Dokumentuaren akzioak
Mikel del Valle, Beti Jaia Alai eta Kukai Arriaga antzokiko denboraldi berrian
Bilboko Arriaga antzokiak denboraldi berriko programazioa aurkeztu du. 2018ko abuztutik 2019ko ekainera arte eskainiko dituen ikuskizunak askotariko ikus-entzuleei zuzenduta daude. Dantzez, musika-emanaldiez, antzerkiaz, kontzertuez, operaz eta lirikaz, zirkuaz, zartzuelaz... gozatzeko aukera izango da.
Dantzak beti du presentzia garrantzitsua antzoki handien programazioan, baita Arriagakoan ere. Bertako taldeei dagokionez, Kukai, Beti Jai Alai edo Mikel del Valle izango dira Bilbon. Euskal Herriko dantzariez gain, Shaolin monjeak, Sara Baras eta Maria Pages bailaoreak eta Dada Masilo koreografoaren (Hego Afrika), Sasha Waltz & Guests (Alemania) eta Ballett Theater Baselen (Suitza) sorkuntza lanak ikusi ahal izango ditugu.
Euskal Herriko taldeak
Beste urte batez, Arriaga Antzokiaren dantza egitarauan aukera handia izango da. Esan bezala, euskal dantza hiru proposamenetan gauzatuko da. Urriaren 31n Erritu eszenaratuko da, Kukai Dantza konpainiak Arriaga Antzokira itzultzeko ekarriko duen ikuskizuna, oraingo honetan Sharon Fridman koreografo ospetsuarekin lankidetzan. Azaroaren 18an, Basurtun sortutako Beti Jai Alai dantza taldeak bere 50. urteurrena ospatuko du Arriagako agertokian, taldea posible egin duten pertsona guztiak omenduz eta, batez ere, taldearen sortzaile eta zuzendari izan zen eta duela denbora gutxi hil den Jon Pertika. Otsailaren 21ean, berriz, Mikel del Valle dantzari eta koreografo gazteak bere azken sorkuntza, Agate Deuna, aurkeztuko du, emakumezko arketipoei buruzko lana, Miren de Miguel sopranoaren lankidetzarekin.
Munduko dantzak
Flamenko zaleak generoko bi emakume handienetakoen itzuleraz gozatu ahal izango du. Uda honen amaieran, irailaren 19tik 23ra, Sara Barasek Sombras lana aurkeztuko du; eta datorren urtearen hasieran, urtarrilaren 18an eta 19an, Maria Pagesek Una oda al tiempo proposatuko du.
Gabon garaian ere izango dugu dantza, familia osoari zuzendutakoa. Ananda Dansa konpainiak, PinoXXIo ikuskizuna eskainiko du abenduaren 27tik 29ra. Collodiren ipuinaren irakurketa berezia egin du, eta pertsonaiak eta istorioa, XXI. mendeko garaikide gisa ikusteko aukera ematen digun intenporalitatea eman dio.
Nazioartetik lau ikuskizun aukeratu dira, oso desberdinak euren artean. Urriaren hasieran, 5ean eta 6an, Sutra helduko da Arriagara, Sidi Larbi Cherkaoui koreografoaren, Antony Gormley eskulturagilearen eta Txinan dagoen Shaolin Tenpluko 19 monje budistaren arteko lankidetza saritua. Otsailaren 1ean eta 2an, berriz, Swan Lake iritsiko da, Dada Masilo hegoafrikarrak, bere herrialdeko koreografo gazte ospetsuenetakoak, egin duen “Beltxargen aintzira”-ren berrirakurketa. Apirilaren 12an eta 13an Sasha Waltz & Guestsen txanda izango da, Kreatur lanarekin. Lan horretan dantza indartsua erakusten digu, desegiteko mehatxua duen gizartea irudikatzeko.
Mendi-Mendiyan opera, ekoizpen propioa
Beste alde batetik, Arriagaren ekoizpen propioen barruan, Calixto Bieitok Jose Maria Usandizagaren Mendi-Mendiyan lana eszenaratzeko erronkari egingo dio aurre. Opera lana izango da eta Erik Nielsenek egingo du musikaren zuzendaritza. Obra horretan dantzak presentzia handia izan du. Mendi-Mendiyan Usandizagaren lehenengo lan lirikoa izan zen, Bilboko Koral Elkarteak 1909an enkargatu ziona eta 1910eko maiatzaren 21ean Campos Elíseos Antzokian estreinatu zen opera. Arriaga Antzokiko lehenengo emanaldia 1911ko maiatzaren amaieran izan zen. Lan hori 1987an eszenaratu zen azken aldiz Arriaga Antzokian. Ondorengo bideoan dituzue orduko irudi batzuk.
Urte batzuk geroago, 2001ean, beste bertsio bat egin zen, baina kontzertu formatuan. Orain, 2018-2019 denboraldiari amaiera emateko datorren urteko ekainaren 20an eta 22an, ikus-entzuleek Calixto Bieitok lan horri eskaintzen dion begiradaz gozatu ahal izango dute. Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) eta Bilboko Koral Elkartea ariko dira parte hartzaileen artean.
Programazioa
- Irailak 19-23, Sara Baras: Sombras. Saioak: Irailak 19, 20, 21 eta 22 19:30ean. Irailak 23 19:00etan.
- Urriak 5-6, Sidi Larbi Cherkaoui, Antony Gormley, Shaolin monjeak: Sutra. Saioak: Urriak 5 eta 6 19:30ean.
- Urriak 31, Kukai: Erritu, 19:30ean.
- Azaroak 18, Beti Jai Alai 50 urte, 19:00etan.
- Abenduak 27-29, Ananda Dansa konpainiak: PinoXXIo. Saioak: 17:00etan eta 19:30ean.
- Urtarrilak 18-19, Maria Pages: Una oda al tiempo. Saioak: Urtarrilak 18 eta 19 19:30ean.
- Otsailak 1-2, Dada Masilo: Swan Lake. Saioak: Otsailak 1 eta 2 19:30ean.
- Otsailak 21, Mikel del Valle: Agate Deuna, 19:30ean.
- Apirilak 12-13, Sasha Waltz & Guestsen: Kreatur. Saioak: Apirilak 12 eta 13 19:30ean.
- Ekainak 20-22, Calixto Bieito: Mendi-Mendiyan opera. Saioak: Ekainak 20, 21, 22 19:30ean.
Dokumentuaren akzioak