Dokumentuaren akzioak
Altsasuko inauterien birsortzea azalduko du Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak
Altsasuko inauteriak Galdakaoko Andra Mari dantza taldearen eskutik. Galdakaon, 2005-02-05. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan cc by-sa
Momotxorroak protagonista nagusi dituen Altsasuko inauterien berreskuratzea nola egin zen azaltzeko dokumentala prestatzen ari da Andra Mari dantza taldea, eta horrekin batera, hitzaldi bat antolatu dute Galdakaon otsailaren 14rako. Lau hamarkada pasa dira Galdakaoko dantza taldeko kideak Altsasura hurbildu eta galduta zegoen inauteriaren aztarnak biltzeari ekin ziotenetik. 1976an, Argia dantzari taldeko Juan Antonio Urbeltzek emandako pistari jarraika jo zuten Altsasura Andra Mari dantza taldeko kideek eta gaur egun euskal inauteri ikusgarrienetakoa denaren errautsak berpizten hasi ziren.
Altsasutik Galdakaora
Gerra aurrean utzi zitzaion Altsasun inauteria ospatzeari. 1970eko hamarkada bukaeran Altsasun egindako ikerketa lanetan oinarrituta, guztiz galduta zegoen inauteria berregin zuen Andra Mari dantza taldeak. Lehen emanaldia 1977ko ekainaren 26an, Sestaoko zezen-plazan egin zuen eta bertan aurkeztu zuen Altsasuko inauteriaren berreskuraketa lana. Egun berean, arratsaldez, Tolosako zezen-plazan eskaini zuen berriz momotxorroen inauteri ikusgarria eta 1978an Altsasun bertan egin zuten erakustaldia.
Galdakaotik Altsasura
Laupa-bost urtez, Altsasuko inauteriak herriz herri erakutsi zituen Galdakaoko Andra Marik, eta bitxia bada ere, Altsasun inauteri horiek ez ziren ospatzen. 1981eko irailean, Satur Leoz altsasuarrak gonbidatu zituen Andra Marikoak Altsasura inauteriaren erakustaldia egitera. Altsasun hasita zeuden inauteria berreskuratzeko ahaleginean, eta 1982ko inauterietan aurreikusi zuten herrian bertan berreskuratzea. 1982ko otsailaren 20an berriz ere Galdakaoko Andra Mari dantzari taldekoak Altsasura hurbildu ziren Altsasuko inauteria berriz ere aurkeztera jatorrizko herrian.Galdakaoko Andra Marik sareratutako ondoko bideoan 1982ko ekitaldi horretako irudiak ikus daitezke.
Larunbatez egin zen emanaldia eta igandean hitzaldia antolatu zen Altsasun bertan Juan Antonio Urbeltz, Jose Maria Jimeno Jurio eta Jose Maria Satrustegiren
parte hartzearekin. Bi egun beranduago, 1982ko otsailaren 23an, inaute asteartez berrabiatu zen inauteria berriz Altsasun. Ia 40 urteren buruan sineskaitza da hartu duten indarra eta herrian duten errotzea.
Momotxorroak baino gehiago
Zalantzarik gabe momotxorroak, adar, larru eta odolez beteak Altsasuko inauterietako mozorro ikusgarri eta ezagunenak dira. Baina Altsasuko inauterietan badira beste hainbat mozorro eta eszena-erritual, inauteri hauek antzinakotasuna agerian jartzen dutenak eta Europako beste inauteri batzuekin lotzen dituena. Ereintzaren irudia da horietako bat, bi idik tiratzen duten goldearena eszena harrigarria gertatzen da. Azak eta letxugak lurrean landatu eta ureztatzen dituen irudia ere berezia da, Juantranposoak eta ezkontzen den bikotearen irudia tarteko.
Berreskuraketa prozesuaz eta Altsasuko inauterieen inguruko sinbologiaz ari dira prestatzen dokumentala Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeko kideak, eta horren inguruan arituko dira Galdakaon egingo duten mintzaldian.
Hitzaldia: «Altsasu: berreskuratutako inauteriak ulertzen»
- Hitzordua: otsailak 14, ostirala, 19:00etan.
- Herria: Galdakao, Bizkaia.
- Tokia: Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusia.
- Hizlariak: Kepa Otaegi, Mikel Zamalloa eta Oier Araolaza.
Dokumentuaren akzioak