Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Becky Siegel: “Dantzak horrenbeste lagundu nau, opari hori itzultzeko beharra sentitu nuen”

Dokumentuaren akzioak

Becky Siegel: “Dantzak horrenbeste lagundu nau, opari hori itzultzeko beharra sentitu nuen”

2022/07/18 07:45
Becky Siegel: “Dantzak horrenbeste lagundu nau, opari hori itzultzeko beharra sentitu nuen”

Becky Siegel, Gipuzkoako Dantzagunea, 2022-06-15. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Eustearen eta askatzearen artean dantzan dabil Becky Siegel (Colorado, AEB, 1959). Gipuzkoako Dantzagunean aritu da Dantzaz konpainiako dantzariekin oreka horren bila. Eustearen eta askatzearen oreka da bizitzan, dantzan bilatzen duena, bere bizitza baita dantza. AEBtatik Bartzelonara eta handik Nafarroara. Iruñean aurkitu zuen oreka eta dantzak eman diona besteekin elkarbanatzea du helburu, dantzak indar handia baitu, oreka aurkitzeko, sendatzeko.

Eustearen eta askatzearen arteko oreka, bada erronka. Nola bilatzen da oreka hori?
Nik uste dut bizitzako arlo guztietako ikasketa dela eta, bereziki dantzan, oinarrizkoa da. Dantzaren teknika horixe da, jakitea noiz eta non eutsi edo askatu. Baita, zuzendariaren eta dantzarien arteko harremanetan, dantza eta musikaren artean... Badira lotura gehiegiko erlazioak.

Zertan zabiltza egun hauetan Dantzagunean?
Dantzaz konpainiarekin Atalak sorkuntza laborategia egiten ari naiz. Plazera da; gonbidatu ninduten eta nahi zuten zerbait landua ekartzea, aurrez eginiko zerbait, ikusteko nola izango litzatekeen talde honekin. Beste talde batzuekin ere landu dut eta ikustea gorputz eta jende honekin nola funtzionatu duen oso interesgarria izan da. Mugimendua, sorkuntza eta konposaketarako beste modu bat eskaintzea da asmoa eta ikustea hain egun gutxitan noraino irits gaitezkeen.

Becky Siegel, Atalak
Dantzaz konpainiako dantzariak Becky Siegel-ekin Atalako sorkuntza-laborategian, Gipuzkoako Dantzagunea, 2022-06-15. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Dantzariei lan saioa amaitzean galdetu diezu nola sentitu diren, gustura al dauden. Koreografo lanetan zabiltza, baina zuretzat garrantzitsua da zer dioten dantzariek entzutea, ezta?
Bai, egia esan, bai! Asko inporta zait. Normalean iritsi egiten zait, igartzen dut nola dauden. Irakaslea naiz, beraz, berengandik atera nahi ditut gauzak; hitzez adierazi ditzatela esperientziak. Uste dut garrantzitsua dela hitzak jartzea esperimentatzen ari direnari, horrela errazago transmititu ahal izango dutelako. Hurrengo belaunaldiak gertatzen ari diren gauzak deskribatzeko hiztegia izango du, horrela konpartitzen eta ikasten jarraitzeko.

Orduan sentimenduei eta bizipenei hitza jartzeari garrantzia ematen diozu, gorputzetik abiatuta sortzeko?
Nik uste dut dantzariak dantza gelatik kanpo uzten dituela bere historiak. Badugu diziplina gure maletak kanpoan uztekoa eta lanera garbi etortzekoa. Baina garrantzitsua da lanean gertatzen ari denari hitzak jartzea. Zerk funtzionatu du inprobisazio batean? Zer ari da huts egiten teknikoki? Nik deskriba dezaket hori, eta interesgarria iruditzen zait beraiek ere horretara iristea. Horrela, akatsik bada, konponbideak jar daitezke; arazoak izena badu, soluzioak ere bai.


Zu, nola hasi zinen dantzan?
Beti dantzatu izan naiz. New Yorken hazteko zortea izan nuen eta ia dirurik ez izan arren, gure ama tematu zen dantzako ikuskizun onak ikustera eramatera eta horrek transformatu egiten zaitu. Mugitzen ninduen hizkuntzan ari ziren, beraz, ukitu ninduen, ikusteak eta, segituan, praktikatzeak.

Klasikoa eta garaikidean formatu zara, ezta?
Ni New Yorkeko Queens-eko auzo batean hazi nintzen, beraz gertuen zegoen balleteko eskolara joan nintzen. Irakasleak talentua edo igarri zidan eta bere irakasle batengana eraman nahi izan ninduen, baina nik garaikidea egin nahi nuen. Orduan klasikoa utzi nuen, agian gazteegi, baina Merce Cunningham-en ikuskizun bat ikusi nuen eta liluratu ninduen. Orduan, bere eskolan hasi nintzen. Gero, Martha Graham-en eskolan eta ondoren, klasikora itzuli nintzen, ikus bainuen hutsuneak nituela eta oinarri horren beharra nuela.

Becky Siegel
Becky Siegel, Gipuzkoako Dantzagunea, 2022-06-15. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Baina zurea garaikidea da, ezta? Eta batez ere sorkuntza?
Koreografoa izan nahi nuela erabaki nuen arte ez nuen izan argi profesionalki dantzatu nahi nuela. Gaztea nintzen, institutuan ikasleekin eta dantza batzuk muntatu nituen eta ikusi nuen ikaragarri gustatzen zitzaidala. Orduan egin nuen dantzaren aldeko apustua. Sorkuntza garrantzitsua da niretzat, bai.

