Dokumentuaren akzioak
Altsasuko inauteriak Eibarren
Aurreko batean aipatu genuen Txistulari aldizkarian Altsasuko inauterien berreskuraketari buruzko artikulua zetorrela. Bertan berpizte horren prozesua kontatzen da, batez ere Altsasuarren eta Enrike Zelaiaren ikuspuntutik. Horrez gain aipatzkoa da, berreskuraketa horretan akuilu nagusia Galdakaoko Andra Mari dantzari taldearen lana izan zela.
Izan ere, 1916an utzi zitzaion inauteria ospatzeari Altsasun. 60 urte ondoren, 1976an agertu ziren Andra Marikoak Altsasun, garai bateko inauteri haren arrastoen bila. Inork imajinatzen du zer izan daitekeen 60 lehenago desagertutako tradizio baten puzzlea berriz ere osatzen saiatzea? Horixe egin zuten Andra Marikoek, hilda eta lurperatuta zegoen inauteria berpiztu.
Orain 25 urte, 1981 eta 82 urteetan Andra Marikoek emanaldiak egin zituzten Altsasun bertan, eta altsasuarrek berea izan zen inauteria aurrez-aurre ikusteko aukera izan zuten. Orduan piztu zitzaien inauteri hura berreskuratzeko gogoa. Eta ordutik bizirik, eta urtetik urtera osasuntsuago dago inauteria Altsasun. Otsailaren 28an, egingo da aurten inauteria Altsasun, baina Galdakaon ere bizirik dirau Altsasuko inauteriak. Inauterietako larunbatean egin ohi dute Andra Marikoek Altsasuko inauteria Galdakaon. Eta aurten Eibarren ere izango dira Andra Marikoak Altsasuko inauteriarekin. Otsailaren 24an izango da hori, ostiral iluntzean.
Aurreko batean Thierry Truffaut-ek Lapurdiko inauteriei buruz esandakoak aplikatu daitezke kasu honetan baita ere. Altsasuko gazteek nekez imajina dezakete orain 25 urte Altsasun inauteriaren arrastorik ere ez zegoenik. Berriz ere kanpoko dantza talde batek berreskuratu dute tradizio bat, tokian tokikoek estimatzen ez zutenean gorde, berpiztu azkenik herritarrek berek hartu eta biziberritu dute.
Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak egin ohi duen Altsasuko inauteriari buruzko informazio apur bat Kezka dantza taldearen blogean jarri dugu.
Dokumentuaren akzioak