Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ingurutxoa birsortu dute Aurizperrin

Dokumentuaren akzioak

Ingurutxoa birsortu dute Aurizperrin

2019/09/24 08:35
Ingurutxoa birsortu dute Aurizperrin

Ingurutxoa, Aurizperri, 2019-08-25. Argazkia: Patxi Laborda

Pasa den San Bartolome jaietan ingurutxoa plazaratu dute Aurizperriko herritarrek. Aurten 750 urte dira herria sortu zela eta urteurrenaren harira hainbat ekintza antolatzen ari dira, horien artean, herrian galdua zen dantza berriro osatu eta aurkeztea.

Patxi Arrarasen Danzas e indumentaria de Navarra, merindad de Sanguesa (1983) liburuan Aurizperriko ingurutxoaren inguruko informazio agertzen da: partiturak eta dantzaren deskribapena. Horren berri izanda, Begoña Almirantearena Aurizperriko txistulariak, Patxi Laborda dantzari eta koreografoari Aurizperrin ingurutxoa berreskuratzeko ideia azaldu eta laguntza eskatu zion. Duela urtebete inguru jaso zuen Labordak aurizperritarren proposamena, dantzari forma eman eta aurtengo maiatzean elkartu dela herritarrekin azaldu digu. Hainbat adinetako herritarrek maiatzetik abuztura bitartean dantza ikasi eta abuztuaren 25ean egin dute aurrestreinaldia. Aurkezpen nagusia herriaren sorreraren 750. urteurren jaian egingo da.

Ingurutxoa Auritzperri
Ingurutxoa, Aurizperri, 2019-08-25. Argazkia: Patxi Laborda

Gaur egunera moldatua

Ingurutxoa berreskuratzeko laguntza eskaera jaso ondoren, Labordak bi aukera planteatu zituen: "Nik bi proposamen egin nituen. Bata, liburuan zehazki deskribatua zegoena dantzatzea eta bestea gaur egungo joeretara moldatutako dantza osatzea". Aurizperriko herritarrei bigarren ideia gustatu eta Laborda berehala hasi zen forma ematen.

Kontatu digu Arrarasek jaso zuen ingurutxoaren melodia eta zatiak mantendu dituztela. Aurizperriko ingurutxoa honako zatiek osatzen dute: sarrera, mutil-dantza, pañuelo-dantza, ingurutxoa eta biribilketa. Azken hori orain gehitu diote.

Sarrera eta mutil-dantza liburuan jasota dagoen bezala utzi dute. Mutil-dantza berezia delako mantendu dute, "Koreografia aldetik antz handia dauka bolant-dantzarekin. Beste erritmo batean baina aurrera, atzera, buelta eta salto egiten da". Aurizperrin Luzaideko jendea bizi izan da eta badirudi beste zenbait eremutan ere, abestietan esaterako, Luzaideko eragina jaso dela. Pañuelo-dantza inguruko herrietakoen erakoa da, adibidez Auritzekoarena, erritmoa mantenduz koreografia berria osatu dute. Ingurutxoa, berriz, jotaren urratsak erabiliz muntatu dute. Zonalde horretan ingurutxoari "la jota" deitzeko joera izan baita.

Patxi Labordak dio dantza bat sortzean beti saiatzen dela inguruko herrietakoekin lotura duena, baina aldi berean zerbait propioa edo berezia duena osatzen. Ezaugarri horiei esker funtziona dezakeela dio, "horrela dantza ulertu eta sinesten dute herritarrek". Momentuz harrera oso ona izan duela herrian dio eta hemendik aurrera festa nagusietako igande iluntzean urtero dantzatuko dutela adostu dute, baina baita herriko beste edozein jaietan ere. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.