Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Dokumentuaren akzioak

Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

2024/04/16 08:30
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Bi dantzari talde dantzan publikoak osatutako zirkuluaren barruan, 1936ko gerrako haur errefuxiatuak. Donibane Garaziko Ziudadela, 1937.

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren: apaizak, irakasleak eta beste hainbat ogibidetako pertsonak. Horrela, herri oso bat bildu zen kolonian. Garaziko koloniaren inguruko hainbat kontu jasoak ditu Txomin Hiriart-Urrutik.

1937 Donibane Garazi
Haur errefuxiatuak Donibane Garaziko Ziudadelan, 1937.

Haurren harrera-leku izanik, Gernikako  Elai Alai dantza taldeko dantzariei ere eman zieten babesa bertan. Condor legioko hegazkinek Gernika bonbardeatzean Bilboko Villa Cuban batu ziren Elai Alaiko dantzariak aurrena, eta gero, Donibane Garazira eraman zituzten 40 bat dantzari. Aste batzuk beranduago batu zitzaien taldeko zuzendaria zen Segundo Olaeta.

Dantza egiazko euskaldunen identitate

Olaetarekin taldeak entseguei heldu zion. Eusko Jaurlaritzaren babes osoa zuten; taldearen emanaldiak nazioartean zabaltzea zen helburua, euskaldunen egoeraren berri izan zezan mundu osoak. 

1937 Donibane Garazi 2
Bi dantzari talde dantzan publikoak osatutako zirkuluaren barruan, 1936ko gerrako haur errefuxiatuak. Donibane Garaziko Ziudadela, 1937.

1937 Donibane Garazi
1936ko gerrako haur errefuxiatuak Donibane Garaziko Ziudadelako patioan. Donibane Garazi, 1937.

Dantza taldea berrosatu zen Ziudadelako haurrekin, jostunek jantzi berriak egin zituzten eta Olaetak hainbat bidaia egin zituen Zuberoara bertako dantzetatik edateko, helburua euskal kultura definitzea baitzen. 1937ko urrian, kolonian 4 hilabete pasata, Elai Alaiko 42 dantzarik Ziudadela utzi eta Parisera abiatu ziren.
Taldeak alde egin ondoren euskal kantu eta dantzak ez ziren desagertu, ordea, Jaurlaritzaren beste kolonietan bezala, diziplina horiek garrantzi berezia baitzuten. EAJk kolonia sistema propioa antolatu nahi zuen eta helburua zen bertako umeak “egiazko euskaldun” gisa heztea.

1937 Donibane Garazi 7
1936ko haur errefuxiatuak. Agintariena edo ikurrina-dantza. Donibane Garaziko Ziudadela, 1937.

1936ko haur errefuxiatuak. Gaztetxoak makila handiekin eta bakarlari bat dantzan. Donibane Garaziko Ziudadela, 1937.

Haurrek egunero jasotzen zituzten dantza klaseak. Dantzaz gain, musika ere irakasten zieten. Garai hartarako berritzaileak ziren metodoak erabiltzen zituzten hezkuntzan, besteak beste, gogoetara eta kritikara bultzatu nahi zituzten umeak.

1937 Donibane Garazi
Elai Alai taldea Donibane Garaziko Ziudadelan. 1936ko gerrako haur errefuxiatuak. Goitik hasi eta hirugarren ilaran, eskuin-eskuinean Segundo Olaeta. Donibane Garazi, 1937.

Dantza harremanak goxatzeko zubi

Dantzari esker hurbildu ziren Donibane Garaziko herritarrak haur errefuxiatuengana. Izan ere, hasiera batean, haurren etorrera ez zen guztiz ongi-etorria izan orduko gizarte tradizionalista eta kontserbadore hartan.

1937 Donibane Garazi 5
Emakumez eta gizonez osatutako bi talde dantzan. Ingurutxoren bat dantzatzen ari direla dirudi. Donibane Garaziko Ziudadela, 1937.

Pixkanaka, ordea, harremanak goxatzen joan ziren, eta horretan eragina izan zuen haurren ardura hiru apaizek izateak. Ikusi zuten haurrak egunero joaten zirela mezetara eta dantza ere izan zen lokarri.

Arrastoa utzi zuten

Elai Alai dantza taldea berriz muntatu eta emanaldiak eskaini zituen Donibane Garazi eta inguruetan. Edozein zeremonia eta ekitaldi erlijiosoen ondoren antolatzen zituzten dantza saioak.

1937 Donibane Garazi
Donibane Garaziko Ziudadelako patiora ongi-etorria egiten sei dantzari. Zubia osatu dute ezpatekin eta azpitik pasatzen ari dira hiru gizon. Dantzarietako batek ikurrina darama. Donibane Garazi, 1937.

1937 Donibane Garazi 3
1936ko haur errefuxiatuak dantzan. Donibane Garaziko Ziudadela, 1937.

Emankizun haiek Nafarroa Behereko eta, orokorrean, Iparraldeko taldeetan eragina izan zuten. Inguruetako talde askok Elai Alairen kodeak eta errepertorioa bere egin zituen.

