Dokumentuaren akzioak
50. urtez Euskal Herriko tokian tokiko dantzek hartuko dute Basauri
Tokian tokiko dantza tradizionalak berreskuratzen eta mantentzen ahalegintzen diren dantza taldeak sustatzea eta zaintzea helburu duen Basauriko Dantza Agerketak mende erdia bete du. Aurtengo ekitaldi nagusia irailaren 17an izango da eta Euskal Herriko zazpi probintziak ordezkatuko dituzten 10 dantzari taldek hartuko dute parte, baita Lekeitioko Estudiantina musikarien taldeak ere. Talde gonbidatuak eguerdian Basauriko auzoetan ibiliko dira, urteurren borobilean dantza saioak herri osora zabaldu nahi baitira. Arratsaldean, 18:15ean, Social Antzokitik Bizkotxalde parkera kalejira abiatuko dira eta saio nagusia 19:00etan hasiko da Bizkotxalden (euria egiten badu Social Antzokian).
Hauetxek izango dira parte hartuko duten taldeak eta bakoitzak aurkeztuko dituen dantzak.
- Zubietako Joaldunak (Zubieta, Nafarroa)
- Erketz (Lasarte-Oria, Gipuzkoa): sorgin-dantza
- Etorkizuna (Lekeitio, Bizkaia): Kaxarranka
- Lekeitioko Estudiantina (Lekeitio, Bizkaia)
- Atharratzeko Dantzariak (Atharratze, Zuberoa): barrikada - aitzina pika - godalet-dantza
- Udaberri (Tolosa, Gipuzkoa): brokel-dantza, makila handiena, uztai txikiena eta jorrai-dantza
- Lanestosako Dantzariak (Lanestosa, Bizkaia): arku-dantza
- Begiraleak (Donibane Lohizune, Lapurdi): makila-txiki, Makeako soka, Beteluren fandangoa
- Indarra (Gasteiz, Araba): Gasteizko zortzikoa
- Danzantes de San Lorenzo (Iruñea, Nafarroa): Fagina vals, Fagina, Lairon II, Arcos, Jota
- Talde guztiak: Txulalai
50 urteko ibilbidea
Frankismoaren azken hatsetan, 1972. urtean, antolatu zen lehenengo aldiz Euskal Herriko dantzen jaialdi hau. 100 dantza talde, 5.000tik gora dantzari eta 30.000 ikusle baino gehiago bildu dira urte hauetan guztietan Basaurin.
Herri edo eskualde jakin batean egiten diren dantza asko jatorrizko tokian eta egun jakinetan baino ezin dira gozatu. Euskal Herriko Dantza Agerketa duela mende erdi sortu zen, euskal folklorearen sustraiak mantentzen dituzten talde horien lana suspertzeko eta ezagutarazteko asmoz. Horrela, dantza horiek ikusteko aukera izan daiteke, egun jakin horietan jatorrizko lekuetara joan beharrik gabe.
Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko hiru dantza-taldeek antolatzen dute, orotara, 100 boluntario baino gehiago aritzen dira urtero.
Edizio borobila
Euskal Herriko taldeen erakustaldiz gain beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte urteurrenerako, “Basaurin sekulakoa egiten ari gara azken 50 urteotan” erakusketa esaterako. Pozkoetxe Kultur Etxean 50 urteetako historia jasotzen duen kartelak, argazkiak, bitxikeriak... bildu dituzte. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak utzitako Bizkaiko hainbat jantzi tradizional ere ikusgai daude. Irailaren 12tik 24ra, astelehenetik larunbatera, 10:00-13:15 eta 16:30-20:00 zabalduko dute.
Irailaren 16an hasiko dira berotzen motorrak Solobarria plazan antolatu duten erromeriarekin eta irailaren 25ean herriko dantza taldeen txanda izango da. Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek, Danbolin taldeko txistularien eta Bizkaiko Gaiteroekin, emanaldia eskainiko baitute.
50. Euskal Herriko Dantza Agerketa
Irailak 16, ostirala
- 19:00 Erromeria Solobarria plazan.
Irailak 17, larunbata
-
18:15 Social Antzokitik Bizkotxalde parkera gonbidatutako dantza taldeen kalejira.
-
19:00 50. Euskal Herriko Dantza Agerketa Bizkotxalde parkean
Irailak 25 igandea
-
19:00 Social Antzokian dantza saioa Basauriko Agintzari, Basauritar eta Edurrek dantza taldeekin; Danbolin taldeko txistularien eta Bizkaiko Gaiteroen laguntzarekin.
Irailaren 12tik 24ra “Basaurin sekulakoa egiten ari gara azken 50 urteotan” erakusketa irekita egongo da astelehenetik larunbatera 10:00-13:15 eta 16:30-20:00.
Dokumentuaren akzioak