Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Akordeoia eta bere dantzen historia Bizkaian: Aingeru Berguicesen tesia eskura

Dokumentuaren akzioak

Akordeoia eta bere dantzen historia Bizkaian: Aingeru Berguicesen tesia eskura

2017/02/08 07:35
Akordeoia eta bere dantzen historia Bizkaian: Aingeru Berguicesen tesia eskura

Aingeru Berguices, tesiaren defentsa EHUn, 2016-11-14. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan.eus CC-BY SA

Akordeoiaren historia auspotuz, musika tresna honek Bizkaian, eta bereziki, Arratian eta Bilbon, XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran izandako bilakaera, eta dantza ohituretan izandako eragina ditu aztergai Aingeru Berguicesek berriki defendatu duen Doktore Tesiak. Lan mardula da berau, 1000 orrialde, 316 izenburu, 2000 oin-ohar eta 300 argazkiren bidez, musika tresnaren organologia, aldaketa handiz betetako garai bateko soziabilitatea, Bilbo hiria eta Arratia eskualdearen arteko kontraste eta lotura dantzaren bidez, eta dantza lotua eta soltearen arteko tentsio eta talkak baititu aztergai, besteak beste.

XIX. mende amaiera eta XX.aren hasierako Bilboko La Casillako dantzaldiak ikertu ditu Berguicesek, Bizkaian eskusoinuak izandako hedapenari buruz egindako ikerketaren barruan. Tesiak jasotzen du, besteak beste, bertako eta instrumentuarekin atzerritik iritsitako dantza-errepertorioen arteko talka. Akordeoia berariaz aztertzeko konparazio lagintzat hartu ditu Arratiako bailara eta Paris. Ageriko desberdintasunez gain, hainbat antzekotasun ere aurkitu ditu batez ere, tokikoak ez diren musika eta dantza asimilatzeko moldeen inguruan.

Aingeru Berguices 2016 doktere tesiaren aurkezpena dantzariekin
Aingeru Berguices, tesiaren defentsa dantzariekin EHUn, 2016-11-14. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan.eus CC-BY SA

Era guztietako dokumentazioa, ahozko elkarrizketak, El Noticiero Bilbaino egunkariaren hustuketa eta beste hainbat iturri baliatu ditu Berguicesek tesia osatzeko. Dokumentazio eta informazio iturri oparoa da beraz tesia bera eta dantzari buruzko datu interesgarri ugari eskaintzen ditu. Danbolinteroak gidatutako sokako aurreskua erromeriako eredu nagusi izatetik estereotipo folklorizatu izatera pasatzen ari den garaia erretratatzen du adibidez. Sexu bereko kidez osatutako bikote dantzak aspaldidanikoak eta arruntak izan direla nabarmentzun du baita ere, edo musikari asko aldi berean dantzari nabarmenak izan zirela. 

Aingeru Berguices-ek 2016ko azaroan Leioan "Organología popular y sociabilidad: el baile de La Casilla de Abando-Bilbao y la expansión del acordeón en Bizkaia (1880-1923)" izenburuarekin aurkeztutako eta defendatutako doktorego tesia hogei urtetik gorako lanaren emaitza da. Defentsa akademiko-teorikoarekin batera, Aingeru Berguices bera eta beste zenbait musikari eta dantzari aritu dira tesian aztertutako errepertorio nagusiak epai-mahaikideen aurrean jotzen eta dantzatzen. Tesia Euskal Herriko Unbertstitaearen webgunean eskura dago dagoeneko. 

Doktore Tesia: Aingeru Berguices: "Organología popular y sociabilidad: el baile de La Casilla de Abando-Bilbao y la expansión del acordeón en Bizkaia (1880-1923)" (pdf, 17,41 Mb)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.