Iturriak:

Dokumentuaren akzioak

Donibane Garazin errefuxiatu gisa egondako hegoaldetarrek ez zuten soilik beren dantzak mantendu eta dantza taldeak antolatu. Bere eragina nabarmena izan zen Nafarroa Beherean sortu ziren taldeetan. 2023an Iruñeko Ortzadar Elkarteak antolatu zituen Jardunaldietan, Jojo Bidart eta Antton Luku Baxe Nafarroako dantzaren egoeraz (iraganaz, orainaz eta etorkizunaz) aritu ziren. Biak ibiliak dira Baigorri eta Donibane Garaziko dantza taldeetan. Honela azaltzen zuen Bidartek Baigorriko «Arrola» taldearen sorrera-giro hura:
 
<i>Arrola dantza taldea agertzen da lehen aldikotz 1942an Baigorriko kermeza batean gerlako presoen aldeko ikusgarri baten emaiteko, Bizkaiko dantzak emanez. Hori ulertzeko aipatu behar da 36ko gerlatik, edo landa, ihes egin zuten hegoaldeko eskualdunen eragina Iparraldean... Baxe Nafarroan sortuko diren dantza taldeen kafira izan zen Hazparneko eskola, han ari baitziren Roblestiarrak, bereziki Koldo Robles «Koldobika» dantza erakutsiko duena. Preseski hango eskolan zen Baigorriko gazte bat, Domingo Martiarena Artxanxurikoa. Han ikasi zituen dantza, gustukoak izanik, erakutsi zituen bere adineko herriko laguneri. Baigorriko hamar bat mutiko bildu ziren Domingoren inguruan, horietan ene aita, eta ikasi dantza horiek (Bizkaikoak) eman zituzten 1942an Baigorriko kermezan gerlako presoen alde. Errepikak musikarik gabe egiten zituzten, airea kantatuz, eta ikusgarriarentzat Baigorrin bizi zen Pako Larrañaga atabalaria aritu zen eta ezagutzen zituzten Michel Labéguerie eta Mattin Zubieta Kanboarrak etorrarazi zituzten (J. Bidart). </i>

Garazi aldean egoera berdintsu. Lukurentzat errefuxiatuek eragin zuten efektua sekulakoa izan zen:

<i>Garaztarrak taldea 1955an sortu zen apez gazte baten eskutik, Jean Hirigoyen, Garazi aldeko semea, dantzarekin lotura bat ukanen zuena bai seminarioan (Arnegiko Camino eta Hazparneko Jean Hiriart Urrutyrekin) bai eta ere aintzineko urtetan Hazparneko kolegioan, 1940 urte inguruan, Koldo Robles Arangiz han zegoelarik. Lehen harremanak xixtuarekin aita Hilario Olazaranekin ukan zituzkelarik (Baztanetik etorri fraile Lizarratarrak formatuko baititu hainbat xixtulari: Michel Labéguerie, Donetch apeza, Jean Nesprias…). Jean Hirigoyen Garazin izendatua den apez gazteak Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzak erakutsiko ditu Garaztarrak taldeko gazteeri.</i>

Dantzari errefuxiatu horien eragin «sekulako» harek, 70ko hamarkada arte iraun zuen Nafarroa Beherean. Turismoaren gorakada eta bere desirak asetzeko erabiliko dira ere euskal dantzak. Euskal dantzak bai, baina hegoaldekoak:

<i>Memento hortan, udan, alokatzen zuten etxe guziak, logelak edo apartamenduak hilabete guzirako uztailan eta hilabete guzirako agorrilan. Behar ziren dantzariak udako. Behar ziren izigarri fite eta Banako eta ez dakit zer, eta zangoa altxatu goiti…» (Luku). </i>

Hamarkada horren bigarren aldian Antton Lukuk Mixel Aurnaga ezagutu zuen Donibane Garazin:

<i>hasten gira ibiltzen inguruan: Luzaiderat, Arnegirat eta... han bizi ziren kabalkadak, ez zen gure dantza. Nik hemezortzi urte, Mixel Aurnaguek hamabost. Beraz, oso-oso gazte ginen eta ez ginuen sobera konprenditzen, salbu Aurnaguek (A. Luku). </i>

Hurrengo urtean Fauxtinen eguna egin zen (zeinean Ortzadarrek parte hartu baitzuen) eta hor hasten da errefuxiatuen garaitik zetorren ohiturazko errepertorio horretaz hausnarketa eta apurtzea. Honela azaldu zuen Lukuk:

<i>azken finean, bazen kontradikzio haundi bat. Nonbait, bazen dantza bat, hor dantzatzen ginuena eta bazen beste dantza bat, herrietan oso bizi zena eta euskaraz transmititzen zena. Eta gurea ez (A. Luku).</i>
2024/04/23 08:55
Mila esker Ortzadar-eko lagunei artikulua osatzeko horrelako testigantza interesgarriak eskaintzeagatik.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.