Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zintzarrotsak, inauteriak eta San Nikolas: Erronkaribarreko ondareaz La Kukulak kontatzen dituenak

Dokumentuaren akzioak

Zintzarrotsak, inauteriak eta San Nikolas: Erronkaribarreko ondareaz La Kukulak kontatzen dituenak

2024/12/18 07:40
Zintzarrotsak, inauteriak eta San Nikolas: Erronkaribarreko ondareaz La Kukulak kontatzen dituenak

Erromeria Bideko Ama Birjinaren baselizan, Burgi. Argazkia: La Kukula, 51.

Burgiko eta Erronkaribarreko historia, ohitura eta tradizioen berri ematen du La Kukula aldizkariak. Intereseko gaiei buruzko hainbat artikulu irakur daitezke, besteak beste: dantza irudiak eta ibarreko jantziei buruzko informazioa edota Korpus, Eguberri, San Nikolas, eta inauteri kontuak; zintzarrots eta karraka kontuak ere ageri dira.

La Kuluka
Erronkaribarreko emakumeak jantzi tradizionalekin. Argazkia: Ezkerretik eskuinera Dora Urzainki García, Leonor Bonell Garate, Aniana Gáaate Elizalde eta Marta Bonell Garate. Argazkia: La Kukula 48

Erronkaribarreko jantziak ikusgarriak dira eta hainbat azalpen eta irudi bildu dituzte zenbaki bat baino gehiagotan; tartean dira abarkei buruzkoak edota alkatesaren jantziari buruzkoak.

La Kuluka
Burgiko alkatesaren jantziaren bozetoa. Irudia: La Kukula 73

Jantziez gain, bertako hainbat ohituren nondik norakoak ere irakur daitezke. San Nikolas egunean, esaterako, umeak puska-biltzean ibiltzen dira Obispo txikia lagun dutela.

La Kuluka
San Nikolas, Burgi, Argazkia: La Kukula 40.

Eta San Nikolas-etik segidan Eguberriak. Neguko solstizioarekin lotzen diren ur eta su errituak aipatzen dira, baita Eguberri enborra ere. Udako solstizioan egin ohi dugun gisa ohitura zen suak piztea, baina garaia kontuan izanda, kasu honetan elur gainean. Gabon kantak ere aipatzen ditu, Gairon gairona deritzona, esaterako. Kantu horretan agerikoak dira paganotzat jo izan diren elementu sinbolikoak, adibidez, "argizagia", Zuberoan ilargia esateko erabili izan den modua; kristautasunaz haragoko erreferentzia dela esan genezake. "Oilarra txuria"-ri egiten zaion erreferentzia, eguzkia iragartzen baitu. Gabon kanten sortan Goazenak ageri dira, Zuberoak eta Erronkarik partekatzen zuten ohitura eta eguberri-kantu sorta zen eta Erronkaribarreko aldaeretan Erronkariko uskararen aztarnak agerikoak dira

Mazte erdiberrian
Aur ekun berrian
nekez sentotzen,
Aurra ziezun sortu,
bera ez eritu,
Birjena bizen.

La Kukula
Dantzaldia, Burgi, Argazkia: La Kukula 48.

Inauteri kontuak ere jasotzen dira. Ibarrean garai bateko inauteriak berreskuratzeko ahaleginean ari dira eta Burgiko antzinako ospakizunak nolakoak izaten ziren irakur daiteke. Zipoteroak, madamak, madamoak, edota goldea eta idien mozorroa kaleratzen zituzten. Goizean zehar ezkonduek eske-errondako egiten zituzten kitarratxoa, bandurria, gitarra, panderoa, triangelua, kastainetak... joaz. Iluntzean kalabaza hustuak begi eta ahoarekin eta kandelekin piztuak ikus zitezkeen leihoetan, eta hankapaloetan ibiltzen ziren zipoteroak agertzen ziren iluntzearekin batera; kaleak hartu eta leiho eta atarietako janaria lapurtzen zuten.

La Kuluka
Burgiko inauterietako mozorroaren marrazkia: Irudia: La Kukula 20

Aste Santuan, berriz, karraka hotsak ziren nagusi Burgin. Ostegun eta larunbat santuan elizako santuak tapatu eta kanpaiak isiltzen zituzten. Horrela, eliz mutilek eta haurrek karrakak joaz egiten zuten mezetarako deia. Erronkariko euskaran kurruskla deitzen zaie karrakei.

Historian atzera eginda, heriotzean bukatu zen zintzarrotsen auzia ere aurkitu dugu. Berriz ezkontzea erabaki zuten bi alarguni egin zioten zintzarrotsa Burgin 1611n. Meza nagusian Sebastian Perezen eta Graciana Iñiguezez ezkontzaren inguruko kargu-hartzeak irakurri ziren; bata 37 urtekoa, bestea 33koa, biak alargunak. Horren berri izan zutenean, iluntzean, herriko zazpi gazte bildu eta zintzarrotsa egin zieten ezkongaiei. Burla eta zarata, ordea, urrutira iritsi ziren, ezkongai zen gizonezkoa hil baitzuten harrikada baten ondorioz. Buruan kolpea jaso eta handik egun batzuetara ezkontza bateko bazkarian ondoezak eman eta hil egin zen. Libertimenduek horrelako gertaerak (alargunen ezkontzak) zituzten jatorrian. Gauez egiten ziren galarrots edo zintzarrotsak, eta kasu batzuetan libertimendua muntatzen zuten egunez.

Aipaturikoak eta askoz gehiago irakurgai dituzue webgunean; argazkiz eta testuz jasotako informazio guztia La Kukula elkartearen webgunean dago eskuragarri, aldizkari guztiak banan-banan irakur daitezke.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.