Dokumentuaren akzioak
Dantza-maisuen sokak saretzen
Gipuzkoako dantza-maisuak hitzaldia, Donostia, 2023-10-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Mikel Sarriegik eta Angel Muruak “Gipuzkoako dantza-maisuak” hitzaldia eskaini dute Euskal Herriko Dantzari Egunaren programazioaren eta Goizaldi dantza taldearen 75. urteurreneko ekintzen barruan. Bata beasaindarra, bestea legazpiarra, biak ere dantzariak eta dantzaren inguruko hainbat ikerketan arituak. Gipuzkoak dantza-maisu ugari izan ditu, batzuk oso ezagunak; besteak beste, Iztueta, Olano eta Pujanatarrak, baina ez dira bakarrak eta ezagun zein ezezagunez eta denen arteko loturez eta sareaz aritu dira.
Dantza-maisu galduen bila
Mikel Sarriegik denbora darama Gipuzkoako dantza-sistema eta dantza-maisuen bueltako ikerketan eta ikusi du betiko erreferenteez gain, beste hainbat dantza-maisu aritu direla Gipuzkoan dantzen irakaskuntzan eta transmisioan. Ondorioz, dantza-maisu galduen bila ibili dela dio, ohartu baita ondare ezezaguna, baina benetan aberatsa eta interesgarria dagoela hor ezkutuan.
Dantza-maisuaren definizioa eta Europako Berpizkunde garaiko dantza-maisu aitzindariak ekarri ditu lehendabizi gaian kokatzeko, eta pixkanaka Europan barrena Euskal Herrian eta Gipuzkoan kokatu da dantza-maisuei erreferentzia egiten dieten testigantza edo datuak ekarrita. Juan Inazio Iztuetaren liburua gure eskuartera iristeak duen garrantzia azpimarratu du Sarriegik. Informazio zalantzagarria izan dezakeen arren, garaiko testuinguru politiko sozialaren joerak ikus baitaitezke eta batez ere, informazio koreografiko interesgarria jasotzen baitu.
Hortik aparte, hamarkada askotan indarrean egon diren zenbait uste errebisatu beharra daudela ohartu da. Adibidez, Gipuzkoako dantzen sehaskatzat Goierri hartu izan da, eta horren jarraipena Iztueta, Olano eta Pujanatarrek eman dute; baina azken 25 urtetan egin dituzten ikerketa eta bilatze lanei esker ikusi du transmisioa ez dela lerrobakarrekoa izan. Gipuzkoako dantzen ibilbidea askoz ere konplexuagoa izan da, horrela, dantza maisuen sare askoz ere zabalagoa irudikatzen duen mapa osatzen ari da Sarriegi eta erakutsi du nola duen jasota zein dantza maisu zein herritan ibili zen espazialki zein kronologikoki. Horrez gain, azken 60 urtetan egin diren ahalegin arauemaileak ere aipatu ditu. Mugimendu, urratsen, aldairen... izendapenak eta sailkapenak esaterako, eta azpimarratu du Gipuzkoako dantza-sistema Europako dantza sistemen oinordeko garrantzitsuenen alboan kokatzen dela.
Legazpiko dantza-maisuak
Angel Murua legazpiarra da eta herrian bertan hasi zen dantzan. Aurrena Itxaropena taldean eta ondoren Sustraiak taldean, azken horren sorreran ere hartu zuen parte. Dantzari izateaz gain folklorearen eta dantzaren inguruan ikertu du, Gipuzkoakoa eta batez ere Legazpikoa sakondu du. Horrela, bere esperientzia pertsonaletik abiatu da eta kontaketaren bidez bere interes eta ikerketen hasierako testuingurua azaldu du bere ikerketa gaian kokatzeko, hain zuzen ere, Legazpiko ezpata-dantzan.
Herriko artxiboan egindako bilaketak azaldu ditu eta Legazpiko dantza-maisuen eta dantzei buruz aurkitutako datuak erakutsi ditu, XVII. mendetik hasi eta gaur egunera artekoak: izen-abizenak, testigantzak, partiturak zein argazkiak. 1600. urtetik gaurdainoko folklore adierazpenak jaso ditu eta ordutik urtero-urtero agertzen direla dantza emanaldiak dio. 1624ko dokumentu bat erakutsi du erakusten duena Corpus egunean ezpata-dantza plazaratu zela. Lau mendeetan zehar ibili diren dantza-maisuak zerrendatu ditu, tartean da Lorenzo Pujana, 1943an bi dantzari talde prestatu zituela dokumentatua dago.
Dokumentuaren akzioak