Dokumentuaren akzioak
Dantza Auñamendi Eusko Entziklopedian - Sarrera
Gerora, Eusko Ikaskuntzak entziklopedia eskuragarriago bihurtu du online bertsioa sortuta. Formula berri horrek paperezko 85 liburukien eduki oparoa eskaintzen dio erosteko aukerarik, edo asmorik, izan ez zuen orori; eta baita gainontzeko aditu zein ikerlariei ere.
Entziklopediaren interneteko bertsioa etengabe berritzen da. Horrela, XXI. mendearen hasieratik aurrera, Euskomedia-ren webgunean, Auñamendi Eusko Entziklopedia atalean, garai batean egindako sarrerez gain, egun gehitzen diren sarrera guztiak daude ikusgai, eta ondorioz, interneteko bertsioa eguneratuta dago beti.
Gauzak horrela, dantzan.com-ek orain arte dantza tradizionala ezagutzera eman eta sustatzeko jarraitu duen bidetik, dagokion ekarpena egin nahi dio proiektuari eta Eusko Ikaskuntzaren Entziklopediak barne hartzen dituen dantzari buruzko artikuluen zerrenda bat aurkeztu du.
Jarraian aurkezten diren zerrendetan, dantza tradizionalaren munduarekin lotura zuzena duten hitzak biltzen dira, baina gehiegi ez luzatze aldera, ondoren aipatutakoak ez dira agertuko:
- Dantzarekin (tradizionala zein ez) lotura duten pertsonen izen bereziak: Violet Alford, Juan Antonio Urbeltz, Iñaki Irigoien, Mikel Aranburu Urtasun, José Luis Etxebarria “Txelu”, Rodney A. Gallop, etab.
- Herri-musika eta musika tradizionalari dagozkien erreferentziak. Dantzetako musikan erabiltzen diren musika-tresnetatik hasi (alboka, dultzaina, gaita, txistua, txirula, tronpa, trikitia, danbolina, etab.) eta musikariak izendatzeko erabilitako hitzetara (danborrari, txistulari, gaitero, danbolindari, etab.)
- Dantzari buruzko informazioa, herri, hiri eta herrialde desberdinen sarreretan jasotzen dena: Aldude, Oñati, Irun, Tutera, Cortes, Oskotz, Durango, Tolosa, Erronkari, Jaurrieta, etab. (alorrak: Musika, Folklorea, edo Egutegia). Halere, lurraldeei dagozkien sarrerak agertzen dira, eta baita hiriburuei dagozkienak ere.
- Festa eta ekitaldiak, bere baitan dantza tradizionalak egon arren, artikuluan garrantzi berezirik izan ez dutenak.
- Aldizkari eta edizio musikalen argitalpenak: Bizkaiko Aurreskua, Dantzari edo Dantzariak.
- Leku izenak: kale edo plazen izen ofizialak.
- Arteari dagokion guztia (pintura, eskultura edo ikonografia): Danza macabra…
- Izenburuan edo edukian dantzarekin nolabaiteko harremana duten pelikulak: Danzas de España; Danzas vascas; Du Fandango aux Sardanes; El Carnaval de Lanz; Fiesta de la Jota; Martintxu Perugorria en día de romería; Maskaradak; Procesión del Corpus en San Sebastián; Pyrénées mes amours edo du Fandango.
- Floran edo faunan agertzen diren askotariko terminoak, pertsonai edo bestelako elementuekin lotura zuzena dutenak: oilarra, etab.
Dantza tradizionalek garrantzi berezia izan dute aurreko belaunaldien aisialdian eta dibertsioan. Horri esker iraun du bizirik gaur egun arte, eta folklore taldeen edo dantza-taldeen zein hezkuntzaren oinarri sendo bihurtu da gainera.
SÁNCHEZ EKIZA, Karlos. Urdiaingo giza-dantza. Auñamendi Eusko Entziklopedia, 2012.
Oraingo honetan dantzara mugatuko bagara ere, ezin uka daiteke doinua eta kanta ezinbestekoak direla dantza gauzatzeko, eta musikari eta kantaririk gabe osatu gabeko emaitza litzateke dantza. Musika (tradizionala zein herri-musika) interesatzen zaienentzat AEE-k artikulu bilduma zabal bat du, eta bertan eskaintzen den informazioa modu eraginkorrean aurki daiteke bilaketa kutxatila erabilita.
