Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Berrizko dantzei buruzko DVDa egin du Bizkai elkarteak

Dokumentuaren akzioak

Berrizko dantzei buruzko DVDa egin du Bizkai elkarteak

2008/02/27 08:55

Berrizko folklorea. Dantzari-dantza eta soka-dantza DVDa pasarte txikitan banatuta dago, baina batez ere zati bi bereizten dira. Lehenbizikoan, Durangaldeari buruzko argibide batzuk eman ostean, hainbat elkarrizketa jasotzen dira; garai batean dantzari edo txistulari ibilitakoen iritziak eta oroitzapenak bildu dira gehienbat. Bigarren zatian, dantzari-dantza eta soka-dantza atalez atal erakusten ditu DVDak, Berrizko San Lorentzo taldeak emanak. Antzinako irudiren bat ere ikus daiteke tarteka.

"Gaur egun, ezin da dantzari-dantza talde honek baino hobeto egin, Durangaldeko beste talde batek egin ezean behintzat", uste du Sabin Egiguren Bizkai elkarteko presidenteak. Hala ere, gero eta akats gehiago egiten dituzte haren iritziz, inork ez duelako akats horiek zuzentzeko ardura hartu. Hori horrela, zenbait xehetasun ez dituzte orain dela 50 urte bezain ondo zaintzen. Esaterako, "Durangaldeko talde batzuetan galtzen ari da soka-dantzako koreografia tradizionala", dio Egigurenek. Okerragoa da, ordea, hiriko taldeetan gertatzen dena, gehitu du bilbotarrak. Tradizioa guztiz baztertuta dagoela salatu du Bizkai-ko presidenteak: dantza-jauziak balleteratuta daude, puntapioak ez dira ohiko moduan egiten —hanka tolestuta altxatuz lehenik eta ondoren luzatuz—, hanka guztiz luzatuta baizik, ezpatak ez dira behar bezala hartzen, agintarienan bandera ez da behar bezala mugitzen… "Dantzari-dantza zeharo desitxuratzen ari da, eta egoera atzeraezinezkoa izan daiteke honela jarraituz gero", kexu da Egiguren. Kexu hori Berrizko Foklorea DVDan ere islatu da, jakina.

Horri aurre egiteko, Egigurenek "lehen bai lehen konponbidea jartzeko" proposamena egin du. Biderik egokiena, beraren ustez, Durangaldean dantza eskola sortzea litzateke, dantzari-dantza eta soka-dantza behar bezala erakusteko, dauden lau aldaerei eutsiz (Abadiño, Berriz, Garai eta Iurreta). Proposamen hori erakunde publikoei helaraziko diela iragarri du Bizkai elkarteak.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.