Dokumentuaren akzioak
Begoña, Gesaltza, Deba, Olite, Donibane Lohizune eta Altzürüküko dantzak Basauriko Dantza Agerketan
Asteburu honetan ospatuko da Basaurin 42. Euskal Herriko Dantza Agerketa. Larunbateko ekitaldia, Bizkotxalde parkean (euria balitz Sozial Antzokian) honako taldeak arituko dira tokian-tokiko dantzak eskaintzen:
- Beti Jai Alai (Bilbo, Bizkaia): Begoñako ezpata-dantza eta soka-dantza
- Adurtza (Gasteiz, Araba): Gesaltza-Añanako folklorea: Judas-en martxa, San Isidroren dantza, Jota de la Perra eta el Pingajo.
- Gure Kai (Deba, Gipuzkoa): San Roke Dantza eta Jorrai-dantza
- Txibiri (Olite-Erriberri, Nafarroa). Pregoia, Karrika Dantza, Rigodon eta Inauteriko Jota.
- Begiraleak (Donibane Lohizune, Lapurdi): Muxikoak, kontra-dantzak, dantza-jokoak, Beteluren Fandangoa.
- Altzürüküko dantzariak (Altzürükü, Zuberoa). Maskaradan egiten diren dantzak.
Tokian tokiko dantzak beren festa egunean egiten dituzten taldeek parte hartu ohi dute Euskal Herriko Dantza Agerketan. Lehen aldia da Oliteko Txibiri taldeak Agerketan parte hartuko duena.
Irailaren 15ean abiatu dira dantza agerketaren aurtengo ekitaldiak, Pozokoetxeko Kultur Etxean “Janzkerak Bizkaiko Dantzetan” erakusketa ikusgai baitago. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak prestatutako erakusketa honetan, artxibategietatik eta garai ezberdinetako argazkietatik ateratako jantziak ikus daitezke. Hamazazpi jantzi jantziek bai erritu-dantzak eta baita festetako olgeta dantzetarako erabiltakoak dira. Erakusketa urriaren 10 arte izango da irekita, astelehenetik ostiralera goizez eta arratsaldez (11:30-13:15 eta 16:00-19:00) eta Euskal Herriko Dantza Agerketa izango den larunbatean, irailaren 20an, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.
Asteburua ostiraleko erromeriarekin hasiko da. Izan ere, irailaren 19an, 19:00etatik aurrera zenbait tailer izango dira (zelan jantzi buruko zapia? birziklatutako objektuez egindako musika-tresnen eraikuntza, txapa-prestaketa, erraldoitxoak...), sagardo eta txorizo dastatzea e.a. Eta 19:30etatik aurrera erromeria izango da Solabarria plazan. Herriko dantza-taldeetako dantzari eta laguntzaileek herri-dantzak ikasten lagunduko dute, eta musikari talde zabalak eskainiko ditu dantzarako doinuak: Jon Gaminde Terraza gaitero eta txistulariak egindako zenbait musika-moldaketarekin, ‘Danbolin’ Txistulari Elkarteko 11 kide taldean izango dira, baita bi soinujole (Ibone Obieta eta Virgina González Blanco), trikitilari bat (Idurre Erauskin), zeharkako txirula (Ane Ibarrola), saxo-jole bat (Maider Díez), baxua (Jon Gaminde Elgoibar), bi gaitero (“Bizkaiko Gaiteroak”eko Martin Laka Ligos, “Txintxu” eta Aitor Otxandio) eta bi perkusionista ere (Aintza Calderon Bilbao eta Aitor Olabarria Aldazabal).
Irailaren 20an, larunbatean, kalejirarekin hasiko da jaialdia, eta 19:00etan egingo da dantza ekitaldi nagusia Bizkotxalde parkean. Hona antolaketak programari buruz eskaini dituen xehetasunak:
• Beti Jai Alai (Bilbo, Bizkaia). Basurtuko talde honek urtero-urtero egiten du Soka-dantza abuztuaren 15ean Begoñako meza nagusiaren irteeran, non ohiko tradizio bihurtu baita, hain zuzen ere, Bilbo hiriko alkate jauna ere dantzan ikustea. Halaber, Ezpata-dantza ere dantzatuko dute, bai egun horretan eta bai azaroaren 11an Begoñako Andra Mariren egunean, basilika barruan meza bitartean egiten den dantza ospetsua.
