Dokumentuaren akzioak
Dantza Hirian, 9 urte dantza garaikidea kalera eramaten
"Begiratu. Sentitu. Entzun. Ukitu dantzan". Lema horrekin iritsi da Dantza Hirian jaialdiaren 9. edizioa Baionatik Donostiarako eremua hartzen duen hiri-ingurunera. Dantza garaikidea hiri inguruneetan eskaintzea du helburu, eta besteak beste gizarte kohesiorako duen indarra baliatu nahi du. 11 hiri, 26 hiri paisaia, 22 ordu ikuskizun erabat dohain, 16 dantza konpainia, 2 artista egoiliar, 2 estreinaldi, 4 ikuskizun hezkuntza zentroentzat, 3 masterclass, 3 taller dantza eta marrazkia lantzeko, breakdance lehiaketa 1, argazkilaritza lehiaketa 1, azken batean, hiritarren parte hartzea sustatzeko programa 1. Horiek dira Dantza HIrian 9. jaialdiaren zenbakiak. Eta honako hau programa:
Dantza Hirian 2014
Dantza Hirian
Dantza Hirian jaialdia Eurohirian bizi da eta plazak, parkeak eta kaleak gaur egungo dantzaren eszenatoki bilakatzen ditu. Arkitekturaren, dantzaren eta ikuslearen artean une paregabe eta ahaztezina sortzen da. Herritarrek parte hartzeko esperientzia hurbila dute, denontzat eskuragarria, dantza-abentura ibiltari baten inguruan antolatua. Gaur egungo nazioarteko dantzaren alorrean ospe handia duten konpainia eta koreografo profesionalen proposamenak eskaintzen dizkio Dantza Hirian ekimenak Eurohiriari. Bai ATERPEAN eta bai IBILI ere, Akitaniako eta Euskadiko konpainiei sormenlanak egiten eta jendeari ezagutarazten laguntzen dieten programak dira, eta aurtengo edizioan beste jarduera paralelo batzuekin osatuko dira. Nabarmentzekoa da “¿Me regalas un movimiento? (Emango didazu mugimendu bat?)” proiektua, Eurohiriko biztanleek emandako mugimenduen bidez egindako bideo-instalazio bat.
Dantza Hirian jaialdiak hirugarren urtez jarraian bat egin du Europako Lankidetzaren Eguneko ospakizunekin eta Donostia 2016 Kulturaren Europako Hiriburua ere proiektu horri batu zaio. Ongi-etorria eman nahi diegu Hondarribia eta Bidarti, dantzarako bi paisaia berriei.
Beste alde batetik, aurten, Dantza Hirian jaialdiak, Espainiako estatuko beste hamar jaialdirekin batera, Acieloabierto Sarea bultzatu du (Ez-ohiko eremuetan egiten diren Gaur Egungo Dantza Jaialdien Sarea); sare horrek lankidetza, mugikortasun eta truke arloko proiektuak sustatzen ditu. Sarean egindako lan horren lehen ekintza Acieloabierto Zirkuitua sortzea izan da, eta horrela, aurkeztu diren berrehun proposamenen artetik, bost proposamen hautatu dira Sarearen hamar jaialdietan barrena ibiltzeko.
Halaber, NEXOS izeneko jaialdiaren luzapen bat ere abian jarri dugu. Proiektu honen ideia nagusia, hain zuzen ere, eremu publikoetan egindako dantzaren bitartez beste hiri/muga-inguruko espazio batzuekin elkarlanean aritzeko loturak sortzea da, gizarte-kohesiorako tresna gisa. Ekainean egindako lehen edizio honetan Barbate (Cadiz) izan da topalekua, Europaren hegoaldeko muga. Bi itsasori eta bi kontinenteri irekia: Europa eta Afrika
Europako kultura-panoraman entzute handikoa izateaz gain, dantza-jaialdi huts bat baino gehiago da Dantza Hirian. Gaur Egungo Dantzarentzako plataforma bat da, IREKI izeneko plan estrategiko baten bitartez sendotzen ari dena. Plan horrek Europaren laguntza jaso du POCTEFAren bitartez; mugaz gaindiko lurraldearen zerbitzura dagoen eta Pirinioetako Lan Komunitateak kudeatu duen programa bat da.
Dokumentuaren akzioak