Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Saioa Zabala Aristizabal Abuztuaren 8a, bikoteen eguna, Itziar

Dokumentuaren akzioak

Abuztuaren 8a, bikoteen eguna, Itziar

Abuztuaren 8a, bikoteen eguna, Itziar

Helduen aurreskua Itziarko plazan, 2022-08-08. Irudia: Saioa Zabala Aristizabal

Egun beroa egiten du, arratsaldeko 16:30ak aldera gelditu naiz Itziarrera joateko. Bainujantzia eta toailak hartu ditugu bueltarakoan nonbait bainatzeko denbora izanez gero aprobetxatzeko. Bidean lagun batekin hitz egin dugu telefonoz, Itziarrekoa denez hara goazela aipatzeko. Aparkatzeko arazoak izango ditugula esan digu, jaietara inoiz baino jende gehiago joaten ari baita. Baina herrira iritsi eta berehala aparkatzea lortu dugu, itzaletan. Bainatzeko gauzak maletategian sartu, kamera eta tripodea hartu eta maldan gora abiatu gara plaza aldera.
Herri kirolak daude plazan. Bertara iritsi eta lagunarekin egin dugu topo. Kamera non jarri dezakegun esan digu eta txosnara sartu da, txanda du eta. Plazako lurrean hondarra dago botata zezenak sartzen dituztenerako, eta arrazoi beragatik plazako sarrera guztiak ixteko hesiak ere badaude inguruan. Herri kirolak direla eta plaza bete betea dagoenez, taberna batera joan gara,
Gero eta jende gehiago ari da plazara inguratzen. Gure tokitik ez dira herri kirolak oso ondo ikusten baina hala ere begira gaude, bi neska eta bi mutil ari dira jo eta ke probetan. Bukatu eta segituan plaza jasotzen hasi dira. Bertara hurbildu eta antolakuntzakoekin hitz egin dugu, eszenatoki gainetik grabatzeko esan digute, bertan ikuspegi hobea izango dugula. Eszenatokira igo gara harmailetatik eta bertako bazter batean jarri dugu tripodea, musikarien ondoan. Harmailen eta eszenatokiaren artean badago zulotxo bat. Bertatik igotzen eta jaisten ari dira jolasean hainbat ume gurasoek errieta egin dieten arte.
Plaza jasotakoan helduen jolasak hasi dira. Bi talde daude, zapi urdina dutenak eta zapirik ez dutenak. Jolasean dauden bitartean eszenatoki gainetik jokoen segizioa egiten ari da emakume bat. Herri txikia izanik jolasten ari diren guztien izenak dakizki eta komentarioak oso pertsonalak geratzen zaizkio. Etengabe ari da hizketan. Plazan ikusle moduan dagoen jendea ere jolasetan oso sartua dago, jokalariak animatzen eta haien erorketez barre eginez. Xarma berezia duen giro oso polita sortu da plazan. Arratsalde osoa darama gehiengoak plazan bere tokitik mugitu gabe, eta ez dute mugitzeko asmo handirik aurreskuaren ondotik dauden zezenak bukatu arte.
Gu ere jolasak ikusten ari gara, erabat txundituta, ikaragarriak iruditzen baitzaizkigu. Giro oso ona sortzen dute eta gainera ez dira beti egiten diren jolasak, irudimena izan dute horiek aukeratzeko orduan. Herri txikietan sortzen den giro polit horretaz hasi gara hizketan.
Plazara begiratu dugu biek eta elkarrizketa erabat aldatu dugu, “zer demontre egin behar dute fardo, karretilla eta motoko kasko horiekin?”. Ez dugu jokoaren nondik norakoa ulertzen baina buru belarri pentsatzen hari gara ea zer izango ote den. Azkenean azalpenekin batera ulertu dugu jolasa. Zirkuito bat egin dute fardoekin eta karretilla barruan neskak joango dira kaskoa jantzia dutela. Mutilei begiak estali dizkiete zapi batekin eta horiek, ezertxo ere ikusi gabe, eraman behar dute karretilla zirkuituan zehar. Azkenean bukatu dira jolasak eta jokalari guztiak aldatzera joan dira, aurreskurako prestatzeko.
Aurreskua hasi baino lehen omenaldi txiki bat egin nahi diete bi emakumeri. Urteak daramatzate helduen aurreskua dantzatu nahi dutenei dantzan erakusten eta aurten azken urtea izan dute. Horregatik, gazteen taldekoek omenaldi txiki bat egin nahi izan diete. Eszenatoki gainetik hizketan ari bi andreei deitu die egin diete. Bat ez da azaltzen, ordea. Alabari galdegin diote ea non dagoen eta berak hortxe dagoela baina plazara atera nahi ez duela. Pare bat minutu deika eta zain egon ondoren agurra dantzatu diete andreetako bati eta bestearen alabari. Omenaldia bukatuta, helduen edo bikoteen aurreskuaren txanda da.


