Dokumentuaren akzioak
Dantza da gehien praktikatzen dugun kultur-jardueretakoa
Euskal herritarrek gehien egiten ditugun kultura-jardueren artean dago dantza, hain zuzen ere amateur mailako kultura-praktiken intzidentzia-rankingean bigarren postuan ageri da. Kulturaren Euskal Behatokiak eginiko Euskal Herriko parte-hartze kulturalaren Inkestaren arabera, eskulanak eta artisautzaren (% 31) jarraian dantza (% 24,5) da amateur mailako praktika zabalduena. 2018an egindako inkestaren emaitzak dira horiek eta hamar urte lehenago, 2008an egindako ikerketatik ikusi da igoera izan duela dantzak; %5,3tik % 8,4ra igo da dantza praktikatzen duten herritarren kopurua.
Nagusiki modu amateurrean praktikatu arren dantza, asko dira horretarako trebakuntza jasotzen dutenak. Biztanleen ia % 30ek egin ditu artearekin edo kulturarekin lotutako trebakuntza-ekintzak ikastetxetik edo instituziotik kanpo, eta jarduerarik ohikoenak dira musika-tresnaren bat jotzea (% 33,3), dantza (% 28,8) eta marrazketa eta margolaritza (% 25,5).
Praktikatzeaz gain, ikusi
Behatokiak eginiko inkestak dionez, guztira, biztanleriaren % 32,4 joan da azkeneko urtean dantza-ikuskizunen bat ikustera. Dantzaren kasuan, aldeak ikusten dira ikasketa-mailaren, udalerriaren tamainaren eta sexuaren arabera.
Unibertsitate-mailako ikasketak dituzten pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu ez zutenek baino ohitura handiagoa dute dantza ikusteko (% 39 eta % 28). Udalerriaren tamainari dagokionez, zenbat eta txikiagoa den udalerria, orduan eta handiagoa da dantza-ikuskizunetara joateko joera: 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan %38, hiriburuetan % 25,5. Ipar Euskal Herrian dantza-ikuskizunetara joatea ohikoagoa da (% 50) EAEn eta Nafarroako Foru Erkidegoan (% 30) baino. Emakume gehiago joaten dira dantza-ikuskizunetara, eta adinari dagokionez, jaitsi egiten da asistentzia 65 urtetik gorakoen artean.
Iturria: Euskal Herriko parte-hartze kulturalari buruzko inkesta. (Kulturaren Euskal Behatokia. Eusko Jaurlaritza) (pdf, 4,60 MB)
Dokumentuaren akzioak