• Adurtza (Gasteiz, Araba). Talde arabarrak Gesaltza-Añanako folklorea eskainiko digu: Judas-en martxa, San Isidroren dantza, non, dantzariek biribilean jarrita, txapela jartzen diote buru gainean erdian dantzan ari den emakumeari –eta honek txapel guztiak orekan mantendu behar ditu azkenera arte-, Jota de la Perra eta el Pingajo. Herritarrek dantza hauek egiteari utzi dietenean, beste herri batzuetako taldeek mantendu eta erakutsi dituzte, Adurtzak adibidez.
• Gure-Kai (Deba, Gipuzkoa). Debako dantzariek SanDroke Dantza ekarriko digute. Abuztuaren 16an, hiriko santu patroiaren egunean, herrian zehar egiten den ibilaldian haren irudia dagoen leku guztietan dantzatzen da. Gizonezkoen dantza da eta, antzina, gizon ezkonduek baino ez zuten egiten. Debako dantzariek egingo duten beste dantza batean, Jorrai dantza izenekoan, aitzurrak erabiliko dituzte lurrean eta zahagi batean jotzeko.
• Txibiri (Olite-Erriberri, Nafarroa). Erriberritarrek lehendabiziko aldiz erakutsiko dituzte euren Inauteriak Basaurin. Herri-giroko inauteri horien aipamenak 1400 urteko dokumentuetan ageri dira; debekuak, gerratea eta emigrazioa direla-eta, 1926tik aurrera gain behera etorri ziren, baina herriko taldeak berreskuratu egin zuen 1992an. Herriko plazak zeharkatzen dituen erronda bat da, izatez, zenbait zati dituena: Pregoia, Karrika Dantza, Rigodon eta Inauteriko Jota. Erronda horretan zenbait pertsonaia azaltzen dira, hala nola, Satan, geroago airatu egiten dutena. Erriberritarrek Jota de la novia fea ere dantzatuko dute. 1987an berreskuratu zen jota honen izen bitxi hori 1920ko hamarkadan jota dantzatzeko kantatzen ziren kopletan ageri da.
• Begiraleak (Donibane Lohizune, Lapurdi). Lapurdiko folklorearen adierazgarritasunak ekarriko dizkigute fanfarrearen erritmoan: muxikoak, kontradantzak, dantza-jokoak… baita Beteluren Fandango ikusgarria ere. Haiekin batera etorriko dira hartza, bere trebezia erakutsiko duen makilaria eta inauterietako zenbait pertsonaia ere. Aipatzekoak dira euren jantzi dotore eta ikusgarriak.
• Altzürüküko dantzariak (Altzürükü, Zuberoa). Altzürükü bere bizitza kultural eta sozio-ekonomikoa suspertu nahi duen Xiberoko herri txiki bat da. Bultzatzen ari diren ekimenen artean dago, besteak beste, bertako folklore tradizionala mantentzea, hala nola, inauteri sasoian maskaradan egiten diren dantzak. Hain zuzen ere, aurten Basaurira datozen dantzari gazte batzuk duela zenbait hamarkada Altzürükütik Basaurira etorritako dantzarien seme-alabak edota ilobak dira. Beraiekin batera bi kantari bitxi ere badatoz, “xorrotxak”, ikusleei bertsoak eskaintzera.
Irailaren 21ean, igandean, herriko taldeen emanaldiarekin borobilduko da jaialdia, dantza emanaldia eskainiko baitute Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza-taldeak, Bizkotxalde parkean bertan, 19:00etatik aurrera. Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko dantza-taldeek antolatzen dute Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes eta diru-laguntzaz, eta herriko txokoak, Herriko Taldeak, Danbolin Txistulari Elkartea, Bizkaiko Dantzariaren Biltzarrarena eta Bizkaiko Gaiteroen laguntzarekin.
Dokumentuaren akzioak