Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak 15 festa dantzazale batek bizitzan behin bertatik bertara ezagutu beharrekoak

Dokumentuaren akzioak

15 festa dantzazale batek bizitzan behin bertatik bertara ezagutu beharrekoak

2016/01/08 08:15
15 festa dantzazale batek bizitzan behin bertatik bertara ezagutu beharrekoak

Kabalkadak Donapaleun, 2009-03-01. Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC BY-SA

Jatorri izena daramaten hainbat dantza egiten ditugu dantzazaleok, baina maiz, egiten ditugun dantza horiek ez ditugu bere herrian, bere festan, bere plaza eta kaleetan, bere testuinguruan ezagutzen. Hona hemen dantzazale batek bizitzan behin bertatik bertara ezagutu beharreko festen zerrenda bat, osatze eta eztabaidetara irekia, nola ez!

1. Muskildako Ama Birjinaren omenezko dantzak Otsagabian

Otsagabia dantzak 2007 024
Otsagabia, 2007-09-08. Argazkia: Aritz Ibañez-dantzan.eus CC BY-SS

Irailaren 8an, Muskildako Ama Birjinaren omenez ospatzen den festan eskaintzen dute Otsagabiako dantzariek beren urteko emanaldi nagusia. Goizean Muskildara igo eta bertan dantzatzen dute 12:00ak inguruan. Arratsaldean aldiz, herriko plazan eskaintzen dituzte Muskildako Ama Birjinaren dantzak 18:00etan.

2. Kaxarranka eta eguzki-dantza Lekeition San Pedro egunean

2015-Lekeitio-Kaxarranka
Lekeitio, 2015-06-29. Argazkia: Pablo Martin Bosch, Aritz.

Kaxarranka eta eguzki-dantza dantzatzen dituzten ekainaren 29an Lekeition. Meza ondoren dantzatzen da kaxarranka San Pedroren arkupean, kofradiako presidentearen etxe aurrean eta plazan eta segidan Eguzki-dantza plazan.

3. Bordon-dantza, makil-dantzak eta aurreskua Beran San Esteban egunean

2016-Bera-San-Esteban
Bera, 2014-08-02. Argazkia: Oier Araolaza-dantzan.eus CC BY-SS

San Esteban egunean, abuztuaren 3an, meza nagusiaren ondoren bordon-dantza eta makila-dantzak dantzatzen dira Beran. Arratsaldean, berriz, Gure Txoko dantza taldeko dantzariek Berako aurreskua dantzatzen dute.

4. Maskaradak Zuberoan

2015-Maskarada
Idauze, 2015-01-18. Argazkia: Iñaki Zugasti-dantzan.eus CC BY-SS

Urtarriletik apirilera, inauteri aroa kolorez, musikaz eta dantzaz janzten dute maskaradek Zuberoan. Urtero herri bateko gazteek hartzen dute ardura maskaradak prestatu eta igandez igande Zuberoako hainbat herritan eskaintzeko. Gorrien dantza ikusgarriak, beltzeriaren antzerki, trufa eta barrabaskeriak, eta txorrotxen kantu ederrek ikuskizun berezi eta ez-ohikoa osatzen dute.

5. Paloteadoa Cortesen

Cortes-paloteadoa
Corteseko dantzariak, 2012. Argazkia: Felipe Loiola-dantzan.eus CC BY-SS

Irailaren 29an, San Migel egunez, burutzen den ospakizuna da. Antzerkia, bertso errezitatuak eta dantza biltzen ditu ikuskizun honek. Eguerdian, San Migelen omenezko prozesioan dantzari eta pertsonaiek parte hartzen dute. Saio nagusia arratsaldeko 18:00etan izaten da plazan.

6. San Fermin eguneko dantzak Lesakan

Lesaka-zubigainekoa-2003
Lesaka, 2003-07-07. Argazkia: Oier Araolaza-dantzan.eus CC BY-SS

San Fermin egunean, uztailaren 7an, ezpata-dantzariak dira protagonista nagusiak Lesakan. Goizean, meza ondotik hasten dira makil-gurutzeak eginez kalejiran kalez kale. Plazan ziharkakoa eta bereziki Onin errekaren alboetan zubigainekoa izaten dira momentu berezienak. Arratsaldean, zantzo-monona eta neska-dantza dantzatzen dituzte.

7. Korpus dantzak Oñatin

Oñati-Korpus-2003
Oñati, 2013-06-02. Argazkia: Oier Araolaza-dantzan.eus CC BY-SS

Korpus egunaren hurrengo igandean korpus dantzak burutzen dira Oñatin. Dantzarien eten-gabeko joan etorri eta dantzen artean, Jesus, apostoluak eta San Migelen irudiak gorpuzten dituzte hainbat herritarrek, Corpus Christi prozesio ikusgarria osatuz. Arratsaldean Korpus dantza guztiak eskaintzen dituzte dantzariek Foruen plazan.

8. Inauteria Lantz-en

Lantz-inauteria-2009
Lantz, 2009-02-24. Argazkia: Iñaki Zugasti-dantzan.eus CC BY-SS

Lantz eta inauteria zilbor-hestez lotuta ageri dira euskal folklorean. Miel Otxin, ziripot, zaldiko, arotzak, txatxoak... Ostatutik atera eta makilez kolpatu den erlauntza bezala zabaltzen dira mozorroak herriko kaleetan. Txistulariak inguruan jiraka eta dantzan herriari itzulia egin eta plazan dantzatzen dute denek batera zortzikoa, asteartita eguerdian eta gauean, horren ondotik Miel Otxin tiroz hil eta sutan erretzeko azken zortzikoa dantzatu aurretik.