Akordeoiaren musikarekin atera dira gizonezkoak ilaran plazara, musikaren erritmoan pausua markatuz. Alkandora zuria eta galtza eta alpargata beltzak dituzte. Jolasetan batzuk zuten zapi urdina dute denek lepoan eta aurreskuak eta atzeskuak kapelu beltza dute buruan. Plazan buelta batzuk eman eta agurraren musika hasi da jotzen akordeoia. Momentu horretan bi gizon ilaratik atera eta emakume baten bila joan dira. Bitartean gainontzekoek elkarri eskuak eman dizkiote eta aurrera jarraitu dute plazan. Sokan lehenengo dagoena atzeraka ibiltzen ari da, besteei tiraka egongo balitz bezala. Aurreskuak agurra dantzatu dio emakumeari eta ondoren sokan sartu dute aurreskuaren atzean. Sokari buelta eman eta atzeskua kokatu da buru, hori ere atzeraka ibiltzen ari dela. Beste emakume bat atera dute plazara eta horri atzeskuak dantzatu dio agurra. Bukatutakoan sokan sartu dira, emakumea atzeskuaren aurrean dagoela. Oinez jarraitu dute plazan bueltaka eta sokatik kanpo jarraitzen duten bi gizonek gainontzeko emakume guztiak atera dituzte plazara bakoitza sokan dagokion lekuan kokatuz. Emakumeek alkandora edo kamiseta zuria dute mahuka motxekoa, eta belaunetaraino iristen zaien mahoizko gona. Alpargata ilunak dituzte eta ilea lotua dute ia denek. Gizonek bezala zapi urdina dute lepoan.
Denak tokian kokatuta daudela borobil bat osatu dute plazaren erdian eta banakoa dantzatu diete gizonek beren bikoteari banan-banan. Dantzariek hanka altxatzen duten aldiro ikusleen oihu eta “ieup”-ak aditzen dira eta hala ikusleek ere euren burua sartu dute nolabait dantzan. Sentsazio berezia baina polita izan dut momentu horretan. Dantza hasi baino lehen gaztetxo batzuk kexaka ari ziren beraiek ez zutela aurreskua ikusi nahi, zezenak ateratzea nahi zutela. Elkarren artean hizketan aritu gara nola zezenak azkenerako utzita eta programazio guztia plazan izanda jendea era batean “behartuta” dagoen aurreskua ikustera, eta horregatik bada ere behintzat ikusi ikusten dutela. Baina herritar asko banakoan horren sartuta ikusteak sentsazioa eman dit aurreskuak baduela bere garrantzia Itziarren eta jendeari gustatzen zaiola.
Banakoa bukatu ondoren fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte denek. Azkenik kalejira bat egin dute eta plazatik irten dira saltoka.
Gauzak jasotzen hasi gara zezenak plazara atera baino lehen plazatik irteteko denbora emateko, baina ez dugu lortu. Eszenatoki gainean entzerratuta gelditu gara, ezin gara hortik atera plazara sartu gabe eta ez dugu hori egiteko inongo intentziorik zezenak bukatu arte. Han egon gara plazara begira, musikariak gure ondoan musika joka eta kalejiran bueltaka ari diren bitartean. Egia esan ez zaigu asko axola bertan geratzea, horrela toki ezin hobean ikusi ditugu zezenak. Azkenean bukatu dira eta plaza ireki dute. Jendea agurtu eta plazatik atera gara. Berandu da eta jada ez digu inon bainatzeko denborarik emango baina berdin zaigu, kotxean gauzak sartu, musika jarri eta etxerantz abiatu gara.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Saioa Zabala Aristizabal

Saioa Zabala Aristizabal

Antropologiako laugarren mailako ikaslea eta Irungo Kemen dantza taldeko dantzaria naiz. Uda honetan herriz herri nabil tokian tokiko dantzak ikusten.