Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Blogak euskal dantzan

Dokumentuaren akzioak

Blogak euskal dantzan

2005/03/08 16:57

Jakingo duzuenez webgune mota bat da bloga, egunkari pertsonalak bezala egutegiaren arabera antolatzen dena, eta azken mezua edo albistea irakurtzen dugu lehenengo.

Euskal dantzaren alorrean ere hasi dira blogak sortzen. Nik bidali izan ditut dantzan posta zerrendara nire blog pertsonaleko lotura batzuk, baina orain bi dantza talderen blogak aurkeztera nator. Izan ere blogekin dantza taldeon webguneetan dugun arazo handienetako bat konpon daiteke. Behin webgunea egin eta gune asko erabat fosilduta geratzen dira, aldaketak egitea nekeza gertatzen baita. Horixe gertatu zitzaigun Kezka Dantza Taldearen webgunearekin. 1997an egin genuen eta egin genuenetik ez dugu berritu! Orain hilabete batzutatik aurrera Kezka dantza taldearen webgunea bloga da. Oraindik ez dago informazio askorik, baina behintzat bizirik dago.

Aipatu nahi dudan beste bloga Bilboko San Inazio auzoko Goi herri dantza taldearena da. Talde honek lehen msn gune bat zuen eta orain dela gutxi bloga estreinatu du. Taldearen inguruko albisteak, argazkiak, loturak eta abar eskaintzen ditu, eta dantzan.com-ek eskaintzen duen aukera polit bat ere primeran erabili dute. Hau da, dantzan posta zerrendako mezuak zure webgunean agertzea.

Blogek duten beste abantaila bat jarioa eskaintzen dutela da. Blogean albiste berriak daudela webgune horretara joan beharrik gabe jakin dezakezu horri esker. Tresna bikainak daude jarraipen hori egiteko. Nik bloglines erabiltzen dut. Bloglines-era joan, zure kontua sortu eta bertan apuntatzen dituzu zuri interesgarriak iruditzen zaizkizun blogak. Noizean behin bloglineseko zure kontuan sartu eta berak esango dizu zein webgunetan egon diren nobedadeak eta gainera zein albiste berri egon diren erakutsiko dizu. Interneten nabigatzeko sistema hau gero eta hedatuagoa da, eta oso erosoa da. Dantzan.com-ek ere eskaintzen du feeda eta laster interneteko webgune gehienek eskainiko dute irakurtzeko modu hori. Euskaraz ere asko dira aukera hori ematen dutenak eta horien jarraipena egiteko aukera eskaintzen du orain Aurki guneak.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.