Dokumentuaren akzioak
Dantza profesionalen prekarietatea egiaztatu du ADDEk
Aintzane Larrabeiti (Kulturaren Behatokia), Mikel Aristegi (ADDE), Mikel Etxeberria (Eusko Jauarlaritza), Gipuzkoako Dantzagunean egindako aurkezpenean, 2022-12-19. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA
Profesionalen egoera prekarioa azpimarragarria da, elkarrizketatuen ia erdiak (% 46,4) dantzaren sektoreko jardueratik 10.000 euro baino gutxiago eskuratzen baititu, aldizkakotasun handiarekin gainera. Kulturaren Euskal Behatokiaren laguntzarekin ADDEk egindako inkestaren emaitzak ezagutzera eman dira.
“Intuitiboki genekiena kontrastatzeko datuak”, direla adierazi dute ADDEko ordezkariek, abenduaren 19an Gipuzkoako Dantzagunean Kulturaren Behatokiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera egindako aurkezpenean. 31 eta 50 urte bitarteko gipuzkoarra edo bizkaitarra da dantzaren alorreko profesionala. Gizonezkoak gutxiengoa izanagatik, oro har, emakumeak eta ez binarioak baino egoera ekonomiko hobean daude.
Inkesta sarean eskura dago ADDE eta Kulturaren Euskal Behatokiaren webguneetan.
Datu nagusiak
Orotara, 82 profesionalek hartu zuten parte inkestan. Hona emaitza adierazgarrienak:
- Generoa: % 62 emakumeak dira, % 30 gizonezkoak eta % 7 ez-binarioak.
- Adina: 20-30 urte bitartekoak % 17, 30-40 bitartekoak % 31, 40tik 50era % 34, 51tik gora % 17.
- Ikasketak: % 52ak badu titulazio ofizialen bat eta % 47ak ez.
- Dantzerti positiboki baloratzen da, baina ez da nahikoa: prestakuntza ofiziala eskaini behar da bai dantza klasikoaren, bai dantza garaikidearen eta dantza tradizionalaren arloan.
Lan-jarduera eta kotizazioa
- Inkestatuen %40 norberaren kontura ari dira lanean eta %14k uztartu egiten dituzte besteren konturako lana eta norberaren konturakoa.
- "Datuak ikusita, badirudi profesional askok sektoretik kanpoko beste lan batzuekin uztartzen dutela dantza, bizirauteko".
- "Besteren kontura lan egiten dutenei erreparatuta, nabarmen azpimarratzekoa da lau pertsonatik hiru kontraturik gabe aritu izan direla lanean inoiz".
Lautik batek adierazi du nahiko edo oso sarritan egiten duela lan kontraturik gabe. Horrek guztiak agerian uzten du sektoreko profesionalak egoera prekarioan daudela eta balizko zaurgarritasun-egoeran ere egon daitezkeela
- Inkestatuen laurdenak, gutxienez, ez daude artisten araubidean lanean eta %16k ez dakite zein araubidetan egiten duten lan.
- 2021ean lan egindako hilabete kopuruaren batezbestekoa 8,4 izan zen.
- Lan egindako eta kotizatutako hilabeteak ez datoz bat.
- Irakaskuntza da jarduera nagusia. Bizirauteko eta diru-sarrerak eskuratzeko aritzen dira horretan, hori sorkuntza artistikoari eskaini nahi zaion denboraren kontra joaten bada ere.
- Jardueraren zatirik handiena EAEn gauzatzen da, jarduera proportzio bat Espainiako estatuan, eta, neurri txikiagoan, atzerrian.
Datu ekonomikoak
- %44 lanaldi osoan edo ia lanaldi osoan aritzen da dantzaren arloan, %30entzat, berriz, dantzatik eskuratutako diru-sarrerek bere sarrera osoen %45 baino gutxiago hartzen dute.
- %46k urtean 10.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzte.
- Gizonak emakumeak eta pertsona ez-binarioak baino egoera hobean daude. Gizonen %32k eskuratzen dute 10.000 euro baino gutxiago; aldiz, hori da emakumeen %51ren eta pertsona ez-binarioen %66,7ren errealitatea.
- %72k nolabaiteko lotura ekonomikoa dute administrazio publikoarekin. Kasuen %47,5ean, kontratazio publikoek diru-sarreren %46 baino gehiago hartzen dute.
- %64ak Dantzagunearen zerbitzuak baliatu ditu, eta %20ak DantzaBiz eta Dantzalabea. Dantza-gelak dira zerbitzurik erabilienak.
- Premia handieneko zerbitzuak kudeaketa ekonomiko eta fiskala, lan- eta lege-aholkularitza eta laguntzen eta dirulaguntzen kudeaketa dira.
Sektorea indartzeko, sektorea ezagutu
Dantzaren sektoreko profesionalizazioaren egungo egoera aztertzeko, EAEn dantzaren alorrean lanean ari diren profesionalei zuzendutako galdetegi bat prestatu eta zabaldu zuen, online erantzuteko galdetegi baten bidez. Erantzuteko ez zen derrigorrezkoa ADDEko bazkide izatea. Bilketa 2022ko maiatzaren 11tik ekainaren 13ra bitartean egin zen.
Helburu nagusitzat izan dute, “sektorearen eta sektoreko profesionalen errealitatea bertatik bertara eta datuen bidez ezagutzea”. Horrekin batera, txostenaren egileek nabarmen dute, ”informazioak sektorea indartzen lagunduko duten estrategiak eta zerbitzuak garatzeko oinarri izan behar duela”. Datuak jasotzeko eta ondorengo irakurketa egiteko, sei arlo bereizi zituzten ADDEko kideek: demografia-datuak, prestakuntza, ibilbide profesionala, lan-jarduerari buruzko datuak, emaitza ekonomikoak eta zerbitzu sektorialen balorazioa eta lehenespena.
Profila zehazteko zailtasunak
Txostenaren xehetasunak azaldu dituzte Mikel Etxeberria (Eusko Jaurlaritza) eta Aintzane Larrabeitik (Kulturaren Behatokia). “Egoera hain heterogeneoa denez, zaila da prekarietatearen argazkia ateratzea”, dio Larrabeitik. Profesionalki dantzan ari diren eta dantzaren sektorean profesionalki lan egiten dutenen errealitate sozioekonomikoa zehaztea konplikatua da, sortzaile eta egile gehienek ezinbestean lan-mota asko uztartzen dituztelako. Dantza-motak ere profesionalen egoeran eragin zuzena duenez, etorkizunerako informazio-bilketa doiagoa aurreikusten dute egileek.
“Kasu asko eta anitzak dira, baina oro har, dependentzia publikoa eta kontratazioak dira diru-iturri nagusiak”, azpimarratu du Etxeberriak. Dantzako profesionalaren nolakotasuna zehazteko zailtasuna pandemiaren garaian are agerikoago egin zen, “gizarte segurantzako epigrafeen arabera esleitu genituen, eta sektoreko errealitatearekin egin genuen tupust”. Mikel Etxeberriarentzat “txostena lanerako tresna garrantzitsua da, besteak beste, sektoreko solaskideak detektatu eta etorkizuneko politikak prestatzeko informazioa ematen digulako”.
Egonkortasunerako malda pikoan, “formazio espezifikoa eta egonaldiak ibilbide profesionala bermatzeko giltzarritzat” jotzen dituzte dantzako profesionalek. Elkarteen laguntza eta babesa garrantzitsua da gehienentzat, %79,3k nolabaiteko lotura baitute elkarteren batekin.
Dokumentuaren akzioak