Dokumentuaren akzioak
Bidasoaldean inauteriak Eraikiren eskutik
Inude eta Artzaiak
Otsailaren 19an kaleratuko da Irunen Inude eta Artzaien konpartsa. 250 partaide inguru izango ditu konpartsak, dantzariak eta pertsonaiak tartean. Eguerdiko 12.00etan abiatuko dira Pio XII plazatik eta 13.00etan emanaldi nagusia egingo da San Juan plaza.
Jostallu eta Gauerdi txarangek parte hartuko dute konpartsekin kalejiran, eta emanaldian Irungo Musika Fundazioaren Bandak joko ditu Raimundo Sarriegik sortu zituen doinuak.
Emanaldia bukatu ondoren Irungo Atsegina elkartean egingo da parte-hartzaileen bazkaria. Bide batez, konpartsan parte hartu nahi duten guztiak animatu nahi ditu Eraikin, irekita baitago aukera hori. Datorren otsailaren 5ean, eguerdiko 12.00etan bilera egingo da taldeak Behobian dituen lokaletan.
Inude eta Artzaien entseguak otsailaren 11an eta 18an, larunbatez, egingo dira, arratsaldeko 16.30etan Behobiako plazoletan.
Puska Biltzea
Otsailaren 25an aterako da Eraiki Dantza Taldea Puska biltzean. 1984an berreskuratu zuen Eraikik ohitura hau.
Goizeko lehen orduetan hasita Behobia eta Bidasoako baserrietan ibili dira puska biltzean eta fandango eta arin-arinak dantzatuz. Patrixin gosaldu, Luberri hamaiketakoa egin, eta Zinkonea baserrian bazkalduko dute. Iluntzean taldearen lokaltan egingo dute afaria bildutako puskekin.
Astoa falta
Orain 20 urte Puska-biltzera berreskuratu eta inauteriak bultzatzeko lanari heldu zionetik, Eraikik ahalegin berezia egin du Zabalo familiak transmititu zizkieten ohituraren xehetasun guztiak errespetatzeko.
Tradizio horren ezaugarri garrantzitsuenetako bat astoaren partehartzea da. Behar bezala apainduta, zumezko saskiz hornituta, puska biltzean jasotzen diren jakiak garraiatzeko ezinbesteko laguntza da astoa.
Gaur egun desagertzeko arriskuan dagoen animalia da astoa, eta iaz hil egin zen azken urteetako puska biltzean lagundu zuen astoa. Ondorioz, asto bat erosteko asmotan dira Eraikiko kideak. Horregatik Irungo Udalera jo dute, Puska biltzerako behar duten osagarria eskaintzeaz gain, astoaren beraren iraupena bermatzeko laguntzeko.
Eraiki dantza taldea bera, Gaztelu-Zahar baserriaren laguntzarekin egingo litzateke astoaren kargu. Beraz, Irungo Udalari egiten dio Eraikik astoaren erosketa bere gain hartzeko eta astoaren aitabitxi egiteko.
Aipatzekoa da badirela horrelako beste esperientzia batzuk. Eibarren ere antzeko egoera gertatu zen orain urte batzuk, eta Eibarko Udalak Pantxika izeneko astoa erosi zuen. Pantxikak parte hartzen du orduz gero Eibarko jaietan astoaren beharra izaten duten ospakizunetan. Adibidez, datorren otsailaren 24an kaldereroetan parte hartuko du Pantxika astoak, azken hamar urteotan egin duen bezala. Bere garaian oihartzun handia izan zuen komunikabideetan, Eibarko Udalak astoa erosi zuela argitaratu zenean, baina behin zalaparta pasa ondoren, bere lana zintzo-zintzo betetzen du Pantxika astoak.
Dokumentuaren akzioak