Zer da sorkuntza zuretzat?
Aiiiii... Inspiratu, ideia bat izan eta deskubritzeko bidaia bat egitea, ezerezetik sortzea eta ikustea kointzidentziak, munduan gauzak ikusi eta koreografikoki ulertzea... eta sentitzea konposaketa, pieza batek nola eboluzionatzen duen.

Lesio bat ere izan zenuen gaztetan, askorentzat mugarri izan ohi dira. Nola bizi zenuen?
Aspaldi izan zen. Disgustu handia hartu nuen, bizkarreko lesioa zela eta ezin izango nuela gehiago dantzatu esan zidaten, baina zortez ez nien sinetsi eta horrek bultzatu ninduen lan moldeak aldatzera, teknika berriak esploratzera eta bizkarra indartzera. Orokorrean lesioek ikasteko balio dute.

New Yorketik Bartzelonara eta Bartzelonatik Iruñera. Zer dela eta bide hori?
Ba maitasunagatik. Nire senarra, Mikel Espartza margolari handia, New Yorken ezagutu nuen eta hasieran han bizi ginen elkarrekin, baina abisatu zidan bere herrira itzuliko zela egunen baten. Pasako zitzaiola uste nuen, baina ez zitzaion pasa. Orduan, aurrena Bartzelonara joan ginen. Oso gustura aritu nintzen han, baina nafarrak etxera itzuli nahi zuen. Beraz Iruñera etorri ginen eta egia esan oso gustura. Orain ez naiz ikusten ez New Yorken ez Bartzelonan.

Becky Siegel, Atalak
Dantzaz konpainiako dantzariak Becky Siegel-ekin Atalako sorkuntza-laborategian, Gipuzkoako Dantzagunea, 2022-06-15. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Iruñera iristean zure konpainia sortu zenuen ezta?
Bai, 1994an, Tempomobile. Ni oso gaztea nintzen, baina sortzeko eta leku batean egonkortzeko gogo handia nuen. Koreografiak egiteko leku batean egon beharra dago denbora batez jende berarekin. Ez nuen maila handiko dantzaririk aurkitu, baina talentu eta ikasteko gogo handiko jendearekin elkartu nintzen. Nigan sinesten zuten eta asko ikasi genuen, urteetan oso gustura lan egin genuen. Batzuk oraindik nirekin jarraitzen dute.

Aurrez eginiko elkarrizketa batean esaten duzu “hemen, kontatzeko nuena ulertzen zuten" . Eta zuk hemengo dantzak nola ulertzen dituzu edo zer esaten dizute?
Indar, zurruntasun eta intentsitate handia ikusten dut. Erritmoa, alaitasuna, teknika eta maila handia. Asko gustatzen zait folklorea eta jendearekin dantzatzea. Joaten naizen lekuetako dantzak ikastea gustatzen zait.

Noiz eta nola hasi zinen dantza alderdi terapeutikotik lantzen?
2014 inguruan bizitzako hausnarketa momentu baten aurkitu nintzen, master bat egin nuen Madrilen, dantzaren inguruan hausnartu nahi bainuen. Zer da bizitza osoa eskaini diodan jarduera hau? Ulertu nahi nuen. Master amaierako lana egin nuen landuz zer zen sakratua eta profanoa dantzan. Bidaia bat zen, prisma horretatik dantzaren historia aztertu nuen. Nire bizitzan giltzarria izan zen, banekien dantza ikaragarria zela, baina ez ze puntutarainoko indarra zuen. Horrek bultzatu ninduen jendeari laguntzera dantzaren bidez. Dantzak horrenbeste lagundu nau, opari hori itzultzeko beharra sentitu nuen.

Becky Siegel
Becky Siegel, Gipuzkoako Dantzagunea, 2022-06-15. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Eta nola egin hori?
Estudiora era batera sartu eta beste era batera irteteko ziurtasuna ematen du dantzak, dantzak transformatzen gaitu. Gaur gertatu zaigu, gaizki sartu dira ikasleak, ia etxera bidali ditut, baina dantzak eraldatu gaitu. Hori jende gazte, sano, profesional eta pribilegiatuarekin. Sufritzen ari den jendeari, zenbat lagun diezaioken dantzak ikusi nuen. Horrela hasi nintzen lanean esklerosi anizkoitza, parkinsona, aniztasun funtzionala... duen jendearekin, baita hirugarren adinekoekin ere. Oso atsegina da eta funtzionatzen du, hobeto daude, zoriontsu dira. Pilulak kendu dituen jendea ere bada.

Dantza eta osasuna lantzen dituzunetik, metodologia jakinik martxan jarri duzu?
Bai! Neuk sortu dut. Nahikoa jakintza eta zuhurtzia nuela ikusi nuen. Berrogeita hamar urte beteta hasi nintzen, tentuz aritzen naiz eta ez dakidana galdetu egiten dut. Pautei nola erantzuten zieten erreparatzen nuen. Ideia askorekin hasi nintzen eta egokitzen joan naiz, funtzionatzen duenaren arabera. Oso poliki joaten gara, lan mantsoa eta sakona da. Dibertigarria da, baina exijitzen diet autoezagutza. Dantzaren diziplinaren bidez, arazoak kanpoan utzi, gorputzean sartu eta erreparatu. Oinarrizko gauzak lantzen ditugu: helduleku onak, zentroa, kokapena... Eustearen eta askatzearen arteko oreka.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.