Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Portugaleteko herri antzerkia Portugaleteko herri antzerkia: Zubia Pastorala

Dokumentuaren akzioak

Portugaleteko herri antzerkia: Zubia Pastorala

Abenduaren 16an Portugaleteko Herri Antzerkia aurkeztuko dugu, Zubia Pastorala izenburupean.

Bizkaia Zubiak 125 urte bete ditu eta Portugaleteko herritarrok opari bereziena egitea erabaki dugu: Zubia Pastorala Herri Antzerkia. Dantza, musika eta kantua uztartzen dituen ikuskizun hau igande honetan aurkeztuko dugu, abenduaren 16an, arratsaldeko 18:00etan, herriko Zubi Alde kiroldegian.

Sortzaileok Herri Antzerki bezala  bataiatu dugu proiektua, izan ere, duela urtebete herritar talde bat bildu ginen pastorala egiteko asmoz. Portugaleteko egoera soziokulturalari so eginda, berehala konturatu ginen Zuberoako tankerako ikuskizunak ez zeukala tokirik gure artean. Hori dela eta, pastorala oinarri bezala hartzea erabaki genuen, baina izaera propioa izango zuen bestelako obra bat sortu. Horrela, obrak aurrera egin heinean, ikusleak garapena ikus dezake, Zuberoako pastoraletatik aldentzen diren antzerki eta dantza moldeetara gehiago hurbiltzen baita.

Guzti honen ondorio izan da Zubia Pastorala Herri Antzerkia. Bizkaia Zubiak 125 urte hauetan bizitakoa kontatzen du, izan ere, zubia bera izango da obraren protagonista eta narratzaile. Bere eraikuntzatik hasita, gerra aurreko eguneroko bizitza, gerra eta errepresio urteak kontatzen ditu, gaur egunera heldu arte.

Sardinerak 1
Sardina saltzaileak

Proiektuaren ezaugarririk nagusiena da herritar guztiek parte hartzeko aukera izan dutela, nahiz eta herriko elkarte kulturalek babestu eta lagundu, dantzariek, antzezleek, musikariek eta abeslariek banan-banan erabaki dute parte hartu edo ez. Horrela, 250 partaide baino gehiago bilduko gara oholtza gainean igande honetan.

Labeetako langileak
XIX. mende amaierako labeetako langileak

Hori guztia antzezteko, bertsoekin batera, dantzak ere asko kontatuko digu, gure herriaren historiaren parte eta gure izatearen adierazle baita. Gure jaietako solasaldietan agertzen zaizkigun vals-ak edo Portugaleten hain maitatuak diren habanerekin batera agertuko zaigu erritualki egiten zen sokandantza, kasu honetan emakumeek bakarrik dantzatua. Tradizioz heldu zaizkigun dantzez gain,  sorkuntzari ere lekua eman diogu. Horrela, makil dantza baten bidez Gerra Zibileko pasarte bat irudikatuko dugu, Juan Antonio Urbeltzek bere ikerketetan landutako “makilen esgriman” oinarritua. Amaitzeko, ezpatadantzari utziko diogu lekua, ikuskizunerako propio sortu den Zubipeko Ezpatadantzari hain zuzen ere.

Burgesak
Getxoko aristokratak eta burgesak

Lehenengo aldia da Portugaleten tankera honetako herri ekimena egiten dela, baina antolatzaileek argi dute hau ohitura eder baten hasiera baino ez dela. Aurrerantzean ere, beraz, izango dugu euren berri!

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Portugaleteko herri antzerkia

Portugaleteko herri antzerkia