Edukia
Entziklopedia bat osatzea beti da lan zaila, eta are gehiago merezitako laguntza ekonomikoa jasotzen ez denean. Beste proiektu kultural batzuetan legez, Estornes familiak eragozpenak izan zituen, baina kemenari eta sakrifizioari esker, urteen buruan, bere generoan bakarra den Entziklopedia osatzea lortu zuen eta handitu eta berritu egin du Eusko Ikaskuntzak aurrera egin ahal izateko laguntza eman ondoren.
Hala ere, gehienetan antzeman daitekeen desberdintasun bat aipatu beharra dago, artikulu zaharren eta berrien edukien artean: kalitatea eta luzera hain zuzen ere. Bigarren aroko egileen zehaztasunak eta izenburu landuek jakintza maila ezinbestean igo dute.
Entziklopediaren helburua kalitatezko edukiak eskaintzea da, modu erakargarri eta eskuragarrian. Azken urteetan multimedia baliabideak nabarmendu nahi izan dira, testuak aberaste aldera. Hala, milaka irudi eta ehundaka bideo gehitu dira. Bestalde, garrantzitsua da eskaintzen den beste elementu bat azpimarratzea: artikuluak entzuteko aukera. Erabiltzaileen jarduna erraztu eta arintzeko asmoz, milaka lotura gehitu dira, entziklopediaren beraren beste eduki batzuetara zein kanpo baliabideetara doazenak. Horrek gehiago sakontzeko aukera ematen du, gai, esparru eta diziplinei dagokienez.
APAOLAZA BERAZA, José Miguel. Azeri-dantza. Auñamendi Eusko Entziklopedia, 2012.
Harremana
Paperezko edizioaren jatorrizko hizkuntza (Enciclopedia Auñamendi-rena) eta, ondorioz, gerora online (AEE) bertsiora pasatako testuena, gaztelania da. Artikuluak zuzenean euskaraz sortzea eta dagoeneko bazeudenak itzultzea izan dira, eta dira, entziklopediako lan-taldearen helburu eta erronka nagusia. Esfortzu handia egiten ari dira zentzu horretan, eta emaitza ona izaten ari da. Helburua entziklopedia elebiduna lortzea da (gutxienez ere) eta “La Milice française”-n zentzu horretan lanean ari dira.
Zerrendako kapituluen osaera, edukia eta dagozkien atalak:
Dantza orokorra
- Artikulu orokorrak, salbuespenak salbuespen, dantzari dagozkionak.
Dantzak lurraldez lurralde
- Araba. Bakarka edo taldean dantzatutako Arabako dantzei buruzko artikuluak.
- Bizkaia. Bakarka edo taldean dantzatutako Bizkaiko dantzei buruzko artikuluak.
- Gipuzkoa. Bakarka edo taldean dantzatutako Gipuzkoako dantzei buruzko artikuluak.
- Lapurdi. Bakarka edo taldean dantzatutako Lapurdiko dantzei buruzko artikuluak.
- Nafarroa. Bakarka edo taldean dantzatutako Nafarroako dantzei buruzko artikuluak.
- Nafarroa Beherea. Bakarka edo taldean dantzatutako Nafarroa Behereko dantzei buruzko artikuluak.
- Zuberoa. Bakarka edo taldean dantzatutako Zuberoako dantzei buruzko artikuluak.
- Lurralde-denetarik. Bakarka edo taldean dantzatutako lurralde desberdinetako dantzei buruzko artikuluak (Euskal Herri osokoak).
- Kanpokoak. Jatorriz kanpokoak diren dantzak, gure herriko tradizioan sartu direnak, edo ez.
- Dantzen kantak eta soinuak. Dantzen kantu edo doinuak zuzenean aipatzen dituzten artikuluak, partiturekin edo gabe.
- Tipologiak. Dantza tradizionalen aro, familia eta diziplinak
- Pausuak, figurak eta besteak. Dantzarako pausu zehatzei, figurei edo koreografiei erreferentzia egiten dieten artikuluak.
Jaiak
-
Jai edo jaialdiak, bertan egiten diren dantza edo dantzak zuzenean izendatzen dituztenak, modu sakon zein laburrean.
Pertsonaiak
- Mozorroak eta pertsonaiak
- Modu aktibo edo pasiboan, dantzan, jaietan parte hartzen duten pertsonaien izenak, mozorrodunak zein mozorro-gabeak direla ere.
