Dokumentuaren akzioak
Argiak ikuskizun berezi batekin ospatuko du Axuri-beltza-ren 40. urteurrena
1969ko maiatzaren 4an estreinatu zuen Argia dantzari taldeak Axuri-beltza edo Jaurrietako nesken-dantza. Garai batean dantza izan zena berreskuratzeko modurik ez, eta Azkuen kantutegiak jasotzen zuen doinuan oinarrituta dantza berregin zuen Juan Antonio Urbeltzek, Marian Arregi emaztearen laguntzaz.
40 urte bete dira aurten horretaz, beraz, eta urteurrena ospatzeko ikuskizun berezia plazaratu nahi izan du Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duen Argia dantza taldeak. Abenduaren 4ean izanen da, Donostiko Victoria Eugenia antzokian. Ikuskizunaren izena: Axuri beltza. Bertan, Argiako dantzari eta musikariez gain, Iruñeko Duguna, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeetako dantzari eta musikariek hartuko dute parte. Orotara 70 bat lagunek. Argiaren azken 40 urte hauetako zenbait lan hautatu taularatuko dituzte, bai eta, ikuskizun honetan estreinatuko dituzten bi sorkuntza berri ere: Zalduniote eta Oteizaren Apostoluen soka-dantza.
Zalduniote deitu izan zaio, Gipuzkoan batez ere, inauterietako igandeari. Julio Caro Barojaren esanetan, maskaradun zaldikoak ateratzen ziren egun horretan kalera. Datu horietan oinarrituz 8 zaldikoren kontra-dantza sortu du Urbeltzek.
Jorge Oteizaren jaiotzaren 100. urteurrena zela-eta, Donostiako Musika Hamabostaldiak omenaldia egin zion iaz Arantzazun eta Argia dantza taldeak dantzatu zuen bertan Apostoluen soka-dantza. Ikuskizun berezi honetan itxura berria emanen dio dantza horri.
Argiaren 40 urteko ibilbidean egindako lan hautatu batzuk bildu dituzte ikuskizunerako, besteak beste, Irradaka, Almute-dantza, inauterietako hainbat dantza, Pericón, Fandangoa eta Habanera, Otsagabiko dantzak, aipatutako bi sorkuntza berriak, eta nola ez, Jaurrietako Axuri-beltza bera.
Axuri-Beltza
-
Abenduaren 4ean, 20:00
-
Donostiako Victoria Eugenia antzokian
-
Zuzendaria: Juan Antonio Urbeltz
-
Musika zuzendaritza: Marian Arregi
-
Dantza taldeak: Argia, Duguna, Haritz eta Kezka
Dokumentuaren akzioak