Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak "Aitzina pika" liburuaren aurre salmenta martxan da

Dokumentuaren akzioak

"Aitzina pika" liburuaren aurre salmenta martxan da

2018/04/25 10:20

Sü Azia elkarteak laster Jean Mixel Bedaxagarren Aitzina Pika liburua argitaratuko du, ekainaren erdi aldera aurreikusten dute aurkezpena. Hala ere, dagoeneko eskatu daiteke liburua, aurre salmenta martxan baita.

Aitzina pika

Jean Mixel Bedaxagar urdiñarbetarra hainbat galderaren erantzuna topatzen eta argibideak ematen saiatu da liburuan. Besteak beste, nor izan zen kantiniersa agertu aurretik maskaradetan ikusi zen azken maka beltza? Nor ote zen Maule-Lextarreko Galerienalde zubiaren alde batetik bestera, frisat dobleak egiten zituen zamaltzain izugarri hura? Zenbat dantzari zuberotar eraman zituen betiko 1914-1918ko gerrak? Sü Azia elkarteak argitaratutako liburua, hainbat ikerketaren emaitza da, Zuberoako 180 dantzari eta musikariren kontuak, argazkiak... jaso dira.

Liburu honetan, Bedaxagarren ikerketa lanaz gain, beste zenbait adituren ekarpenak ere jaso dira. Hemen egileen izenak eta egin dituzten lanak: Xabier Itzaina (düala 100 urte beno haboro, biribilka emaiten ziren Xiberoko dantzak); Jon Iruretagoiena (Bralearen sorterroak); Jean-Claude Larronde (kanpoko herrietarat egin ziren jelkaldiak: Errumania, Erresuma Batua, etab...); Marcel Gastellu eta Geneviève Marsan (ttun-ttunaren aipamen xehea).

Jean Mixel Bedaxagar

Urdiñarben jaioa eta dantzari familia batean hazia. Dantzan eman zituen lehen urratsak, maskaradetan parte hartuz. Ondoren, 18 urterekin heldu zion xirulari, eta 23 urterekin kantuari. Kantagintzak ezagutarazi du Bedaxagar, baina berak dioenez “Ni lehenik dantzaria naiz, txirula-jotzailea ondoren eta kantaria gero.“

Jean Mixel Bedaxagar
Jean Mixel Bedaxagar. Argazkia: Oier Araolaza-Dantzan CC-BY-SA

aitzina pika liburua

Liburuaren eskaera

Liburua salgai izango da 30 eurotan, baina apirilaren 1etik maiatzaren 15era arteko aurre salmentan 25 eurotan eros dezakezue. Horretarako jarri zuzenean kontaktuan Sü Azia elkartearekin, suazia@gmail.com helbide elektronikoaren bidez. Zuen izen-abizenekin eta telefono zenbakiarekin idatzi mezua eta adierazi jaso nahi dituzuen liburu kopurua eta jasotzeko helbidea.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.