Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Aurtzakaren 25. urteurreneko ekitaldiak

Dokumentuaren akzioak

Aurtzakaren 25. urteurreneko ekitaldiak

2004/02/10 17:55

1979. urtean sortu zen Beasaingo Aurtzaka Dantza eta beraz, 2004an beteko ditu 25 urte. Ospakizunaz baliatuz, "Herri dantza eta musikaren aldetik, Beasain eta inguruko herrietan girotze eta kontzientziazioa indartzea da antolatu" nahi dituzten ospakizun eta ekitaldi guztien helburu nagusia. Hona hemen webgunean esaten dutena:

- Taldeari berari dagokionez, orain arte 25 urteetan zehar egindakoa hausnartu, aztertu eta oinarritzat hartuz, etorkizunari begira eman beharreko pausoak eta ibilbidea zehaztea. Eginkizun garrantzitsutzat jotzen da honako hau, euskal dantza taldeen artean bizi den krisi eta noraeza egoera kontutan izanda.

- Aurreko puntuaren ondorioz, eta taldeak une honetan bizi duen egoera ona abiapuntutzat hartuta, taldearen beraren sendotze eta biziberritzea lortu nahi da, herriko eta eskualdeko kulturaren eragile gisa, hauei dakarkien onura guztia nabarmenduz.

- Beasainen eta Goierrin, oraindik behar bezala aztertu eta ikertu gabe dagoen folklore-ondarea bildu, landu eta ezagutaraztea.

- Modu partikularragoan, gure dantza-maisu eta aurrekoak izan diren guztiei, bere garaian burutu zuten lan eskergarekiko errekonozimendu moduko bat adierazi eta era duin batean eskertu.

PRESTAKETA

Helburu hauen lorpenerako, AURTZAKA taldeak deituta, Batzorde koordinatzaile bat osatzeko deialdia egin zen 2002ko azaroan. Taldearen inguruko zenbait pertsona bildu eta egitasmoen azterketa bat egin ondoren, hainbat lantalde osatu dira, dagoeneko lanean ari direnak:

- Batzorde koordinatzailea: beste talde guztien lana bultzatu, gainbegiratu eta koordinatzea.

- Dokumentazio taldea: talde, herri eta eskualde mailan dokumentatze eta ikertze lana egin; dantza eta folklore alorreko gaiak bildu; argazki zaharrak bildu eta taldearen 25. urteurreneko argitalpena prestatu.

- Dantzari-ohien koordinazio taldea: taldeko partaide-ohi eta Beasaingo dantzari-ohiekin harremanetan jarri eta denon arteko Dantzari-Eguna prestatu.

- Promozio taldea: ospakizunetarako irudi, merkatal-gai, publizitate eta gainontzeko alorrak kudeatu.

- Finantzabide taldea: egitasmo guztien diru-kontuak eraman, diru-iturriak landu.

- Prentsa eta harremanetarako taldea.

Batzorde hauen lanaren ondorioz, dagoeneko oinarrizko Egitarau baten inguruan lanean hasita gaude, hainbat egitasmoren prestaketa aurreratuz. Egitasmo nagusiak hurrengo hauek izanik ere, oraindik datorren urteari begira badago beste zenbait ekintza edo iharduera gehitzeko aukera ere. Beraz, jarraian aipatzen diren hauek, momentuz prestatzen hasi direnak bakarrik dira.


EGITASMOAK

DANTZARI BEASAINDARREN EGUNA
Beasainen dantzari izan diren guztien Eguna antolatu eta ospatu nahi da. Alde batetik, AURTZAKA taldeko partaide-ohi guztiak biltzen saiatuko ginateke (25 urte hauetan 200dik gora izan gaitezkela jotzen dugu) eta bestetik, AURTZAKA aurretik dantzari izandakoak ere bai. Baditugu datuak gutxienez XIX. mendetik aurrera, Beasain eta inguruko Udalerrietan dantza tradizio bizia mantendu dela adierazten digutenak. Tradizio herrikoi honi esker, asko eta asko dira haurtzaro eta nerabezaroan batez ere, soka dantza eta ezpata dantzak ikasi eta landu dituztenak. Gerra inguruan eta ondoren, hainbat dantza talde sortu eta garatu ziren. Herritar asko dira talde horietan ibilitakoak.

Egunaren balizko Egitaraua ohiko Dantzari-Egun baten antzekoa izan daiteke.

Esan beharrik ez dago, bere garaian dantzari izan diren guztiengan honelako ospakizun batek sortu dezaken biziberritzeko ilusio eta gogobete handia. Jai polita eta sentibera gerta daiteke oso, gaur egun sakabanatua dagoen jende asko elkar ikusteko eta egoteko aukera dotorea eskainiz.

Bidebatez, herri mailan, honelako agerraldi batek oso eragin baikorra piztuko luke dantza-girotze inguruan, herri dantzen funtzio sozialak neurri batean berreskuratzen lagunduz.

"DANTZA BEASAINEN" ARGITALPENA

Gure taldearen Urteurrena aitzakiatzat hartuz, batez ere Beasainen dantzak orokorrean izan duen bilakaera, geure-geurea dugun dantza berezia eta bakarraren (Loinazko Ezpata dantza) gaineko azterketa, eta AURTZAKAren 25 urteko istoria bilduko dituen argitalpen edo liburua prestatu nahi dugu.