9. Eltziegoko dantzak iraileko Ama Birjinaren egunean

Eltzeiogo-Eibar-2015
Eltziegoko dantzariak, 2015. Argazkia: Iñaki Zugasti-dantzan.eus CC BY-SS

Irailaren 8an, Ama Birjinaren egunez prozesioan parte hartuz, kalejirak eginez eta dantzan ospatzen dute festa Eltziegoko dantzariek. Pasacalle, cuatro calles, el arbol eta jota ezagunen emanaldi nagusia eguerdian burutzen dute.   hainbat dantza burutzen dituzte Eltziegon. Eguerdian burutzen dute dantza saioa. 

10.  Besta Berri Heletan

2003-besta-berri-heleta-02.png

Corpus Christi, Fete de Dieux edo Besta Berri egunaren hurrengo igandean, martxa zeremonial ikusgarriak burutzen dira Lapurdi eta Nafarroa Behereko hainbat herritan, eta horien artean da Heletako Besta Berri koloretsua. Eguna goizeko mezarekin hasten dute. Elizaren barnean dantzatu eta meza bukatu ondoren, prozesioa abiatzen dute. Segizioa hainbat protagonista jantzi bereziz apainduta aurrera eta atzerako martxan aritzen dira: kapitaina, tenientea, oilarrak, loreak botatzen dituzten haurrak, soldadu armadunak, zapurrak, makilariak, banderariak...

11. Kaskarotak Uztaritzen

Uztaritze kaskarotak 2010

Inauterietan oso zabalduak diren bi ezaugarri biltzen dituzte Uztaritzeko kaskarotek: etxez etxeko eske erronda eta makila-dantza. Inauterietako igandean ateratzen dira kaskarotak, etxez etxe dantzak eskainiz eta etxekoek eskaintzen dizkieten jaki eta edariak dastatuz. Meza ostean eliza aurrean aritzen dira. 

12. Dantzari-dantza eta erregelak Garain

garai-dantzari-dantza-2015
Garai, 2015-07-26. Argazkia: Josu Garate-dantzan.eus CC BY-SS

Santa Ana egunean, uztailaren 26an, ezkonduen eguna izaten da Garain. Meza nagusia eta prozesioaren ostean, dantzari-dantza dantzatzen dute ezpata-dantzariek. Ondoren andrazkoek erregelak dantzatzen dituzte.

13. Elurretako Ama Birjinaren eguneko dantzak Lanestosan

Dokumentuaren akzioak

Lanestosa-arku-dantza2
Lanestosa, 2005-08-05. Argazkia: Oier Araolaza-dantzan.eus CC BY-SS

Abuztuaren 5ean, Elurretako Andre Mariaren omenez festa egun handia izaten da Lanestosan (Bizkaia). Goizean, agintarien desfilean eta Ama Birjinaren omeneko prozesioan zehar dantzatzen dute. Zetazko paper koloretsuz apaindutako arkuekin etengabe aritzen dira joan etorri, arku, sigi-saga eta aldaeren jolasean.

14. San Joan eguna eta Bordon-dantza Tolosan

bordon-dantza-tolosa-2008
Tolosa, 2008-06-24. Argazkia: Oier Araolaza-dantzan.eus CC BY-SS

Ekainaren 24an, San Joan eguna alarde, prozesio eta bordon-dantzarien emanaldiekin loratzen da Tolosan. Meza ondoren, prozesioa eta alardea egiten dira, tartean, bordon-dantzariek San Joan zortzikoa dantzatzen dute, kanpaiak joka eta eskopeteroak salbak jaurtitzen dituzten bitartean. Arratsaldean bordon-dantza dantzatzen Udaletxetik abiatu eta bezperetako ibilbidean laguntzen diete agintariei, bidean hainbat aldiz dantzatuz. Soka-dantzarekin bukatzen dituzte lanak bordon-dantzariek.

15. Antioko ezpata-dantza Zumarragan

Zumarraga-ezpata-dantza-2015
Zumarraga, 2015-07-02. Argazkia: Oier Araozala-dantzan.eus CC BY-SS

Santa Isabel egunean, uztailaren 2an, burutzen da Zumarragako Antioko baselizan. Meza Nagusiaren hasieran, baselizaren barruan, herriko dantzariek ezpata-dantza eskaintzen diote Ama Birjinari. Meza ondoren, ezpata-dantza eta aurreskua dantzatzen dituzte eliza aurreko zelaian.

Eta zuk? Zein proposatzen duzu?

Hamabost proposatu ditugu, baina beste hamabost desberdin izan zitezkeen. Zein sartuko zenuke zuk honako zerrenda honetan?

Dokumentuaren akzioak

2016/01/08 12:23
Arrate eguna Eibarren
Libertimendua Garazin
San Lorenzo eguna Iruñean
...
2016/01/08 13:56
Goizuetako zahagi dantza. (Iñoteak, ihauteriak, aratusteak..)

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.