim Museoaren zero aretoan. Gune bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu, oso desberdinak, eta horien araberakoak izango dira lan mota, ikusleekiko harremana, argiztapena, soinu kalitatea...
Aurkezpenak
Gazteszena, Donostia - Urriak, 15, 19:30
- Iker Arrue: Verfallen
- Nagore Somoza: Sasi eta odeien artean / Entre bardisses i núvols
- David Guerra: Tr3s x Tr3s
Artium, Gasteiz - Urriak 21, 19:30
- Estibaliz Olabarri: P L A Y S T A N D S S T I L L
- Eneko Gil-Noemi Viana: Tempus, -i
- Nagore Somoza: ...
Guggenheim, Bilbo - Urriak 26, 19:00
- Carla Fernandez: GU-nosotros los heroes
La Merced, Bilbo - Azaroak 2, 20.30
- Eneko Balerdi: Lakua
- Oiane Lopez de Munain: Nahual
- Marianela León: Tela para falda y no oso en la orilla
Dantza garaikideari laguntza
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak dantza sustatzeko dirulaguntza deialdi bat egiten du urtero, honako modaliate hauekin: Sorkuntza koreografikoa, Dantza ekoizpena, Birak, Formakuntza eta Zabalpena.
Deialdi horren helburu hauexek dira:
1. Beren aktibitatea Euskadin garatzen duten koreografo eta konpainien SORKUNTZA sustatzea.
2. Sektore honetan egiten diren PROFESIONALIZAZIO ahaleginetan laguntzea, ahal delarik.
3. Euskadiko eta kanpoko ESZENA ZIRKUITOETAN dantzarako gero eta aukera gehiago izateko Zabalkunde ekimenak sustatzea.
Espezifikoki, honako kontu hauek bultzatu nahi ditu diru-laguntzen deialdiak:
A.- Dantza konpainiei laguntza ematea eta berriak sortzeko laguntzea.
B.- Urtero dantzako proiektu berriak izatea ahalbidetu nahi dute.
C.- Koreografo independienteak sortzeko baldintzak izatea.
D.- Dantza garaikidearen korrente bat sustatzea.
E.- Euskadiko panorama eta eskaintza kulturala aberastea.
F.- Dantza, bitartekari kultural eta artistiko garrantzitsutzat baloratzen duen publikoa
hazten bultzatzea.
Hala eta guztiz ere, sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, dantzaren munduaren ahultasunik nabarmenena lanen difusioarena da. Horixe da hain zuzen ere Dantza Bultzatuz programaren ekintzek landu nahi duten alorra.
DANTZA BULTZATUZ Programa
Kultura sailaren Dantza Bultzatuz programaren bitartez, Euskadin dantza zabaltzea du helburu baita gero eta publiko gehiagok, sortzaile eta dantzariekin batera, mintzaira eszeniko berriak esploratu eta erakusteko grinaz parte hartzea ere.
Programaren zabalkunde ekintzek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak urtero egiten duen dirulaguntza deialdiaren osagarriak dira. Lagundutako proiektuek zabalkunderako laguntza ere jasotzen dute, ondorengo ekintza hauen bitartez:
Dferia – DANTZAN (Ekoizpen profesionalak)
Dantzarako Plataforma Donostiako antzerki ferian ospatzen da uztailean eta 2006tik Biarritzeko dantzan jaialdian ere irailean. Bertan, dirulaguntzen deialdiaren barruan azken urtean emandako dirulaguntzen
bitartez sortu diren ekoizpenak erakusten dira.
Dantza Garaikidearen Zirkuitoa (Ekoizpen profesionalak)
Dantza Zirkuitoak behar zehatz bati erantzun nahi dio; alegia, formato txiki eta erdiko produkzioak erakusteko espazio egonkorren eskasia dela-eta, sektoreko profesionalek eta zaletuek duten kezka bati aterabide bat ematea, baita honelako ikuskizunetara publikoa erakartzeko antzokiek egiten duten ahaleginean laguntzea ere. Zirkuitoaren zazpigarren edizioa urtarrila eta abenduaren bitartean ospatzen da aurten.
Dantzan Bilaka (Sorkuntza prozesuak Dantzan: Topaketak eta Lanen aurkezpena)
Azken hamalau urteotan Koreografi Erakusketa delakoa ospatu da, Koreografi Sorkuntzarako urtero banatzen diren laguntzen bitartez sorturiko lanak zabaltzeko. Denbora hori igarota, eta
sektorearekin batera eginiko gogoeten ondorioz, ekintza horren formatoa, helburuak edukiak baita bere izena ere aldatu edota eguneratu ditu.
Gainera, helburu horrekin berberarekin –gure dantza zabaltzea eta trukaketa ekintzak bultzatzea- beste erakunde eta ekimen batzuekin akordio berriak finkatzen ari dira poliki poliki, horien artean aipatu daitezke Instituto Cervantes, Bartzelonako Mercat de las Flors, Madrileko Pradillo Antzokia de Madrid eta abar.
Dokumentuaren akzioak