Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Autismoarekin dantzan, gorputza eta musika komunikaziorako eta harremanetarako zubi

Dokumentuaren akzioak

Autismoarekin dantzan, gorputza eta musika komunikaziorako eta harremanetarako zubi

2023/12/19 09:00
Autismoarekin dantzan, gorputza eta musika komunikaziorako eta harremanetarako zubi

Azpeitiko Gautenako dantza klasea, Azpeitia, 2023-10-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Erritmo eta doinu alaiak entzun ditugu pasilloaren bukaeran. Musikari jarraika egongelara iritsi gara, baina mahaiak ertz batera apartatuta daude, dantza-gela da gaurkoan. Hainbat pertsona dantzan dabiltza: aurrera eta atzera, ezker, eskuin, galletak jaten eta hegazkinean bueltaka, hegan, dantzan.

“Azpeitiko Gautenako eguneko zentroan gaude, gaur dantzako klasea tokatzen da, astearte arratsaldero bezala. Ikusten den bezala oso gustura etortzen gara denok eta saiatzen gara koordinazioa lantzen batez ere”, Julen Irure Gautenako hezitzaileetako batek egin digu ongi-etorria.

Gautena autismoaren espektro nahastea duten pertsonen familien elkartea da. Azpeitian (Gipuzkoa) Helduen Zentroa eskaintzen du elkarteak, eta erabiltzen duten pertsonek dantzako klasea izaten dute asteartero Uxoa Ibarreta dantza irakaslearekin: “Niretzako erronka bat izan da. Dantza baino askoz ere gauza gehiago lantzen ditugu. Gorputzari begiratzen diogu. Barruan daukagun hori espresatzeko, gordeta dagoena kanpora ateratzeko balio digu dantzak denoi. Batez ere burua asko lantzen da”.

Erlazionatu, komunikatu

Behin baino gehiagotan aldarrikatu izan dugu dantza gorputz hizkuntza dela, komunikatzeko beste tresna bat, eta gaurkoan berretsi ahal izan dugu. Dantza-klasean parte hartzen duten hainbat pertsonek badituzte hizkuntza berbalerako zenbait zailtasun, baina dantzari esker elkar ulertu gara inongo arazorik gabe.

Gautenako dantza klasea
Azpeitiako Gautenako dantza klasea, Azpeitia, 2023-10-24. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Gautenako pertsonez gain beste zenbait pertsona ere etortzen direla arratsaldeko klase hauetara azaldu digu Julen Irurek, “dantza komunikatzeko beste erreminta bat da guretzat. Gautenakoez gain Azpeitiko beste pertsona batzuk etortzen dira klaseetara, alderantzizko inklusioa litzateke. Horrela, harreman sarea zabaltzen dugu dantzaren bitartez; dantza bada harremanak egiteko modu bat”.

Gautenako dantza klasea
Azpeitiako Gautenako dantza klasea, Azpeitia, 2023-10-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Duela hiru urte hasi ziren klaseekin. Hasiera hartan talde batekin, baina erantzun ona ikusita, egun, bi talde osatu dituzte. “Dantzak arrakasta izateko arrazoi nagusia transmititzen duen alaitasuna da, mugimendu ezberdinen bidez lortzen da giro hori”, dio Irurek.

Uxoa Ibarreta hamar urterekin hasi zen areto dantzak ikasten; dantza latinoak dantzatzen eta irakasten dihardu egun. Dantza eta musika horiek dira bere lanerako hizkuntza, “horrenbeste ezagutzen ditudan erritmoak, musikak eta mundu hori erakutsi nahi dizkiet”. Komunikatzeko hizkuntza dantza da, ezin hobeto ulertzen dira dantzan, “ez du ematen baina pila bat laguntzen du dantzak. Gauza gutxirekin, mugimendu sinple eta erdi jolasen bidez oso ondo pasatzen dute, musika ezagun zein ezezagunekin”.

Gautenako dantza klasea
Azpeitiako Gautenako dantza klasea, Azpeitia, 2023-10-24. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Gorputzaren eta buruaren zaintza

Dantza komunikaziorako zein harremanetarako bide izateaz gain gorputza eta burua zaintzeko modu paregabea da. Orokorrean, egunerokotasunean gorputza ez dela horrenbeste lantzen uste du Ibarretak. Denontzat dela beharrezkoa iruditzen zaio, “beraz garrantzitsua da hemen astean ordubete edukitzea ondo pasatzeko gehienbat gorputza landuz”. Gorputza ezagutzeko eta koordinazioa lantzeko balio dutela klase hauek dio: “dantzaren bidez mugitzen gara eta gorputzeko atalak ezagutzen ditugu. Hasieran mugitzen ez zekitena pixkanaka mugitzen ikasi dute, eta burua ere dantzan asko-asko lantzen da”. Ibarreta saiatzen da koreografia txikiak egiten, gehienetan bera aurrean jarrita imitazio bidez, “gelditu eta pausoak lasai azaltzen dizkiet barnera ditzaten, eta hurrengo hastean badakite zer egingo dugun. Azkenean, imitazioa eta memoria ariketak dira”.

Gautenako dantza klasea
Azpeitiako Gautenako dantza klasea, Azpeitia, 2023-10-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Gorputza eta erritmoa erdigunean ipini eta dantzaz gain yoga eta musikako klaseak ere egiten dituztela Gautenan azaldu digu Irurek. Iruditzen zaigu koordinazio lanketa handia egiten dela dantzaren bitartez eta horri eutsi nahi diogu. Lantzen diren musika eta mugimenduen bitartez gorputzeko zati denak erabiltzen dira. Yogan gorputzeko atalen luzaketak, muskuluen erlaxazioa, autokontrola... bilatzen ditugu. Musikan, dantzan bezala, koordinazioa lantzen da. Gehienbat perkusioa erabiltzen dugu, gure musikako klaseen oinarria erritmoa baita”.

Gautenako dantza klasea
Azpeitiako Gautenako dantza klasea, Azpeitia, 2023-10-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Gizartearekiko elkarreragin mugatua, komunikaziorako arazoak edota aktibitate eta interes mugatuak izan ohi dituztela autismoa duten pertsonek irakurri dugu, baina esan genezake dantzako ordubeteko saioan itzulinguru ederra eman diegula denon artean oztopo horiei. Harreman berriak egin ditugu, gorputza mugitu dugu guretzat bereziki egunerokoak ez diren erritmo eta doinuetan, errutinatik irten gara, eta ordubetez irribarrea aurpegitik ezin kenduta aritu gara dantzan; alaitasuna kutsakorra da eta dantza transmisore hobeezina.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.