Dokumentuaren akzioak
Tuterako paloteadoko dantza eta bertso zorrotzak Basaurin ikusi ahal izango dira Dantza Agerketaren 45. urteurrenean
Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldea. Dantza Agerketa, Basauri, 2002. Argazkia: Oier Araolaza-Dantzan.eus CC-BY-SA
Tokiko dantzak jasoko ditu Basaurik Dantza Agerketarekin irailaren 16an, 19:00etatik aurrera. Bizkotxalde parkean izan ohi da, baina eguraldi txarragatik Sozial Antzokian izango dela iragarri dute antolatzaileek. 45. edizioan Euskal Herriko honako taldeek hartuko dute parte:
- Kuartango (Araba): Kuartangoko gazteak urtero biltzen dira korpus ospakizuna eta Trinitatearen dantza eta giza-dorrea prestatzeko. Tradizio hori erakutsiko dute Basaurin, 1986an egin zuten bezala.
- Markina (Bizkaia): Zerutxu dantza-taldeak Markinako soka-dantza aurkeztuko du lehen aldiz Basaurin, ezpata-dantza eta zahagi-dantza ere egingo dituzte.
- Lizartza (Gipuzkoa): Otsolar taldeko kideek, euren herriko inauteri-dantzak erakutsiko dituzte, tartean, makila- eta brokel-dantzak.
- Tutera (Nafarroa): Tuterako Paloteado de San Juan dantza-taldeak bere 40. urteurrena ospatu berri du eta lehen aldiz dantzatuko dituzte herritik kanpo bezpera-dantzak, Basauriri espresuki eskainitako bertsoez lagunduta.
- Donibane Lohizune (Lapurdi): Begiraleak taldeko kideek Lapurdiko folklorearen erakustaldi bat egingo dute fanfarrearen erritmoan. Kontra-dantzak, makila-txikiena, Makeako soka-dantza… dantzatuko dituzte.
Egitaraua
Irailak 15, ostirala
- 19:00etan tailerrak (birziklatutako objektuez egindako musika-tresnak taxutu, txapak eta erraldoitxoak egin, orri-markatzaileak...) baita sagardo eta txorizo dastatzea ere.
- 19:30etatik aurrera erromeria Mojaparte plazan.
Irailak 16, larunbata
- 19:00etan, ekitaldi nagusia Sozial Antzokian, Euskal Herriko bost talde autoktonoren emanaldia.
Irailak 17, igandea
- 19:00etan, Basauriko Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeen emanaldia Sozial Antzokian.
Helburua: tokiko dantzei bultzada eta balorea ematea
45. edizioko azken prestaketetan, ekitaldiaren antolatzaileak elkarrizketatu ditu kulturklik-ek. Jaialdiaren nortasunaz, bilakaeraz eta etorkizunaz aritu dira antolatzaileak.
Antolatzaileek elkarrizketan azaldu dutenez 1960-70eko hamarkadan lekuko dantzen ikerketak eta bilketak ugaritu ziren; folklorearen errepresentazio gisa ulertuz eta ikuskizun hutsetik bereiziz dantza horiek. Testuinguru horretan, eta Sabin Egiguren-en eskutik, sortu zela Dantza Agerketa azaldu dute antolatzaileek. Aurrekariak izan bazituen ere, lehenengo Dantza Agerketa 1972an ospatu zen “Euskal Herriko Lehen Dantza Agerketa Nagusia” izenarekin.
Antolatzaileek diote Dantza Agerketarekin, tokiko dantzen jatorriari heltzeko mugimenduarekin bat egin zuela Basaurik. Beraien herriak Euskal Herriko hainbat dantza egun berean, denak batera, ikusteko aukera eman zuela azaldu dute; kontuan hartuta garai hartan egun baino erraztasun gutxiago zeudela Euskal Herrian zehar mugitzeko. Lan handia izan zen hasiera batean, euren herritik dantzara inoiz atera gabe zegoen jendea, Dantza Agerketan parte hartzera konbentzitzea, ulertaraztea beraien dantza autoktonoak zuen balioa eta gainera hori oholtzara eramatea.
Tokian tokiko dantzak eta dantzariak balioan
Badaude dantza batzuk Basaurin ikusi izan direnak eta orain galduak direnak. Villabuenako makila-dantzak, esaterako, 1977an Basaurin Villabuena bertako dantzariek eskaini zituzten. Gero taldea bertan behera geratu zen, eta Villabuenako dantzak ez dituzte herritarrek dantzatu hainbat urtez, ez kanpoan ez herrian ere. Dantza Agerketaren helburua talde autoktonoei bultzada ematea da, talde askok aitortu izan dute Basaurira joatea, eurek egiten dutena baloratzeko eta horretan jarraitzeko pizgarria izan dela askotan.
Tokiko dantzek aldaketak izango dituztela onartzen dute, zerbait bizia denez, beti doazela aldatzen eta momentuko errealitatera egokitzen. Beraien nahia euren nortasunari eustea da, beti ere, garaira moldatuz. 50. edizioan dute jomuga, mende erdiko lana behar bezala ospatu nahi dute.
Elkarrizketa osoa: Dantza Agerketa, investigación y exhibición con "marca" Basauri (Kulturklik)
Dokumentuaren akzioak