Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza-jauziak izango dira Ezpalak jaialdiaren ardatza

Dokumentuaren akzioak

Dantza-jauziak izango dira Ezpalak jaialdiaren ardatza

2010/05/07 18:20

Dantza-jauziak egiteko modu desberdinak ekarriko ditu 2010eko Ezpalak jaialdiak:

  • Lapurdi eta Nafarroa Beherean dantza-jauziak egiteko izan diren eredu desberdinak ekarriko ditu Maritzuli konpainiak Aiko taldearen musikak lagunduta.
  • Argia dantzari taldeak 60ko hamarkada bukaeran Zuberoan eta Nafarroan Beherean ikasitako dantza-jauzien tradizioa aurkeztuko du.
  • Biarnoko musikari eta dantzari talde batek Ossau bailarako sauts edo jauziak eskainiko ditu.
  • Luzaideko dantzariek, Nafarroa Garaia eta Behearen arteko mugan bolantek dantzatzen dituzten jauziak ekarriko dituzte
  • Baztandar dantzari talde batek baztango mutil-dantzak eskainiko ditu.


Taldeen emanaldia bukatuta dantzaldia ireki eta Aiko taldeak dantza-jauziak jotzen jarraituko du, nahi duten guztiek dantzatu eta gozatzen jarrai dezaten.

Dantza genero zahar eta intesgarria osatzen dute dantza-jauziek eta mutil-dantzek. Jean Michel Barkoxe jauzia 1Guilcherrek dioenez, XIX. mendean hainbat idazle ohartu zen jauzien garrantziaz, baina ongi ezagutzen ez dituenarentzat konplexutasun handia dute. S. Harruguet-ek 1927an idatzitako hitz hauek jasotzen ditu Guilcherrek: "Dantza guztien artean, originalenak, berezienak, originalenak, zientifikoenak esan genezake, dantza-jauziak dira".

Dantza-jauzien generoa Biarno, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Baztan-en dantzatzen da, baina eskualde batetik bestera ezaugarri, estilo eta dantzakera desberdinak aurkezten ditu. Izen desberdinak erabili arren, jauziak, sauts, mutil-dantzak eta mutxikoak, funtsean dantza-sistema bera dela ikusi ahal izango dugu 2010eko ezpalak jaialdian, eta horrekin batera, genero bera dantzatzeko estilo eta ezaugarri desberdinak ezagutu ahal izango ditugu. Gainera, dantzaldia ireki eta edonoren parte hartze eta gozamenerako dantza-jauzien ekitaldiek osatuko dute ekitaldia.

Ezpalak 2010, dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia

Maiatzak 29, larunbata, Iruñea

17:30 Kalejira alde zaharreko karriketan barna
18:00 EZPALAK, dantza-jauzien nazioarteko jaialdia Burgoen plazan. Euskal Herriko eta atzerriko dantzen erakustaldia:

  • Duguna dantza taldea - Iruñea (Nafarroa)
  • Baztandarrak – Baztan (Nafarroa)
  • Osseau haraneko musika eta dantza – Osseau (Biarno)
  • Luzaideko bolant-dantzariak – Luzaide (Nafarroa)
  • Argia dantzari taldea – Donostia (Gipuzkoa)
  • Maritzuli konpainia – Baiona (Lapurdi)


Segidan: Dantzaldi irekia Aiko taldearekin.

 
Maiatzak 30, igandea, Eibar

12:30 EZPALAK, dantza-jauzien nazioarteko jaialdia Untzaga plazan. Euskal Herriko eta atzerriko dantzen erakustaldia:

  • Kezka dantza taldea - Eibar (Gipuzkoa)
  • Baztandarrak – Baztan (Nafarroa)
  • Osseau haraneko musika eta dantza – Osseau (Biarno)
  • Argia dantzari taldea – Donostia (Gipuzkoa)
  • Maritzuli konpainia – Baiona (Lapurdi)


Segidan: Dantzaldi irekia Aiko taldearekin.

17:00etan Erromeria Aiko taldearekin.
 
Urtero gai desberdina, mamia berbera

Iruñeko Duguna eta Eibarko Kezka dantza taldeek antolatzen duten jaialdia gai baten inguruan egituratzen da urtero. Hauek dira aurreko urteetako gaiak:
2006: Ezpata-dantzak
2007: Makila-dantzak
2008: Arku-dantzak
2009: Karaktere-dantzak
2010: Dantza-jauziak

Bost urte hauetan Ingalaterra, Flandes, Frantzia, Portugal, Katalunia, Valentzia, Gaztela, Galizia eta Euskal Herriko hainbat bazterretako dantzak eta dantzakerak ikusteko aukera eskaini du ezpalak jaialdiak. Baina desberdintasunak baino gehiago, kultura koreografiko guzti horien arteko antzekotasunak nabarmentzeko ahalegina da Ezpalak. Izan ere, folkloreak herrien arteko loturak aspaldikoak direla erakusten digu, eta dantza tradizionalak ikusiz, Europako eskualdeen artean, historian zehar behin eta berriz elkar trukatu eta konpartitu ditugun musika eta dantzakerak ezagutzeko aukera dugu.

Eibarko Klub Deportiboko Kezka dantza taldea eta Iruñeko Duguna dantza taldeak antolatuta, eta Iruñeko Udala, Eibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaren antolatzen da Ezpalak jaialdia.

 

Ezpalak: http://www.dantzan.com/blogak/ezpalak

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.