Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Andoain: San Joanak 1989 - 1995

Dokumentuaren akzioak

Andoain: San Joanak 1989 - 1995

Harrezkero, San Joan eguneko eguerdian, plaza dantzaleku ezin hobea izan ohi da, brusa gorri luze eta distiratsuak jantzita aritzen diren mutil eta neska gazteak ikusteko. Soka Dantza ere ez da falta, beste hainbat herritako jaietan bezala.

Hala ere, denborak eragindako aldaketak nabarmenak dira, bi filmak ikusitakoan antzemango dugunez, eta ez soilik parte hartzaileen adinari dagokionean.

Azeri Dantza-ren atal bakoitzak izen bat du eta gainerakoetatik argi bereizten da Paseoa-ri esker. Txistulariek jarritako erritmoan burutzen dira atalak, antzezpen gehiago edo gutxiagorekin eta bata bestearen atzetik; bukaeran guztien artean dorre bat osatzen dute.

Aurkezten ditugun bideoak bi muntaiari dagozkie: lehena 1989ko grabazio bat da; bigarrena 1995koa da, eta konparatu ahal izateko, 1989ko irudiak ditu tartekatuta. Elkarrizketa labur bat erantsi diogu, taldeak 1995ean ekitaldia ospatzeko antolatutako bazkaria eta gero egindakoa, bat-batekoa eta gidoirik gabe egina.

Azeri Dantza-ren zatiak:

  1. Paseoa
  2. Aitarena
  3. Paseoa
  4. Zortzikoa
  5. Paseoa
  6. Orratzakoa
  7. Paseoa
  8. Txingoa
  9. Paseoa
  10. Perra jartzea
  11. Borroka edo Dorrea

Jatorrizko grabazioak sistema analogikoetan egin izanak, V8-an (1989koa) eta Hi8-an (1995ekoa), eta iragandako denborak zintak kaltetu dituzte (kolorea eta bereizmena), baina nekez errepikatuko diren momentuak gogoratzeko aukera eman digute, euskal dantza tradizionalaren historiarako ekarpentxo bat egiteko itxaropenez.

Lerro hauen bitartez ekoizleak eskerrak eman nahi dizkie bihotzez, txistulariei eta “Lizar Makil Dantza Taldea”-ri, eta baita urte guzti hauetan Azeri Dantza eta Soka Dantza dantzatuz, berauek gordetzen lagundu duten taldeko kide guztiei; hala nola, modu zuzenagoan, urte luzez orkresta paregabe honen zuzendari izan den gizonari: Juantxo Arregiri.

EMILIO XABIER DUEÑAS, 2013ko maiatzaren 15a.

Dokumentuaren akzioak

2013/07/03 12:48
Izugarrizko materiala. Mila esker beste behin ere!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.