- Xigantiak eta peleleak (panpinak)
- Jaietan musikaren erritmoan mugitzen diren panpinak.
Dantza eta folklorean aritzen diren talde, ballet, federazio eta ikuskizunak
Atal honetan, alde batetik, edonolako elkarteak (dantza talde edo talde folkloriko, ballet, dantza federazio, etab.) aurki daitezke, eta bestetik, ikuskizun eta jaialdien izenburuak.
Eduki osagarria edo bigarren mailakoa
- Lurralde eta herriak. Gorago esan bezala, badaude herri eta lurraldeei buruzko artikuluak, dantza tradizionalei buruzko informazioa batzen dutenak, modu zehatz edo orokorrean. Euskal Herriko lurralde guztietako garrantzitsuenak aurkezten dira hemen, arestian aipatutakoak alde batera utzita (Oskotz, Tolosa, Durango, Urdiain, Jaurrieta, etab.).
Zutabeen antolaketa eta edukia:
-
ARTIKULUA. Artikuluaren izenburua edo sarrera nagusia. Artikulu bakoitzaren lehen izenburua gazteleraz (es) egon ohi da, salbuespenak salbuespen. Bigarrena 2 zenbakiaren atzetik joan ohi da, eta euskaraz (eu) idatzita dago gehienetan. Bestalde 3 eta 4 zenbakiek antzinako bertsioei edo eduki bera dutenei dagozkie.
-
HIZKUNTZA. Jatorrizko hizkuntza edo itzulpena: eu = euskara; es = espainiera; fr = frantsesa.
-
EGILEA(K). Artikulua sinatuta dagoenean, sinadura goiko aldean agertu ohi da. Lanak egilerik ez badu “anonimoa” jarriko du, nahiz eta horrek ez duen esan nahi oinarri bezala erabili den erreferentzia agertuko ez denik. Hitzez-hitzeko aipuen kasuan, jatorrizko egileen edo aipua jaso dutenen izena parentesi artean ageri da. Adibideak: Francisco Arrarás Soto (F. Arrarás Soto); Juan Ignacio (de) Iztueta (J. I. Iztueta); Padre Donostia (P. Donostia); Resurrección María de Azkue (R. M.ª Azkue); J. M.ª Iribarren o J. M. I. (José María Iribarren);
-
EREMUA. Oro har, elementu edo jaiaren jatorri geografikoa zehazten da. Herriaren izena ageri ohi da, baina haranarena, eskualdearena, merindadearena, etab. ere ager daitezke.
-
LURRALDEA(K) eta HERRIALDEA(K). Egiaztatzen denaren arabera: lurraldea, herrialdea edo estatua.
Artikulu bakoitzak sarrera bat edo gehiago izan ditzake, hizkuntza batean edo bestean idatzi bada.
Laburdura bakoitzaren esanahia:
- A = Araba
- AAA = Hainbat egile
- AND. = Andaluzia
- B = Bizkaia
- B. A. = Bernardo Anaut
- EH = Euskal Herria
- EST. = Estatua
- EST. BAT. = Estatu Batuak
- G = Gipuzkoa
- I. E. Z. = Idoia Estornes Zubizarreta
- L = Lapurdi
- N = Nafarroa
- NB = Nafarroa Beherea
- Z = Zuberoa
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiot Auñamendi Eusko Entziklopedia taldeari, proiektu honetan emandako laguntzagatik eta egindako lan gogotsu eta profesionalagatik. Eta baita Amaia Rodriguez-i ere, egindako itzulpen lanengatik.
Auñamendi Eusko Entziklopedian dauden dantza tradizionalei buruzko sarreren zerrenda:
EMILIO XABIER DUEÑAS (2013ko uztailaren 10a)
Dokumentuaren akzioak
Iruditzen zait zerrenda hau oso baliabide erabilgarria dela dantzazaleontzat. Orrialde horretan sartu eta bilatzen duguna aurkitzeko Ctrl-F (nabigatzaileek gauden orrialdean hitz bat aurkitzeko eskaintzen duten tresna) erabiliz, erraz aurkituko dugu dagokion sarrerarako lotura.
Mila esker Emilio Xabierri lan bikain honengatik, eta zer esanik ez Eusko Ikaskuntzari entziklopedia bikain hau egin eta eginarazteagatik (hainbat eta hainbat autorek parte hartzen dute bertan) eta denon eskura jartzeagatik.