Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza-maisua Argentinako Euskal Etxeetan

Dokumentuaren akzioak

Dantza-maisua Argentinako Euskal Etxeetan

2004/11/17 00:45

Dozena bat hiri eta milaka kilometro egin ditu dagoeneko Aitor-ek eta Argentinako euskal dantzarien berezitasunez jabetzen dihoa poliki-poliki. Joseba Etxarri, Euskal Kultura diasporako albistegiaren egileari esker jarri gara Aitor Alavarekin kontaktuan eta bere esperientziaren berri eman digu.

Lehenengo hiru hilabeteetan presaka jardun behar izan du taldeei Euskal Asterako saio bereziak prestatzen laguntzen. Argentinako euskal etxeek urtero ospatzen duten Euskal Aste Nazionala (Semana Nacional Vasca) La Platan izan da aurten, urri bukaeran. 700 dantzari bildu dira jai horretan eta lau egunez jai interesgarria ospatzen dutela kontatu digu Aitor Alvak.

Milaka kilometro

Aitor Alavak 20 urte daramtza dantzan eta 11 urte dantza irakasle. Arabako iparraldeko Zuhatza herrikoa da, eta Amurrioko Aiara dantza taldeko dantzaria da. Argentinan daramatzan 4 hilabeteetan hainbat euskal etxetan jardun du dagoeneko irakasten eta ondorioz milaka kilometro egin ditu. Ondoko Euskal Etxeetan izan da irakasten dagoeneko:

  • Parana (Ibai-guren)
  • Parana (Urrundik)
  • La Plata
  • Arrecifes
  • Buenos Aires (Laurak bat)
  • Buenos Aires (Eusketxe)
  • Trenque Launquen
  • Villegas
  • Chacabuco
  • Rosario
  • Suipacha
  • Jose C. Paz
  • General Rodriguez
  • Chascomus

Dantza taldeek normalean astean behin ensaiatzen omen dute. Ez beroketarik eta ez teknikarik, gorputza batere landu gabe, eta horrek zaildu egiten omen du lana. Zenbait talde saiatzen omen da dantzak diren moduan egiten, baina beste zenbaiti aspergarriak gertatzen zaizkio modu horretan, eta gatza falta zaiola iruditzen zaien tokian, zerbaitek piztea erabakitzen dute. Adibidez, Aitor-ek kontatzen duenez La Platan, agurra egiterakoan, lau arin egiten den unean, muriska sartu dute, dantzarietako baten ustez lau aldiz urrats bera egitea gatzik gabea zelako.

Fandangoaren arrakasta

Argentinako euskal dantzarien artean arrakasta handiena duen dantza fandangoa dela esan digu Aitor-ek. Bere hitzetan fandango euskal-argentinarraz hitzegin daiteke, inolako zalantzarik gabe, ezaugarri propioak garatu baititu fandangoak lurralde horretan. Ondorioz, dantzari gehienek Aitor Alava-ri egin ohi dioten eskaera fandangorako urrats berriak irakastea izan ohi da. Aitor saiatzen da azaltzen Arratiako jotako urrats bat ez dela edozein tokitan egokitzen, eta txapelketako fandango baten abiadura zehatz bat izan ohi duela, baina zaila gertatzen omen da gauza asko ulertaraztea. Hala ere, zenbaitek badu ezagutza hori eskuratzeko borondatea, gutxienak badira ere... dio Aitor Alavak.

Jauziak ere nahiko arruntak omen dira Euskal Etxeetako dantza taldeetan. Baina harrigarriena zera gertatu zaio, zenbaitzuk jauziak dantzatzen dituztela erdizka bat zer den jakin gabe. Izugarrizko meritua dute dio Alavak. Chacabucon makil haundi egin genuen, kontatu digu Aitor-ek, eta zortzikoa neska batek dantzatu zuen, bizkaitar askok nahiko luketen estiloarekin gainera!

Abendurako Euskal Herrira itzultzeko asmoa du Aitor Alavak. Ea orduan kontu gehiago ekartzen dizkigun.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.