Dagoeneko idazle taldea egituratu da eta urte honen bururako amaitua edukitzea espero da, datorren urtean zehar argitaratua izan ahal izateko. Idazketarako, taldearekin harremana izan duten eskarmentudun trebatutako idazle edota kazetariak prestatu dira.

ARGAZKIEN ERAKUSKETA

Aurreko argitalpenarekin lotuta, argazki zaharren eta ez hain zaharren bilketa burutuko denez, materiale hauek AURTZAKA ETA DANTZA BEASAINEN izenburuarekin aurkeztu liteken Argazkien Erakusketa osatzeko asmoa daukagu.
Argazkien bilketa hau, dagoeneko antolatua eta hasia daukagu.

DANTZA IKUSKIZUN BEREZIA

25. urteurren honetarako taldeak artistikoki eskainiko duen emanaldi berezia izango da. Ospakizun eta lan guztien azken kolofoi moduko bat. Lantzen ari diren eta landuko diren Goierri inguruko gai etnografiko, folkloriko eta koreografiko guztiak oinarri hartuko dituen emaitza, ikuskizun bihurturik eskainiko da.

AGINTARIEN SOKA DANTZAK GOIERRIN

Badira zazpi urte, gure taldearen ekimenez, Goierri mailako hainbat Udalerritan Agintarien Soka dantzak berreskuratzen hasi zirela. Dagoeneko berreskuratu bakarrik ez, sendotu ere egin dira Beasain, Arama, Itsasondo, Ordizia, Legorreta, Zegama, Zerain, etabarretan, urtero-urteroko ekimen bihurtu direlarik.
Datorren urteari begira, une egokia iruditzen zaigu beste pauso interesgarri eta polit bat emateko, hau da, garai batean egiten zen moduan, herriak elkarrekin lotu eta herri bakoitzari dagokion soka dantzetan, ondoko herrien alkateek parte hartzea.


2004: AURTZAKA 25 URTEKO EGITARAUA

2004.01 - 2004.04 Urtarrila/apirila Lekua: Aurtzakaren lokala

PLAZA DANTZEN IKASTAROAK
Helduentzako izango dira (dantzari izandakoak edo ez), euskal plaza dantzak erakusteko: fandangoa, arin-arina, mutil dantzak, lantzeko zortzikoa, larrain-dantza, zazpi jauzi, esku-dantza, txulalai, kontradantzak... izan daitezke.

DANTZARI OHIEN ENTSEGUAK
Beasaindar dantzarien Alardea prestatzeko egingo diren ensaioak dira. 250 dantzari inguru deituko dira eta taldeka antolatu, beren dantzak prestatu ditzaten.

2004.03.27 18:00etan Lekua: Usurbe Antzokia.
HAURREN DANTZA EKITALDIA
AURTZAKAko Haurren dantza ekitaldi berezia, 25. urteurrena ospatzeko.

2004.05.07 Lekua: Usurbe antzokia
"DANTZA BEASAINEN, AURTZAKA 25 URTE" ERAKUSKETAREN AURKEZPENA
2004.05.07 / 05.16 Lekua: Usurbe Antzokiko Erakusgela.
"DANTZA BEASAINEN, AURTZAKA 25 URTE" ERAKUSKETA

2004.05.16 Lekua: Herriko kaleak eta San Martin Plaza.
BEASAINDAR DANTZARIEN ALARDEA
AURTZAKA Dantza Taldean eta Beasainen dantzari izan diren guztien jaia.

2004.05.23 Herriko Jaiak Lekua: San Martin Plaza.
AGINTARIEN SOKA DANTZA
Beasain, Ordizia eta Lazkaoko alkateekin osatuko da, orain bi mende egiten zen ohitura zaharra berreskuratuz, Iztuetaren arabera.

2004.05.25 Herriko Jaiak Lekua: San Martin Plaza.
HERRI SOKA DANTZA
Soka dantza herrikoi honek ere 25 urte beteko dituenez, modu berezian ospatu nahi da.

2004.06 - 2004.12 Lekua: Igartzako Jauregia.
"DANTZA BEASAINEN, AURTZAKA 25 URTE" ERAKUSKETAREN JARRAIPENA

2004.11 Udazken Kulturala Lekua: Usurbe antzokia.
"DANTZA BEASAINEN, AURTZAKA 25 URTE" LIBURUAREN AURKEZPENA
Beasaingo Paperak bildumaren barruan, gure herrian dantza herrikoiak orokorrean, eta Aurtzaka taldeak bereziki, izan duen bilakaera eta historia jasotzeko asmoz atondutako argitalpena.

2004.11 Udazken Kulturala Lekua: Usurbe Antzokia.
AURTZAKAREN DANTZA IKUSKIZUNAREN ESTREINALDIA
25. urteurrena ospatzeko AURTZAKA dantza taldeak prestatutako ikuskizun berezia.

2004.11 Udazken Kulturalean Lekua: Usurbe Antzokia.
IKUSKIZUN GONBIDATUA (ZEHAZTEKO)
Dantza talde gonbidatua ekarriko da Urteko Ekitaldiei amaiera emateko.


Informazio gehiago:
http://www.aurtzaka.com

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.