Dokumentuaren akzioak
Dantzagunea kudeatzeko lehiaketa deialdia egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Uztailaren 3an argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Dantzagunea kudeatzeko lehiaketa deialdia. Lizitatzeko gehieneko prezioa 129.753 Euro (+BEZ) da, eta kontratua eskuratzen duenak bere ardurakoak izango ditu "Gipuzkoako Dantzaguneko espazioak eta erabiltzaileentzako zerbitzuak kudeatzea eta jarduera programa diseinatzea, plangintza egitea eta gauzatzea".
Dantza tradizionaletik abiatuta dantza garaikideruntz
Aurretik izan diren deialdian aldean berritasun nabarmen bat du honako deialdi honek, izan ere orain arte izan ez duen lan lerro berri bat izango duela jasotzen baitu, zehazki, "Euskal Dantza tradizionaletik abiatuta dantza garaikidera sarbidea bideratuko duten programak sustatzea" izango du egitekoa Dantzaguneak lehiaketaren oinarrien arabera.
Deialdiak jaso duenez "Kultur politikaren ikuspuntutik, Dantza tradizionaletik abiatuta dantza garaikideruntz egin beharreko bidea errezteko programak sustatzea estrategikoa da, eta honekin batera, lan hau garatzen duten plataforma eta taldeen sustapena". Dantzaguneak talde horiekin kolaborazio zuzen bat izango duela zehazten da lehiaketaren baldintza-agirian.
Definizioa eta helburuak
Dantzaren irakaskuntza eta sorkuntza prozesuak laguntzeko helburuarekin sortu zuen Dantzagunea Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lehiaketa deialdian Dantzaguneak bete beharreko helburu eta jarduera nagusiak zerrendatzen dira, eta horien artean hiru helburu hauek aipatzen dira:
A) Dantzari gazteek dantzan lehen enplegua lortzeko europear ikuspegia duen plataformaren formula indartzea.
B) Euskal Dantza tradizionaletik abiatuta dantza garaikidera sarbidea bideratuko duten programak sustatzea.
C) Formazio arautu ofizial bat adostera iristeko nahiarekin, dantza tradizionalaren alorrean formaziora dedikatzen diren pertsonen kurrikuluma aberasteko ekintza formatiboak lehenestea.
Deialdian aitortzen da Dantzagunearentzat Dantzaz elkartea garrantzi handiko tresna dela dantzaren sustapenerako langintza okorrean egiten duen langatik, eta azpimarratzen du Dantzagunean bertan duela bere egoitza Dantzaz elkarteak.
Loiolatik (Donostia) Errenteriara
Kulturaren euskal planean 2004. urtean Dantza Etxeak bultzatzeko markatutako lan-lerroari segiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2009. urtean jarri zuen martxan Dantzagunea Artelekun. 2014an Errenteriara leku-aldatu da Dantzagunea, Artelekuren egoitza itxi baita ingurune horren berrantolaketa egiteko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Errenteriako udalak lankidetza hitzarmena egin dute Dantzagunearen garapena eta funtzionamendua bideratzeko, eta horren arabera, Dantzaguneak kudeatuko ditu Errenteria Hiria Kulturguneko dantza gelak, udal dantza eskolak erabiltzen ez dituen orduetan, eta bestalde, egoitza Errenterian duten dantza konpainiek lehentasuna izango dute Dantzaguneak kudeatzen dituen espazioak, dantza-gelak, erabiltzeko orduan.
Lehiaketa
Puntuazio lehiaketa bidez ebatziko da lehiaketa. 50 puntu eskaintza ekonomikoan erabakiko dira (merke eta orekatua izatea baloratuko da) eta proposamen tekniko metodologikoan beste 50 puntu erabakiko dira (entitateari dagozkion 10 puntu, lan plangintza 20 eta proposatutako baliabideak 10). Uztailaren 19an bukatzen da lehiaketa honetan parte hartzeko dokumentazioa aurkezteko epea.
- Dantzagunea kudeatzeko lehiaketa (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Dokumentuaren akzioak
Nik dantza tradizionala dut etxetzat, eta argi eta garbi esan nahi dut dantza tradizionala dantza garaikidea dela, eta beraz, ez daukadala inongo biderik hartu beharrik bizi naizen etxera etorri ahal izateko.